Erroma Antzinaroko hiri handienetako bat izan zen. Aditu batzuen arabera, bere gorenaldian milioi bat pertsona bizi izan ziren zazpi muinoen herrian. Kontzentrazio honek Romuloren hiria gune kultural eta politiko bikaina bilakatu zuen, baina, aldi berean, garaiko biztanleei hainbat buruhauste ekarri zizkien. Jende kontzentrazio honek etxebizitza eta janariaren prezioak igoarazten zituen eta, ondorioz, biztanle horien arteko txiroenak baldintza benetan tamalgarrietan bizi izaten ziren.
Etxebizitzei dagokienez, Erromako handikiak domus izeneko etxe zabal eta sendoetan bizi ziren, luxuzko apainduraz inguratuta. Txiroenek aldiz gela ilun eta ziztrinen bat alokatu behar izaten zuten insula batean. Insula hauek hainbat pisuko etxeak izaten ziren: lehen pisuetako etxebizitzak txukunagoak eta garestiagoak ziren, eta beraz, gehienetan artisau aberatsen familiek okupatzen zituzten. Goiko pisuak aldiz, txikiak eta ilunak izaten ziren, sukalderik zein komunik gabe, eta, maiz, tranpa hilgarri bat bilakatzen ziren bertan bizi ziren familientzako.
Hain zuzen ere, Erromako biztanleriak hazten jarraitzen zuen artean, lurjabeek negozio ederra ikusi zuten insula hauen eraikuntzan. Baina enpresari guztiek ez zeukaten ohorearen ikuspegi berbera, eta batzuk, jakinda etxe hauek txiroenek okupatuko zituztela, material pobreekin eraikitzen zituzten kostuak murrizteko. Ondorioz, hauek sarri egitura ezegonkorrak izaten ziren, are gehiago lurjabeak legeak onartzen zuena baino etxe altuagoa eraikitzen bazuen alokairuan eskaintzeko pisu gehiago lortzeko.
Egituren eraikuntzan zeuden tranpa guzti hauen ondorioz, aireztapen faltak eta material txarrek eragindako sute asko sortzen ziren insula hauetan, eta, noizbehinka, sute hauek hiri osoan zehar zabaltzen hasten ziren, milaka biztanle arriskuan jarrisutez. Hala, arazo honi aurre egiteko Marko Lizinio Kraso noble aberatsak suhiltzaile talde bat sortzea erabaki zuen. Teorian ideia bikaina eta laudagarria zen, baina Krasoren lehentasuna ez zen su hauen arriskua desagerraraztea, haiei esker negozio aparta egitea baizik.
Sute bat pizten zen bakoitzean Kraso eta berak sortutako suhiltzaileen taldea sutea zabaltzen ari zen lekura hurbiltzen ziren. Han, etxe batek su hartzean, Kraso etxe haren jabeari hurbiltzen zitzaion honako proposamen hau egiteko: jabeak prezio irrigarrian etxea saldu behar zion Krasori honek bere suhiltzaileei ur baldeak prestatzen hasteko abisua emateko; jabeak eskainitako prezioa onartu ezean, Krasok suhiltzaileei ezer ez egiteko agintzen zien, suak etxe osoa irentsi arte. Momentu horretan, jabeak jada den-dena galdu zuenean, Kraso berriro hurbiltzen zitzaioan, aurrekoa baino are baxuagoa zen beste prezio bat eskainiz lurraren truke.
Trikimailu honi esker M. Lizinio Kraso Erromako hiritar aberatsena eta lur jabe handienetakoa bilakatu zen. Julio Zesar eta Ponpeiorekin batera Lehen Triunbiratuaren parte izan zen, eta bere diru gosearen fama haren arerio guztien artean zabaldu zen. Hala, K.a. 53an, egungo Turkian, Partoen kontra gudu garrantzitsu bat galdu eta etsaiek harrapatu zutenean modu berezi bat asmatu zuten erromatar hau exekutatzeko: pertzakada bete urre urtu zuten eta gori-gori zegoela Krasori irentsarazi zioten, haren gosea asetzeko. Juego de Tronos nobela famatuan George R.R. Martin autoreak heriotza hau inspirazio moduan erabili zuen Vyseris, botere grinak zituen printzearen hilketa irudikatzeko. Honen kasuan, urre urtua edatera behartu ordez burutik behera bota zioten, kosta ahala kosta bilatzen zuen koroa behin-betiko lor zezan.
Leire Lizarzategui