Iñigo Lavado sukaldariak Ramón Arambururen laguntzarekin “Gentes del Bidasoa” izeneko programa sortu du. Bideoen bitartez sukaldaritza Bidasoa eskualdeko proiektu ekintzaileekin elkartu nahi dute eskualdearen balioa ezagutarazteko. Bidasoa bizirik elkartearen eta Reflejo Pilomotorren kolaborazioarekin, saio bakoitzak 30 minutuko iraupena du eta Bidasoa Bizirik eta Hondarribia-Irun Turismoa webgunean ikusi ahalko dira.
Nolatan okurritu zitzaizuen telebista saio antzeko zerbait sortzeko ideia?
Iñigo Lavado: Ramon eta ni gaztetatik ezagutzen gara eta betidanik elkarrekin gauzak egitea asko gustatu izan zaigu. Konfinamenduan zehar Macro eta Orbea bezalako enpresentzat zenbait zuzeneko saio grabatu nituen eta arrakasta ona izan zutela ikusita, ingurukoak laguntzeko zerbait egin genezakeela bururatu zitzaidan. Gure eskualdeari balioa eman nahi diogu bertako biztanleen bitartez. Horrela, eskualdean proiektu berriak sortzen dituzten ekintzaileei arreta eskaintzea erabaki nuen.
Ramón Aramburu: Jendearentzako barregarriak izan daitezkeen gauzak egitea atsegin dugu. Programari ukitu desberdina eman nahi izan diogu, sukaldari eta gonbidatu molde ohitik aldenduz.
“Gentes del Bidasoa”, beraz, sukaldaritza programa bat baino zerbait gehiago da?
Ramón: Irungo merkataritza ez dabil momenturik onenean, hortaz, funtsezkoa iruditzen zaigu ideia berri bat aurrera ateratzeko adorea biltzen duten horiek laguntzea, eskualdeko proiektu berriak ezagutaraziz.
Sukaldaritza eta ekintzailetza eskutik doaz proiektu honetan?
Iñigo: Sukaldaritza aitzakia besterik ez da eta sukaldean gustuko ditudan proiektuei lekua egitea da nire asmoa. Kasu honetan, ingurukoei bultzadatxo bat emateko modua izan daiteke. Eskualde zoragarri batean bizi gara, eta guztiok jakin beharko genuke hori horrela dela.
Ramón: Oso leku aberatsean bizi gara kultura, gastronomia eta ingurunean kontutan izanez gero, beraz, etorkizuna dugun aberastasuna bezain oparoa izan daiteke horretarako lan eginez gero.
Era askotako gonbidatuak hurbildu dituzue zuen sukalde ingurura?
Iñigo: Bai, izan ere, sektore ezberdinak ordezkatzeaz gainera, proiektu horien atzean aurkitzen diren pertsonak ezagutaraztea da gure helburua. Ekintzaile bakoitzaren nortasuna eta esentzia agerian utzi nahi ditugu.
Non ikusi daitezke orain arte grabatutako programak?
Iñigo: Bidasoa bizirik elkartearekin elkarlanean ekoiztu ditugu, proiektuaren alde indarrak batzeko. Hortaz, webguneaz gainera, saioak sare sozialen bitartez partekatzea eta ezagun egitea gustatuko litzaiguke.
Ramón: Gure denbora librea eta baliabideak ingurukoak laguntzeko eskaintzea erabaki dugu. Iñigok horrelako zerbait egin ahal izateko baliabideak dauzka eskura, baina, bere ekimenik gabe ezinezkoa litzateke horrelako zerbait egitea.
Zuen platoko ateak ekintzaile berriei zabaltzeko prest zaudete?
Iñigo: Bai, ekintzaileak zuzenean gurekin harremanetan jartzea gustatuko litzaiguke, tartean gure gonbidapenik izan gabe. Izan ere, proiektu hau guztiona da eta gure helburu bakarra haien proiektua goraipatzeko modurik egokiena topatzea izango da eta zeregin horretan Reflejo Pilomotor enpresako lagunen kolaborazioak asko laguntzen gaitu.
Saioaren bitartez orain arte ezezagunak ziren inguruko enpresa asko ezagutu dituzue?
Ramón: Bai, harrigarria da Bidasoa bezalako eskualde txiki baten barruan biltzen diren proiektu eta enpresa guztiak.
Iñigo: Hasierako ideia gurea izan arren, guztiona izango den zebait sortu nahi izan dugu, beraz, edonork bere ekarpena egin dezake. Bidasoan biztanle asko gara eta guztion esku dago saioari nahi dugun hainako ospea ematea, guztiontzat onuragarri izan daitekeelako.
Sukaldea saioaren abiapuntua denez, bertako produktuak ezagutarazteko asmoa duzue?
Iñigo: Noski, sukaldari bezala ohorea da niretzat bertako elikagaiak deskubritzea eta ezagutaraztea. Bertako lehen sektorea bultzatzeko modua izan daitekeela uste dut.
Ramón: Zoritxarrez, jende askok ez daki inguruan kalitate goreneko produktuak dauzkala.
Etorkizun luzea ikusten diozue proiektuari?
Ramón: Pixkanaka joan nahi dugu, baina, noski, proiektua ahal bezain beste hasten dela ikustea zoragarria izango litzateke. Garrantzitsuena gure artean ondo pasatzen dugula da, jende berria ezagutu eta gure konfort-zonatik ateratzen garen bitartean.