Martindozenea Gaztelekuak Emilie Filgueira artistaren lanak hartuko ditu abenduaren 3ra arte. Gazteartean Expo programaren bitartez artista irundarrak bere sorkuntzak erakusteko aukera topatu du. Emiliek erretratuak eta bodypainting teknikaz eginiko makillajeak bildu ditu “El color de tu mirada” tituluarekin.
Noiz hasi zinen arteaz interesatzen?
Haur hezkuntzan nengoenean hasi nintzen marrazten. Hainbesteraino, non eskolatik deitu baitzieten gurasoei, gainerako haurrek aurpegi bat margotzeko bi puntu, zirkulu bat eta irribarre bat erabiltzen zituzten bitartean, nik jada betileak, bekainak, hortzak eta abar marrazten bainituen. Beti gustatu izan zait pertsonak marraztea, bereziki emakumeak, nahiago izan baitut jendea erretratatzea paisaiak marraztea baino. Eskolan arte plastikoetara joatea gustatzen zitzaidan, baina ez naiz inoiz marrazketa edo pintura eskoletara joan. Pixkanaka-pixkanaka, nire erretratuak hobetzen joan naiz, eta 14 urterekin, gutxi gorabehera, erretratu errealistak lapiz egiten hasi naiz.
Nola lortu duzu Gazteartean Expo programan parte hartzeko aukera?
Irungo Udaleko Gazteria sailetik jarri ziren nirekin harremanetan, Instagrameko nire kontuen bidez ezagutu baininduten. Bertan, Irungo beste neska bat jarraitzen dut, Micrisantemo, eta bera izan zen kultura arlokoei nire sorkuntzei buruz hitz egin ziena. Nire erretratuak ikusi zituzten, bai arkatzez eginak, bai kolorez margotuak, eta horrela konturatu ziren horietaz gain, makillaje artistikoko lanak ere egiten ditudala. Txikitatik asko gustatu zait makillatzea eta mozorrotzea pertsonaiak sortzeko. Horregatik erabaki genuen erakusketan bi lan ildo horiek erakustea.
Artista hasiberrientzat erraza da erakusketak egiteko modua topatzea?
Nik ez nekien Irunen horrelako programarik zegoenik. Kultura arloaren proposamena iristen zaidanean, ustekabean harrapatu ninduten, baina proposamenak ilusio handia egin zidan. Iruditzen zait programa hau aukera paregabea dela Irungo sortzaile guztientzat, eta oso ondo dagoela gazteentzat. Nik orain arte ez nuen ezagutzen, eta uste dut gehiago bultzatu beharko litzatekeela mundu guztiak ezagut dezan.
Zergatik erabaki duzu erakusketari “El color de tu mirada” titulua ipintzea?
Ezinbestekoa iruditzen zait izenburuan kolore hitza agertzea, garrantzi handia ematen baitiot koloreari nire lanetan, makillajean edo argazkien edizioan. Kontrasteak eta argiak asko zaintzen saiatzen naiz. “El color de tu mirada” izenburuaren bidez, margotzea gustatzen zaidana islatu nahi izan dut, begiei garrantzi handia ematen diedalako, erretratu bati bizia ematen diotenak baitira.
Zer ikus daiteke Gaztelekuko erakusketan?
Erakusketa bi zatitan banatuta dago. Beheko solairuan nik egindako makillajeak daude, eta, horretarako, bakoitzaren argazki adierazgarri bat aukeratu dut. Batzuetan nire argazkiak dira, edo lan egiteko erabili ditudan modeloenak. Lan horietan, nire ustez, sekretua ez dago makillajean bakarrik, baita argazkia nola atera den ere. Lehenengo solairuan, aldiz, nire marrazki tradizionalenak daude ikusgai, lapitzez edo pinturaz eginak. Beraz, behean daude lan digitalak eta goian tradizionalenak.
Erraza izan da erakusketa berean izaera desberdineko lanak biltzea?
Bai, oso. Niretzat makillaje bat mihise baten gainean margotzea bezala da, modu berean lan egiten dudalako. Jendea erakusketa ikustera hurbiltzen bada, lehen solairuko lanekin ikusiko dute ez direla bodypainting makillaje arruntak, artistikoagoak direla, kolore urtuagoekin edo akabera abstraktuagoekin. Niretzat gauza bera da nire gorputzaren gainean edo paper baten gainean margotzea, eta horregatik emaitza ez da hain desberdina.
Koloreak garrantzi handia al du erakusketa horretan?
Hori da. Argazki batzuetan kolore bakarrarekin lan egiten dut, adibidez, itsas urdinarekin edo beltzarekin. Beste batzuetan, ordea, kontraste handiak erabiltzea erabaki dut, kolore berdeak eta gorriak agertzen diren irudietan adibidez, kolore osagarriak baitira. Marrazkiekin antzeko zerbait gertatzen da.
Jendeak bodypainting lanen atzean dagoen lan artistikoa aitortzen du?
Ez da ahaztu behar horrelako sorkuntzak egiteko pintatu egin behar dela eta berezitasun bakarra da lana gorputzaren gainean egiten dela. Makillajean ere koloreekin eta lerroekin jolastea da kontua, eta, horrela ikusita, lan artistikoa argi ikusten da. Jendeak askotan ez du ulertzen argazki bat hartzeko ez dela botoi bat bakarrik sakatzen. Funtsean, argia, atzeko aldea edo ostean datorren edizioa ere lantzen dira, eta gauza horiek guztiak azken emaitzaren parte dira.
Erakusketa honetan badago zuretzat esanahi berezia duen lanen bat?
Asko daude, zaila da bat aukeratzea. Gehien gustatzen zaidana Carol filmeko Cate Blanchetten profilezko erretratua da, telefonoz hitz egiten duen bitartean. Atsegin dut, aldi berean oso erretratu errealista eta oso abstraktua delako. Ilusio handiz egin nuen lan hori, eta maitasun handia diot oraindik.
Gustatuko litzaizuke orain arte erabili ez duzun beste teknika artistikoren bat probatzea?
Bai, pastela margotzen probatzeko gogoa dut, bai pastel lehorra, bai pastel koipetsua. Denbora daramat probatzeko gogoz, baina ez dut inoiz momentua aurkitzen, ezagutzen dudana erabiltzera jotzen dut beti, niretzat erosoagoa delako.
Zure burua artista lanetan ikusten duzu etorkizunean?
Izugarri gustatuko litzaidake, betidanik egin izan dudan zerbait baita. Baina ez da gauza bera zaletasunagatik egitea edo horrela bizimodua atera behar izatea. Ni oraintxe bertan higiezinen enpresa batean ari naiz lanean eta pilates klaseak ematen ditut. Izan dezakedan denbora libre gutxian margotzen dut. Artista profesional bihurtu ahal izateko, aukera handi bat izan beharko nuke, nire egungo zereginetako batzuk alde batera utzi ahal izango nituela bermatzeko.