Erraldoiak zaharberrituko dituzte

Edonork parte har dezake Irungo Atseginak martxan jarri duen finantziazio kanpainan

Erraldoien historia berreraikitzeko ikerketa historikoa ere egin nahi dute

Euri zaparradak eta haize ufada indartsuak izan ziren protagonista, joan den ekainaren 28an. Besteak beste, udalaren egitarauan programatua zegoen Mägo de Oz taldearen kontzertua bertan behera gelditu zen. Irungo Atsegina elkarteko erraldoien eta buruhandien konpartsa, berriz, kaleetan zehar ibili zen, zintzo. Erraldoietako bat lurrera erori zen, alabaina, eta kalte larriak jasan zituen. Ezbehar hura baliatuta, zortzi erraldoiak zaharberritzeko erabakia hartu du elkarteak. “Aspaldi egin nahian genbiltzan, eta hura behin-betiko bultzada izan zen”, azaldu du Eneko Calvo Irungo Atsegina elkarteko zuzendaritzako kideak. Edonork egin dezake bere ekarpena, Crowfunding kanpaina martxan jarri baitu elkarteak.

Jende askorentzat, Irungo erraldoiak dira, besterik gabe. Udalarenak direla pentsatzen dutenen iritzia oso zabaldua da. Errealitatea da Irungo Atsegina elkartea dela haien jabea, 1937an, Doña Maria Gal andereak buruhandiekin batera, dohaintzan eman zizkionetik. Lau bikote dira, alkate-alkatesak, baserritarrak, beltzak eta turkoak. Horrelaxe ezagutzen dituzte irundar gehienek. Sanmartzialetan, inauterietan, Euskal Jiran eta beste hainbat ekitalditan ibili izan dira urtero, Irungo kaleetan gora eta behera. “Ahal bezain ondo zaindu ditugu, orain arte. Baina antzinakoak dira, eta egia esan, nahiko kaltetuta zeuden”, aitortu du Eneko Calvok.

Modu ahalik eta profesionalenean zaharberritzeko erabakia hartu du Atseginak, eta horretarako, Iruñeko Esku Artean enpresarekin harremanetan jarri da. Bertan egin dituzten lanetako batzuen berri eman du Calvok: “Donostiako erraldoiak edo Sevillako Aste Santuko pasoak zaharberritu dituzte, besteak beste”. Lehen laginak bidali dizkietenean, Iruñetik esan diete sekulako altxorra dutela. Aurpegien espresioagatik, eta buruen tamainagatik, besteak beste. Baina batez ere, erraldoien eskuek eragin dute zaharberritze profesionalen harridura: “Zedro egurrezkoak dira, eskuz eta banan-banan landuak. Denak ezberdinak”.

Erraldoien jatorria

Irungo Atsegina elkartean bazekiten erraldoiak aspaldikoak zirela. “Guk topatutako argazki batean, Irungo udaletxearen aurrean agertzen dira, 1920ko hamarkadan”. Irunera nola iritsi ziren, alabaina, ezezaguna zen elkartearentzat. Esku Artean enpresak 1896an Bilbon ateratako argazki bat topatu du. Bertan, Irungo erraldoien berdinak diruditen erraldoi batzuk agertzen dira. “Ezin dugu baieztatu erraldoi berberak direnik”, zehaztu du, tentuz, Eneko Calvok. Bilboko Euskal Museoan eman dieten informazioaren arabera, Basterra eta Larrea artisauek egin zituzten erraldoien eskuak eta buruak, 1895ean. “Nebulosa bat dago ondoren, batzuek diote erre zirela, beste batzuek desagertu zirela…”, adierazi du Calvok.

“Ondare gisa duten balioa azpimarratu nahi genuke, ekimen eta jarduera ezberdinen bitartez”

Eneko Calvo, Irungo Atsegina elkarteko kidea

Ondoren, jakina da gaur egungo Irungo erraldoiak Donostian erabili izan zirela. Arana zezen plazako enpresariarenak omen zirela azaldu du Eneko Calvok: “Alderdi Ederretik ateratzen zituzten, jendea zezen plazara joan zedin animatzeko”. Beranduago, Irungo San Miguel auzora eraman zituzten, erraldoi eta buruhandien zarzuela batean parte hartzeko. Gal familiak erosi zituen orduan. Erraldoien historia horretan sakontzeko, eta geratzen diren hutsuneak argitzeko, ikerketa historiko zorrotza egin nahi dutela baieztatu du Calvok. “Ondare gisa duten balioa azpimarratu nahi genuke, ekimen eta jarduera ezberdinen bitartez”. Edonola ere, lehen urratsa, erraldoi bikoteak zaharberritzea da.

Finantziazio partekatua

Ia 90.000 euroko aurrekontua aurkeztu dio Esku Artean enpresak Irungo Atseginari, zortzi erraldoiak zaharberritzeko. Irungo Udalarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin harremanetan jarri da elkartea, eta haien babesa jasoko du. Gainera, elkarlanari ekin dio Irunen dagoen Gordailua Gipuzkoako ondare higigarriaren zentroarekin. Nolanahi ere, erraldoien zaharberritzea finantzatzeko, crowfunding kanpaina bat martxan jarri du Irungo Atseginak, nahi duen orok proiektuan parte hartu ahal izan dezan. Pasaiako Albaolan San Juan ontziarekin erabili duten formularen eredua hartu dute.

“Finantziazioan parte hartu dutenen izenak agertuko dira erraldoietan idatzita”

Eneko Calvo, Irungo Atsegina elkarteko kidea

Erraldoi bakoitza 43 zatitan banatu dute, eta nahi duenak zati horietako bat edo batzuk ordain ditzake. 40 eta 400 euroren arteko ekarpenak dira, gutxi gorabehera, eta banaka edo taldeka egin daitezke. Interesa duenak irungoerraldoiak@irungoatsegina.org helbidera idatz dezake, edo elkartera bertaratu, bestela, asteartero, 19:00etatik 20:00etara (Arbelaitz kalea, 1). “Bakoitzak ziurtagiri bana jasoko du, eta erraldoietan, finantzatu dutenen izenak egongo dira idatzita”, aipatu du Calvok. Gainera, irteerak antolatu ditu Irungo Atseginak, Iruñera, errestaurazio prozesua bertatik-bertara ikustera.

Errestaurazioa martxan da, jada, eta behar handiena zuten erraldoiekin hasi dira Esku Artean enpresan: baserritarrekin eta turkoekin. 2018ko sanmartzialetarako prest egongo direla aurreikusi dute Irungo Atsegina elkartean. Jaien ondoren, beste lau erraldoien zaharberritzeari ekingo diote.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude