
Ekainaren 18an, lokatzetan topatu diren pieza arkeologikoen erakusketa irekiko dugu Oiasso museoan. Bertan I. mendetik XVI. mendera bitarteko bidaia bat egiteko aukera izango dugu. Erakusketaren irekiera, gainera, Europako Arkeologia Jardunaldiak egiteko aitzakia ezin hobea izango da.
Lokatzetatik urrundu izan ohi gara beti. Zikindu egiten du, edota irrist egiteko arriskuan jartzen gaituen elementu honek hainbat izen baditu euskaraz, denek esanahi berbera ez badute ere, hala nola lohi, basa, idoi… Erakusketa honen oinarri nagusia eguneroko bizitzaren piezak badira ere, lokatza izango da denak lotuko dituen protagonista ukaezina.
Gure inguruko arkeologiak ez du Erromatarren garaiko eraikuntza edo monumentu handirik; hala ere, jarduera siderurgikoei, meatze-adierazpenei edo urpean geratutako metaketa arkeologikoei lotutako ondare oso aberatsa du. Aurkikuntzak gureraino heldu dira, material arkeologikoak hezetasun egoeran gorde baitira, alegia, lokatz arteanhainbat kasutan bi mila urtez. Eta lokatzari esker, eguneroko bizitzaren testigu diren hainbat eta hainbat material organikoek biziraun dute, mendeetan barrena.
Arkeologo eta ikerlarien lana ez da samurra, ez horixe! Hainbat kasutan, gure inguru honetan behintzat, indusketak gehienetan kanpoaldean egiten dira, eta ikerlariek eguraldiaren gorabehera guztiak bizi behar izaten dituzte: gupidarik gabeko eguzkia edota euri jasa etengabeak. Gure lurraldean gainera, altxorrik handienak lokatz artean aurkitu izan dira edota lur azpian estalita geratu diren antzinako putzu beltzetan. Bertan jasotako piezek, duela bi mila urte gure inguruan bizi zirenen informazio benetan aberatsa eskaintzen dute.
Oiasso portuko kaien aurkikuntza, garrantzitsua benetan, ondoren etorri ziren beste aurkikuntza askoren hasiera izan zen. Aurkikuntzak portu erromatarraren azpiegitura erakutsi zigun, Iberiar penintsulan topatu den lehena eta baldintza hauetan bakarra da gainera.
Baina portu horretako aurkikuntzak hiri-aglomerazioari buruzko informazio ugari ere ekarri zuen. Hau da, Irungo Santiago kaleko, edota Tadeo Murgiako portuetan, lokatz artean sedimentu arkeologiko ugari aurkitu ziren. Lokatzak baldintza anaerobikoetan mantendu ditu, alegia, hezetasunean eta oxigenorik gabe objektu organiko horiek babestuta mantendu dira, eta horri esker hainbeste urtez iraun dute euren itxura mantenduz. Depositu horiek, normalean, eraikuntza berriekin estali egiten dira, eta lur azpian geratzen dira. Gaur egun, bi metrotik beherako kotan topatzen dira.
“Lokatza, historiaren zaindari” erakusketan Santiago kaleko portua eta Tadeo Murgia kaleko ontzira lekuaz eta bertan topatutako piezez gain, Oiassoko museoa Gijóneko Arkeologia Museoetako arduradunekin aritu da elkarlanean. Gijóneko Tabakalera Fabrikako putzu-depositu batean 2008tik 2009ra bi indusketa egin zituzten. Eta putzu horretako lokatz artean, VI. mendetik VIII.era bitarteko pieza benetan ikusgarriak topatu zituzten: oinetakoak, egurrezko ontzi eta tresneriak, eta aulki bat.
Erakusketa honen bidaia ez da hor amaitzen ordea, hain zuzen ere, Irun, Azpeitia edo Elgoibarreko putzu ba- tzuetan, lokatz artean, Erdi Aroko elementu organiko eta metal noble edo erdi-nobleak topatu ziren. Piezak benetan azpimarragarriak dira, bai egurrezko ontzi edo tresnak, eta zapata edo bota ugari.
Baina arkeologia lana ez da pieza topatu eta ikertzearekin amaitzen, ez horixe! Piezak jasoko ez balute beharrezkoa tratamendua, lokatzetik atera bezain laster desegingo lirateke. Horretarako Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gordailuan zaharberritze eta kontserbazio zentroan tratatu dira. Gordailua Irunen dagoen gune ikusgarria da. Bertan biltegi ikaragarria edukitzeaz gain, zaharberritze eta kontserbazio laborategia ere badute, objektu arkeologikoak eta batez ere elementu organikoak tratatzeko teknologiaz hornituta, eta nola ez, goi mailako adituek dituzten lanok.
Arestian aipatu bezala, erakusketa honetako diren objektu organikoak I. mendetik XVI. mendera arteko eguneroko bizitzaren lekuko dira. Lokatzari esker iraganera bidaia egiteko aukera izateaz gain, erakusketak arkeologoen arteko lankidetzaren garrantzia islatzen du, museoen arteko elkarlana eta arkeologoen prozesu guztiaren zaintzari buruzko pedagogia egin nahi du.
Horretarako adituekin mahai-inguruak antolatu ahal izatea gustatuko litzaiguke. Horregatik, mahai-inguru bat antolatuko da eta bertan parte hartuko dute Mertxe Urteagak (Arkeologoa eta Oiassoko Portuko indusketen zuzendaria) eta Paloma García Díazek (Gijóngo Museoen zuzendaria). Bestalde, neska-mutilentzat Arkeolab tailerrak ere antolatuko dira, eta bisita gidatu bereziak.
Lokatzetan blai busti gabe, gure iraganera gerturatzeko aukera paregabea!