Emozioak kontrolatu behar al dira?

emocionesPertsonon bizimodua azkar doa eta hamaika betebeharren artean ez dugu astirik izaten gelditu eta hausnartzeko, ez gure burua entzuteko, ezta gure ingurukoak entzuteko ere. Eginbeharren eta arduren menpe bizi gara eta askotan nola sentitzen garen aztertzeko denborarik ez dugu izaten. Egoera eta emozio pila bat bizitzen ditugu eta askotan barnean gordetzen ditugu, non gelditzen diren ohartu gabe. Maiz emozioak kontrolatzen ditugu; baina emozioak kontrolatu behar al dira? Zer gertatzen da emozioak gordetzen ditugunean?
Goizean jaiki eta lagunak eman ez dizkigun muxuak, aparkatzeko lekurik ez aurkitzeak sortu digun haserrea, lankidea talasora asteburu pasa joan dela jakiteak sortu digun inbidia, beste lankideen oihuak. Emozio hauek guzti hauek egunean zehar kontrolatu ditugu, baina gero non ateratzen dira? Eta nola ateratzen dira?
Gehienetan etxerako bueltan konfiantza gehien dugun pertsonari (bikotekide, guraso edo haurrei) ordainarazten diogu, txikikeriaren bat dela eta; edo bestela emozioak barnean gordeta geratzen dira (oso onak izateko hezi gaituztelako) eta azkenean gure gorputzean islatzen dira: tripako edo buruko minak, arazoak, ile erortzea…

Eta haurrek gauza bera egiten dute?

Haur txikiak oso azkarrak dira, eta gertaera emozionalak bizitzerakoan konfiantzazko heldu batek jasotzen ez baditu, geroago hurbiltzen dira eta beraien negar eta penen bidez gaizki sentitzen direla adierazten dute. Maiz bizi izan ditugun adibideak azalduko dizkizuet, honen adierazle:
h Haurra erori da eta mina hartu du, baina heldua ez dagoenez helduarengana isilik doa eta iristerakoan negar egiteko gai da.
h Ez dut ahaztuko nire ilobaren egokitzapen garaian haren bila joan eta “ez dut negarrik egin” esatean nik lasai negar egin zezakeela esatean bota zituen negarrak eta gero bi minutuetara sentitzen zuen zoriona.
Bai, maiz haurrengandik ikasi beharko genuke. Haurrak beren senetik hurbil daude eta emozioak kanporatzen dituzte naturaltasunez. Hizkuntza erabiltzen duten arte ez dira gai hitzez nola sentitzen diren adierazteko, eta beren emozioak adierazten dizkigute, ez baitute gelditzeko eta gertatzen zaienaren kontzientzia hartzeko garapen edo heldutasunik.

Baina hurbil duten heldua eskuragarri eta entzuteko prest ez badago, zer gerta daiteke? Eta helduok gu geu nola gauden ikusteko (edo norbaiti nola gauden adierazteko) tarterik har-tzen ez badugu, eskuragarri eta besteak entzuteko prest egon al gaitezke?

Zer egin, beraz?
Bizimodu azkarrak ez digu gelditu eta hausnartzeko aukerarik eskaintzen, baina bilatu behar ditugu :

h Gure emozioak egunerokotasunean entzun, haiekin bat egin. Egunean zehar momentu emozionaletan tarte laburrez gelditu eta kontzien-tzia hartu. Beti ezin dugu ekintza bat bideratu, baina bai emozioa onartu, ulertu eta harekin bat egin, gurea delako.
h Emozio positiboak bideratu; pozten gaituzten gauzatxo txikiak sortu (lagunarekin kafe bat, parketik bueltatxo bat, lankidearen txiste edo irribarre bat, irakurketa labur bat eguzkipean…) eta ondokoek (edo naturak) ematen dizkigutenaz gozatu.
h Etxerako bueltan egunaren gogoeta labur bat egiteko denbora hartu: gertaera edo emozioen laburpentxo bat egin eta nola gauden aztertu. Horrela etxera iristean ez dizkiegu gure haserreak edo kezkak konfiantza gehien dugun pertsonei egotziko.
hTarte bat hartu gure bikote edo lagunari nolako eguna izan dugun adierazteko.

Puntu hauek ez dira betebehar gisa zerrendatu eta ordenatu behar: ideiak hartu eta eramaten utzi, haur txikiak bezalaxe gure sena naturalak horretara eramaten baikaitu. Emozioak kontrolatu beharrean erregula ditzakegu; sentitu, ulertu eta onartzeak dakar erregulazioa.
Eta horrela…
Prest egongo gara gure inguruko haur eta helduek emozio eta sentimenduak jasotzeko, ingurukoen ongizatea eta zoriontasuna bideratuz. Gure entzute eta zorionetik besteen entzute eta zorionera, eta horrek berriro gure ongizatea eta zoriona bideratuko du.
MAPI URRESTI ORTIZ
kuttun@kuttun.net

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude