Enheduanna, Historiako lehen autorea

Disk_of_Enheduanna_(2).jpg (2737×2615) (wikimedia.org). Enheduannaren Diskoa moduan ezagutzen den irudi honetan bere gurtza betebeharrak betetzen ikus dezakegu (eskuinetik hirugarrena). Disko hau Leonard Woolley arkeologoak aurkitu zuen 1926an.

Annie Ernaux izan zen iaz Literaturako Nobel Sariaren irabazlea. Gaur asko dira beren esperientzia pertsonalak −alai baina mingarriak, ilun zein eguzkitsuak− idazkeraren bidez plazaratzen dituzten emakumeak; eta Historian zehar ere aurki ditzakegu, han eta hemen, hainbat literaturagile bikain, hala nola Lesboseko Safo, Brontë ahizpak eta Toni Morrison. Alabaina, guzti hauek baino lehen, duela 4300 urte, bizi izan zen Enheduanna, Historiako lehen emakume idazlea.

Enheduanna K.a. 2300 urte inguruan jaio zen Akkaden, gaur egungo Iraken erdialdean. Garai hartan Mesopotamia, Tigris eta Eufrates ibaien arteko lurralde emankorra, bitan zegoen banatuta: Sumer hegoaldean, eta Akkad iparraldean. Aspaldidanik zebiltzan hegoaldeko hiri-estatuak elkarren kontrako borroka etengabean, guztiak nagusitasuna lortu nahian. Baina K.a. 2334an (1) Sargon Handiak, Enheduannaren aitak, guztiak bere agintepean bateratu eta historiako lehen inperioa sortu zuen: Inperio Akkadiarra.

Lehen inperio honek Sargonen esku utzi zituen Mesopotamiako lur guztiak. Baina hegoaldeko hiri batzuek ez zuten haren boterea onartu nahi eta akkadiarren kontrako matxinadak bultzatzen zituzten behin eta berriro. Ur hiriestatua zen haien arteko oldarkorrenetakoa. Baina Sargonek bazekien haien aurkako gerra hasten bazuen beste hiri asko ere kontran jarriko zitzaizkiola.

Ezpata albo batera utzi eta egoera gatazkatsu hura diplomatikoki konpontzeko, Sargon Handiak bere alaba bidali zuen Ur-era, Nanna, hiriko jainkosa nagusiaren gurtzako kargu nagusia betetzera. Garai hartan jainko-jainkosen tenpluak botere politiko zein ekonomikoaren erdiguneak ziren: bertan erabakitzen zen zergen pisua, jaiegunak, gurtza ohiturak, etab. Ondorioz, kargu honek aginte ahalmen handia esleitzen zion Enheduannari.

Botere hau, baina, ez zen zama-gabea. Sargon hil ostean (K.a. 2279) Ur hiriko beste jeneral batek, Lugal-ane izenekoak, estatu kolpea eman zuen. Hala, Enheduanna hiritik bota zuten akkadiar boterearen zantzu oro ezabatzeko. Nolanahi ere, zenbait urte geroago, bere ilobak, Naram-Sin erregeak (K.a. 2254-2218), inperioa berriz ere indartu zuenean, Enheduannak bere kargua berreskuratu zuen.

SargonI.png (704×500) (wikimedia.org) Akadiar Inperioa Sargonen erreinaldian (K.a. 2334-2279).

Erbestean pasa zituen urteetan apaiz-printzesak bere eginkizun politikoekin jarraitu zuen, eta akkadiar dinastiaren interesak defendatzeko Inannaren Gorespena (2) poema epikoa idatzi zuen. Liburuaren helburua Mesopotamiako bi lurraldeetako kultu erlijiosoak bateratzea zen, horrek inperioaren batasuna erraztuko zuelakoan. Baina horrez gain, Enheduannak erbesteratua izan zenean bizitako esperientzia pertsonala ere islatu zuen.

Historiako idazki zaharrenak K.a. V. milurteko Uruk hiriaren aztarnategian aurkitu ziren. Mesopotamian bertan. Baina idazkeraren lehen adibide hauek taulatxo administratiboak baino ez ziren, tenpluek zergen kontuak errazteko sortuak. Denborarekin Gilgameshen epopeiaren gisako kondaira ederrak ere asmatu zituzten mesopotamiarrek, garaiko biztanleei iraganeko ipuinei buruz amets egiteko aukera ematearren. Baina hauen egileak ezezagunak zaizkigu, izan ere, kondaira hauek belaunaldiz belaunaldi ahoz errepikatu eta eraldatzen ziren eskriba anonimoren batek idatziz jaso arte.

Enheduannak aldiz Inannaren Gorespena poeman bere istorioa lehen pertsonan kontatu zuen, eta beraz, egungo Irak hegoaldean jaiotako emakume hau dugu historiako lehen autorea.

 

Leire Lizarzategui

 

(1) Sargonen bizitza eta erreinaldiaren data zehatzak eztabaidatuak dira. Hauek Errioxako Unibertsitateko Antonio Pérez-Largacha irakasleak Historia antigua de Egipto y del Próximo Oriente eskuliburuan proposatutakoak dira.

 

(2) Lan honetaz gain, Enheduannari garaiko mitologia garatzen lagundu zuten beste bi poema epiko (Ereserkia Inannari; Inanna eta Ebih) eta 42 himno erlijiosoren idazkera ere atxitzen zaizkio.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude