Dora Salazarren Venus, Printzesak erakusketa hartuko du arte aretoak, maiatzaren 15era arte
Emakumeen Nazioarteko Egunaren atarian, emakumezko artista baten erakusketa inauguratu dute Irungo Udalak eta Kutxa Fundazioak, Menchu Gal aretoan. Dora Salazar eskultore nafarraren Venus, printzesak erakusketa ikus daiteke Urdanibia jauregian dagoen arte gunean, maiatzaren 15era arte. Ostiraletan eta larunbatetan 18:00etatik 21:00etara zabalduko dituzte aretoko ateak. Igandeetan eta jai egunetan, aldiz, goizez bakarrik, 11:30etatik 13:etara.
Emakumezko artistak topatzea zaila izan da urtetan. 1980ko hamarkadatik aurrera hasi ziren nabarmentzen. Eskulturaren kasuan, bereziki, berantiarra izan da emakumeen agerraldia. Hori dela eta, salbuespenetako bat da Dora Salazar Euskal Herriko artearen panoraman, Esther Ferrer, Cristina Iglesias edo Gema Intxaustirekin batera. Altsasuarra sortzez, EHUn egin zituen Arte Ederretako ikasketak. Doktoregoa, eskulturaren inguruan burutu zuen. Bilbon bizi da gaur egun, baina jaioterrian, Altsasun dauka estudioa. Euskal Herri osoko museoetan topa daitezke bere obrak, baita herri batzuetako kaleetan ere. Ezagunenetako batzuk, Zarauzko malekoian dauden eskulturak dira.
“Emakumezko artistei merezi duten ikusgarritasuna emateko baliatu nahi dugu erakusketa”
Juncal Eizaguirre, Kultura arloko ordezkaria
“Bere lanari eta artea interpretatzeko modu filosofikoari esker, ekarpen handia egin dio euskal eskulturari”, baieztatu du Elena Elbusto erakusketako koordinatzaileak. Eskulturaren arloan erreferentea delako hautatu du Irungo Udaleko Kultura arloak. Baina ez horregatik bakarrik. “Emakumezko artistei merezi duten garrantzia eta ikusgarritasuna emateko baliatu nahi dugu erakusketa”, azaldu du Juncal Eizaguirre Kultura arloko ordezkariak. Emakumezko artista baten izena darama, gainera, Irungo aretoak. Erakusketaren bidez, Menchu Galek hasitako bideari jarraipena emateko egin duen ekarpenarekin pozik dago Dora Salazar: “Emakumeen kate horri segida ematea interesgarria iruditzen zait”. Espazio txikia bada ere, atsegina iruditzen zaiola aitortu du artistak.
Giza gorputzarekin lotutako 12 pieza
Aretoa txikia delako, hain zuzen, 12 eskultura besterik ez dituzte jarri. “Ez dugu aretoa gehiegi bete nahi izan”, argitu du Elena Elbustok: “Salazarren eskulturak duen arintasunaren kontzeptua errespetatu nahi izan dugu”. Piezen kokapenarekin eta aukeraketa horrek sortu dituen ondorioekin gustura gelditu da Salazar. Beti izaten baitu eragina. Eta ez edonolakoa, eginera: “Eskulturak beste leku batean ikusten dituzunean, itxuraldatu egiten dira”. Sokaz, larruz, altzairuz eta kobrez egindako eskulturak dira. Pieza zaharrenak 2008koa dira, eta berrienak 2016koak. Giza irudiak dira denak, emakumezkoenak. “Giza irudia lantzeak, eskultura klasikoa gogorarazten du, nolabait. Baina eraikitzeko moduak beste norabide batzuetatik eramaten du Salazarren obra”, adierazi du Elena Elbustok.
“Eskulturak beste leku batean ikusten dituzunean, itxuraldatu egiten dira”
Dora Salazar, eskultorea
“Identitatearen eraikuntzari eta emakumearen rolei buruzko hausnarketa da”
Ana Abalde, Kutxa Fundazioko kidea
Dora Salazarrek ez du pista handirik eman nahi izan. Ana Abalde Kutxa Fundazioko erakusketa aretoetako zuzendariak egin du, bere ordez: “Identitatearen eraikuntzari buruzko hausnarketa da, eta emakumeak egungo gizartean dituen rolei buruzkoa. Gai horien berrikuspen kritikoa egitera bultzatzen gaitu Salazarren lanak”. Artista nafarraren eskulturen atzean dagoenari buruzko xehetasunen berri izateko, ostiral goizetan egingo dituzten bisita gidatuetan parte hartzeko aukera dago. Interesa duenak astebete lehenago abisatu beharko du, SAC/HAZ bulegoan.