Espainiako Federazioak duela gutxi Sonia Etxezarreta kirol-gunea Errendimedu Handiko Kirol Teknifikazio Zentro bezala izendatu du. Endika Díez, egun Espainiako txapelduna den mahai-tenis jokalariak, Leka Enea klubaren nobedadeak laburbildu ditu.
Suediatik iritsi berri zara. Zertan ibili zara bertan?
Espainiako Kirol Kontseilu Gorenak Sonia Etxezarreta kirol-gunea kirol-teknifikazio zentro bezala errekonozitu du eta hori oso berri ona da guretzat. Orain, Suediatik itzuli berri naiz, izan ere, bertan lehenengo mailan jokatzen ari naizelako. Suediako liga da Europan martxan dagoen liga bakarra. Hain zuzen ere, bertako herritarren jarrera ikusita, osasun krisialdi baten erdian gaudela gezurra dirudi, inork gutxik erabiltzen baitu egun Suedian maskara eta kirol txapelketek ohiko erritmoa jarraitzen dute.
Gainontzeko txapelketak bertan behera dauden bitartean, zure bizimodua mantentzeko aukera bakarra Suediara Txapelketan parte hartzea da, ezta?
Bai, jokalari profesional gisa, hauxe izan da momentuz behintzat aurkitutako irtenbide bakarra.
Zein da momentu honetan klubak bizi duen egoera?
Egoera hau guztioi eragiten digu, ondorioz, estatu mailako klub guztiak gure egoeran edo antzekoan daude. Jokalari atzerritarrak haien etxeetara itzuli behar izan dira eta horretarako aukera dutenek bidaiatzen dute soilik. Espainian, adibidez, ez gara liga hastera ere iritsi.
Kirolari eragiten dion krisialdi honen erdian, nola prestatuko duzue Europako Txapelketaren hasiera?
Printzipioz, gurekin jolastuko dute Egiptoko jokalari bat eta aurreko urtean gurekin ibili zen jokalari errusiar bat fitxatuta dauzkagu. Egoera oso aldakorra denez, ordea, oraindik ez dugu guztiz argi Europan zehar bidaiatzeko aukerarik izango ote duten. Champions Leaguea jolasteko asmoa dugu, baina, posible izango ote den ikusteko dago oraindik.
Nola ikusten duzu talde aurreko urtearekin alderatuta?
Talde indartsua dugula esan dezaket. Dani Palacios nire taldekidea, mutil gaztea da eta urte batetik bestera hobetuz doa. Hainbeste jokalari atzerritar izan ordez, bertako jendea hobetuz doala kontutan hartzekoa dela iruditzen zait.
Espainiako Txapelketa airean dago oraindik?
Bai, lagunek horrekin lotutako txantxa errepikatzen didate behin eta berriro. Haien esanetan, behin Espainiako Txapeldun titulua lortu dut eta titulu hori denbora luzeagoan izango duen pertsona izango naizela esaten didate. Txapelketa jokatzen ez den bitartean, Espainiako Txapelduna izaten jarraituko dut. Hala ere, lehenago edo beranduago txapelketa jokatuko dela pentsatu nahi dut.
Espainiako Txapelketa irabazi zenuen eguna modu berezian gogoratzen duzu?
Bai, oso berezia izan zen. Aitatasuna estreinatu berria nuen eta nire urtebetetze eguna zen. Gainera, emaztea amatasun bajan zegoenez, Granadako torneoan emaztea, alaba eta emaztearen familia bertakoa denez, alboan izan nituen txapelketan.
2007tik Irungo klubarekin jokatzen duzu. Zerk eman dizu Irunek hemen gelditzeko?
Lehenik eta behin jokalari profesional bihurtzeko aukera eman zidan. Bestetik, modu ezberdin batean entrenatu eta hobetzen joateko aukera izan dut. Izandako laguntza klubari noizbait itzuli ahal izatea espero dut.
Zein egoeratan aurkitzen da Leka Eneako emakumezkoen taldea?
Joan den urtean ligan bigarren postuan zeuden, eta Europako Txapelketako finalaurrekoak jokatzeko zituzten. Egoera dela eta, antolakuntzak lauei garaipen titulua ematea erabaki du eta haien lorpenengatik soberan merezitako postua dela esan daiteke. Taldea zalantzan egon arren, etxeko jendea hor dago beti eta fitxaketaren bat aurreikusita dago.
Zein da Leka Enea klubaren erronka urte honetarako?
Aurtengo erronka nagusia klubeko jokalari guztiei zerbitzua ematea da, une honetan edukiera murriztapenen ondorioz nahiko konplikatua baita hori. Hortaz gain, antolatzen diren txapelketa guztiak irabazten ahaleginduko gara, klubean maila oso ona baitugu.
Leka Enea mahai-tenisaren goi mailan egonda, hirian lorpenen errekonozimendua nabaritzen duzue?
Bai, Espainiako txapeldun titulua lortu nuenean Irungo Udalak harrera egin zigun eta oso keinu polita izan zen. Gainera, Bidasoak partidu bateko ohorezko sakea egiteko aukera eman zidan. Hortaz gain, kaletik jendea klubeko kamisetarekin ikusten duzu eta geroz eta gehiago jendeak klubean izena emateko gogoak dauzkala ikusten dugu.
Zenbat zarete klubean?
Joan den urtean astero 100 pertsona igarotzen ziren gure klubaren instalakuntzetatik. Aurten, berriz, egoera konplikatuagoa da. Hasieran Eskola Kirola egitea debekatuta zegoen eta beranduago horretarako aukera eman da. Hortaz gain, edukiera oso mugatuta dago eta guztiek kirola praktikatu ahal izateko ordutegiak antolatzea konplikatua da.
Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai.