Irunek bat egin du azaroaren 25ean ospatzen den Emakumeen Kontrako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunarekin. Egun osoan euria atertu ez arren, eguraldi txarrak ez zuen eragotzi hiri osoan emakumeen kontrako indarkeria gaitzesteko antolatutako ekitaldiak egitea.
Azaroaren 25eko lehen ekintzak Zabaltza plazako kioskoan egin ziren Bigarren Hezkuntzako bost ikastetxe publikotako ikasleen eskutik. Irungo Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxe publikoetako ikasle eta irakasleek indarrak batu zituzten emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako aldarrikapen bat zabaltzeko. Eguraldiak ez zuen lortu Plaiaundiko Gizarteratze graduko ikasleek antolatutako ekintzak zapuztea eta Hirubide, Toki Alai, Txingudi Ikastola eta Eguzkitzako ikasleek Zabaltza plazako kioskoan aterpea aurkitu zuten. Emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako mezuak eta aldarrikapenak irakurtzeaz gain, indarkeria mota horrek utzitako biktimak oroitu zituzten.
Azaroaren 25eko eguerdiko 12:00etan, berriz, udalbatza, hiriko emakume elkarteak eta bestelako eragileak San Juan plazan egindako elkarretaratzean batu ziren. Bertaratutakoak, ohiko moduan plazan bildu ordez, Irungo udaletxearen arkupeetan elkartu ziren. Elkarretaratzeaz gainera, azaroaren 25ean udaletxeko balkoian puntu morea ipini zen, egun horretan bertan adierazpen instituzionala zabaltzeaz gainera.
Eguna amaitu aurretik, Zabaltza plaza pareko errepidean, performance bat egin zen. M8 Asanblada Feministak antolatuta, gorriz eta beltzez jantzitako emakume talde batek aurten Euskal Herrian eraildako 5 emakumeak irudikatu zituzten. Ekitaldia amaitu aurretik irakurritako manifestuan, minutu bateko isiluneen ordez, emakumeek jasaten duten indarkeria desagerrarazteko instituzioen eta gizarte osoaren konpromisoa eskatu zuten.
Egun bakarretik harago
Irungo Udaleko Berdintasun Zerbitzuak zein hiriko emakume elkarteek hainbat jarduera antolatu dituzte azaroko hilabetean zehar Emakumeen Kontrako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunarekin loturik. Zehazki, Bidasoko Elkarte Feministak, Gaurko Andrea Berdintasunaren Alde eta Parean elkarteak egitasmoen antolaketan buru-belarri inplikatu dira. Ekintza horietako batzuk hilabete osoan zehar hedatu dira, esaterako Irungo Udalak sare sozial, bandera eta abarren bitartez abiatutako multimedia sentsibilizazio kanpaina. Sentsibilizazio kanpaina horren lehenengo mugarria ekainean egin zen eta azaroaren 25aren harira berriro jarri da martxan.
Egitarauko beste ekitaldi nagusietako bat azaroaren 27an Ficoban egindakoa izan zen. Izan ere, Irun Beldur Barik ikuskizunaren barnean, lehiaketako sarien banaketa egin zen.
Elkarteen ekarpena
Bidasoaldeko Elkarte Feministak azaroaren 20an Palmera Montero Gunean, “Ez nazazu asko maita, maita nazazu hobeto” mahai ingurua egin zuen. Era berean, hiriko adinekoen lokaletarako jarduerak aurreikusi zituen elkarte horrek, hala nola tailerrak eta “La vida empieza” hoy filmaren emanaldia prestatzeaz gainera. Anakako, Palmera Monteroko, San Migueleko, Belaskoeneako eta Behobiako adinekoentzako udal espazioetan hilabete osoan zehar Sexualitatea zahartzaroan edo Tuppersex bezalako ekintzak egin dira Raquel Calvo sexologoaren eskutik.
Gaurko Andreak elkarteak, berriz, “Violencia de género en la tercera edad y juventud” hitzaldia antolatu zuen, Bizitu elkarteko Inma Mataren eskutik, hilaren 26an elkartearen egoitzan egin zena.
Azkenik, Parean Elkarteak Asun Casasola kontakizun sariketaren VII. edizioa jarri du martxan, lehiaketarako gai berria “Abisatu iristean” izango delarik.