Emozioen erregulazioa ezinbestekoa da haur eta gazteak zoriontasun bidean ipin-tzeko. Hona zenbait pista adimen emozionala garatzen laguntzeko:
• Giro egoki bat landu behar dugu emozionalki seguru senti dadin. Haurrak bere sentimendu eta emozioak adierazteko espazio bat baduela sentitu behar du. Ondorioz, helduok haurra edozer gauza eginda edo esanda ere, den bezala maitatu behar dugu eta aintzakotzat hartu, laguntzen ahaleginduz. Hezkuntza seguru batek sentsibilitatea, disponibilitatea eta eskuragarritasuna eskatzen ditu.
• Txikitatik haurrei erakutsi behar zaie sentitzen dutena hitzez adierazten. Kon-tzeptu emozionaletan ere hezi behar ditugu. Adibidez: haur txikiek gauzak zer diren galdetzen dute eta guk erakusten diegu: “Hori haritza da eta ezkurrak ematen ditu”. Emozioekin berdin egin behar dugu: otsoaren ipuina kontatzean beldurra sentitzen badu, “zer sentitu duzu?” galdetu eta hori beldurra dela adierazi behar diogu. Emozioa sentitzean ere, “zeren beldur zara?” Horrela emozio ezberdinak eta egoera ezberdinetan izendatzen jakingo du: Haserre nago! Pozik nago! Beldur naiz!
• Emozioak izendatzeak onartzen eta ulertzen lagunduko dio. Emozioak senti-tzea normala dela ohartarazi behar diogu. Mezuak argia izan behar du: “Zer, haserre zaude? A! haserretzea normala da, ni ere haserretzen naiz.”
Haur handiagoei esplikazio zabalagoak eman ahal dizkiegu: haserretzen gara zerbait edo norbait defendatu nahi dugulako, beldurtzen gara gure burua babestu nahi dugulako, triste gaude gertatu zaiguna onartzeko denbora behar dugulako….
Haurrak bi urte bete arte, berriz, erregulazio emozionala helduaren gorputzaren bidez egiten da: besarkada lasaiak, begirada maitagarri eta erlaxatuak, abesti goxoak, kulunka erritmikoak…
• Haurrari ez diogu “ez beldurtu” esan behar. Sentimendua ez da joango guk ez sentitzeko esaten badiogu ere. Askotan maite dugun haurra babesteko esaten ditugu halakoak, baina horrela ez diogu laguntzen. Emozioak ez onartzeko joera areago diezaiekegu eta duten energia ez da era zuzenean bideratuko. Emozioak baimentzen ez badizkiegu, maiz haurrek somatizatzen dituzte: buruko edo tripako minak, pixa edo loaren nahasketak..
• Haurrak emozioak sentitzea normala dela ikusi behar du, baina argi edukiz horrek ez duela eskubiderik ematen edozer gauza egiteko edo emozio horretan luzaz geratzeko. Haserretzean ez da jo behar; beldurra normala da, baina gainditzen ikasi behar dugu; poza ona da eta pozten gaituzten gauzak bizi behar ditugu, baina ondokoa kontuan hartuz. Intentsitatea eta iraupena erregulatu behar dira: ezin ditugu gauzak bota haserre gaudelako, ez eta triste gaudenean egunak triste pasa ere. Gizarteak arauak ditu eta denok ongi konpontzeko betetzea ezinbestekoa dela helarazi behar zaie. Honetarako, enpatia funtsezkoa da: besteen emozioak uler-tzeko eta lekuan jartzeko ahalmena da.
• Aipatu ditugun puntuak lantzen badira, emozioak sortzen duen energia era positiboan bideratzen ikasiko du, bere buruarekin ongi sentitu eta maila sozialean onartuta. Hartara, estrategia ezberdinak daude eta esperientziak asko laguntzen du. Hala ere, emozioak erregulatzen ikasteko aipatu ditugun pausoak ematea fun-tsezkoa da. Emozioak izendatuz, onartuz, ulertuz eta mugak ikusiz erregulatzen dira.
• Bestalde, argi utzi nahi nuke ez dugula hau egun batetik bestera ikasten, bizitza guztian zehar baizik; ondorioz, inguruan ditugun haurrek maiz beren emozioak erregulatzen ez dituztela ikusten dugu. Nork ez du oihu egin ala atea indarrez itxi haserretzean? Edo zerbait egiteari utzi beldur ginelako? Norbaitek inbidia eman eta hitz itsusiak esan per-tsona horri buruz?
Beraz, izugarrizko garrantzia du haurrek emozioak erregulatzen ez badituzte ez errudunarazteak. Kulpa emozioa da, baina kulpabilizazioa beste kontu bat da; min handia ematen du norberaren nortasunean. Huts egitea beharrezkoa da ikasteko.
• Azken puntu izugarri garrantzitsua helduoi dagokiguna da. Nola ikasten du haurrak aipatutako guztia? Nor da bere eredua? Helduok gara beraien eredu. Haurrak gu begiratuz eta gurekin erlazionatuz ikasten dute nola jokatu emozioen aurrean. Helduok ere, jakina, ez ditugu beti emozioak behar den bezala bidera-tzen. Guk ere, haserretzean, sarri oihu egiten dugu edo hitz desegokiren bat esan, baina barkamena eskatzen badugu haurrek izugarri ikasten dute. Nola eskatuko digu haur batek barkamena guk inoiz eskatu ez badiogu?
Beraz, lagun, segi dezagun saiatzen, emozio positiboen bidean zoriontsu senti gaitezke eta; hori bai, hutsak bizitzaren zati direla ahaztu gabe. Munduak erratzeko beldurrik ez duen jende gehiago behar du!!!
Izan untsa!!!
MAPI URRESTI ORTIZ
kuttun@kuttun.net