Irungo eta Hondarribiko udalek, Bidasoa bizirik-en bidez, bihar Ficoban egingo den Enpleguaren XXVI. Astea antolatu dute. Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatu du ekitaldia, Bida-LAN 2021 programaren bidez, eta helburua da enpresek lan bila dabiltzan pertsonekin harreman zuzena izatea, eta alderantziz.
Edizio honetan, 2021ean egiten den bigarrenean, 236 lanpostu betetzeko 98 eskaintza dituzten 27 enpresak hartuko dute parte. Horien artean daude, besteak beste, LANBIDE, Nafarroako Enplegu Zerbitzua, Telepizza, Mendibil Elkarte Pedagogikoa, Euskadinpleo, Caser Residencial edo Frantziako ABL Emploi Gipuzkoa eta Leclerq.
Lan bila dabiltzan pertsonei dagokienez, 600 izan dira eskaintzetan izena eman dutenak, eta 226, berriz, Enpleguaren Asterako sarrera libreko eskaera egin dutenak.
“Gaur egun, Bidasoa Behereko langabezia tasa txikia da, aurreko urteekin alderatuz gero. Oraintxe bertan, eskualdean 3.965 pertsona daude langabezian, 2020ko bukaeran baino gutxiago (4.374), eta 2015aren amaieran baino askoz gutxiago (5.423). Hau da, 2015etik langabezia-tasa %14,3tik %10,7ra jeitsi da. Nire ustez, maila askotan zaila izan den urte eta erdi hau eta gero, oso positiboa da langabezia-tasak beheranzko joeran jarraitzea, eta Enpleguaren Astearen moduko jardunaldiek horrela izaten jarraitu dezan lagundu nahi dute”, adierazi du Miguel Ángel Páezek, Bidasoa bizirik-eko presidenteak.
Lan bila dabiltzan pertsonen egungo profilei dagokienez, María Serrano Garapen Agentziako presidenteordeak nabarmendu duenez, “langabezia-tasa handiena duten sektoreak merkataritza eta ostalaritza eta sukaldaritza dira. Hori argi eta garbi islatzen da Enpleguaren Astean, lan-eskaintzetan gehien eskatzen diren profilak honako hauek baitira: eskorga-gidariak, biltegia eta banaketa, harakinak, arraingileak eta, oro har, saltzaileak. Eraikuntza-sektorean ere eskaera handia dago, batez ere Frantziako zerbitzu-enpresen aldetik, baita industriaren eta ostalaritzaren sektoreetan ere”.
Aldez aurretik hitzordua dutenek izanen dute lehentasuna.
Jardunaldia modu ordenatuan egin ahal izateko, lan-eskaintzak Bidasoa bizirik-eko web orrian argitaratuta egon dira aste batzuetan. Hala, interesa zuten pertsonek eskaintza horietan izena eman dute eta enpresek biharko elkarrizketa hitzartu ahal izan dute. Hori dela eta, bihar FICOBAn sartzeko, 45 minutuko sei txanda izango dira, 9:00etatik 13:30era, eta lehentasuna izango dute argitaratutako eskaintzetan izena eman dutenek.
Ordu tarte bakoitzean 60 lagun sartuko dira gehienez, eta kupo hori betetzen bada, ezin izanen da bertara sartu aurretik hitzordua ez duen inor.
Nabarmentzekoa da, azkenik, elkarrizketetarako hitzordua ematerakoan lehentasuna izan dutela Irun eta Hondarribiko udalerrietan erroldatutakoek.
XXVI. edizioa
Urteetan zehar, Enpleguaren Astea sendotuz joan da Bidasoa eskualdean, enpresei eta lan bila dabiltzan pertsonei interesatzen zaien ekitaldi gisa. Horren erakusgarri da enpresa askok edizio bakoitzean errepikatzen dutela, eta parte-hartzea handituz joan dela urteen poderioz, eta, pandemia baino lehen, batez beste berrogeita hamar enpresak hartu dutela parte edizio bakoitzean.
Hala ere, 2020an ezin izan zen Enpleguaren Asterik egin, eta, beraz, berriro ekin zaio 2021ean. Bi ediziotan hogeita hamar bat enpresak hartu dute parte.
“Baina Bidasoa bizirik-eko Enpleguaren Astea Euskadiko azokarik beteranoena da, eta hori ez da kasualitatea. Horrek erakusten du benetan lortu dela beren taldeetan langile berriak sartu nahi dituzten enpresen interesa piztea, bai eta lana bilatzeko edo lehendik dutena hobetzeko beharra duten pertsonena ere. Eta pandemiaren ondoren parte-hartzea murriztu den arren, arrazoi nabariak direla eta, espero dugu 2020 baina lehenagoko zifretara itzultzea, eta horretarako lan egiten dugu”, adierazi du Miguel Ángel Páezek.