Errealitate bihurtutako amets baten iragana eta oraina

Argazkia: Estudio Gover

Haizea Sendón Alarde Publikoko Santiago konpainiako kantinera izango da 2019 urtean. Oihana Picosek, berriz, duela 20 urte kantinera gisa alarde publikoan lehen aldiz parte hartzeko aukera izan zuen. Elkarrekin kantinera izateak dakartzan emozioak eta zereginak errepasatu dituzte.

Haizeak hitz gutxi behar ditu aurten Alarde Publikoan kantinera gisa ateratzeak eragiten dizkion emozioak adierazteko, izan ere, begien distira bereziak eta aurpegitik desagertzen ez zaion irribarreak argi eta garbi erakusten dute. “Kantinera izatea errealitate bihurtutako ametsa da niretzat”. Kantinera izango zelaren berri ona etxean familiarekin zegoela jaso zuen.

Oihana Picosi, ordea, gauza asko etortzen zaizkio burura kantinera bezala desfilatu zuen urtea oroitzerakoan. Picosek azaldu duenez, “deskubrimendu bat izan zen niretzat alardea lehen aldiz barnetik bizitzea”. Ordura arte alardea ondo ezagutzen zuela uste zuen Oihanak, baina, esperientzia horren ostean, alardea bizitzeko modu ezberdin bat topatu zuen. Bigarren alardea eta garai nahasiak izan arren, Oihanak famili eta lagunen aldetik berotasun handia sentitu zuela gogoratzen du. Gainera, alardeari esker jende berri asko ezagutzeko aukera izan zuela aipatzen du ere.

“Kantinera izatea errealitate bihurtutako ametsa da niretzat”

Haizea Sendón, 2019ko Alarde Publikoko Santiago konpainiako kantinera

Kantinera izateak prestaketa-lan eta zeregin ugari dakartzan arren, Haizeak eginbehar guztiak kontrolpean dauzkala baieztatzen du pozik. Zeregin horietan laguntzeko Kantineren Komisioak lan garrantzitsua egiten du urtero. Oihana, kantinera izan ostean, Kantineren Komisioan laguntzaile gisa aritu zen zenbait urteetan zehar. “Kantinerei berotasuna eta aholkuak ematen dizkiegu bertan, jantzien prestaketarekin laguntzeaz gain”. Kantineren Komisioarekin izandako azken bileraren ostean, Haizeak kantinera jantzia eta barrika etxean dauzka jada.

Ekainaren 28an Oihana eta Haizeak berriro elkar ikusteko aukera izango dute. Izan ere, 2019ko alardeko kantinerak aurkeztuko dira egun horretan eta, aurreko urteetan bezala, Oihana Picos aurkezle lanetan arituko da. Egun horren inguruan Oihanak azaldu du, “niretzat opari bat da egun hori ikuspuntu horretatik bizitzeko aukera izatea, plaza beteta ikusi eta jendearen aurpegietan emozioak nola islatzen diren ikusteko”. Beste aldetik, Haizeak, Kantineren Aurkezpenaren eguna iristeko gogotsu dagoela adierazi du, berak azaldu duenez, “aurtengo jaietatik gehien espero dudan unea da”.

“Deskubrimendu bat izan zen niretzat alardea lehen aldiz barnetik bizitzea”

Oihana Picos, duela 20 urte kantinera izandakoa

Oroitzapenak biltzeko urtea
Oihana Picosek azaldu duenez, milaka oroitzapen dauzka kantinera izan zeneko urtearekin loturik. Sentimendu eta bizipen berriez beteriko urte hartan erabilitako abanikoak eta bestelako gauza pertsonalak gordeta dauzkan arren, oroitzapen gehienak buruan gorderik gelditzen direla onartzen du.

Egun, teknologien garapenari esker, oroitzapenak beste era batera gordetzeko aukerak daude ere. Haizea Sendónek bere blog pertsonalaz baliatzen da bere bizitzako gertakariak biltzeko. “Blogak Bailarina con sindrome de down izena dauka” azaldu du Haizeak eta, amaren laguntzaz, kantinera bezala izandako bizipenak bertan biltzeko asmoa du. Orain arte jasotako opariak edo aurrera eramandako prestaketa lanen argazkiak ikusgai daude jada eta jai egun nagusien ostean bizitako esperientziak irakurri ahalko dira bertan hemendik gutxira.

Aholkuak
Haizea Sendónek sorpresa eta lehen esperientziez beteriko San Pedro eta San Martzial jaiak biziko ditu aurten. Horretarako, gurasoak eramango ditu alboan uneoro. “Aurtengo sanmartzialak poztasunez gogoratu nahiko nituzke”, azaldu du Santiago konpainiako 2019ko kantinerak. Oihanak, ordea, kantinera urteaz disfrutatzeko aholkua eman dio, orain arte aurreko urteetan egin bezala. Hortaz gain, hurrengo urteez disfrutatzera gonbidatu du Haizea, alarde honek jaia alde ezberdinetatik bizitzeko eskaintzen duen aukera aprobetxatuz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude