Erromatarrak ere oporretan joaten ziren

Gutariko gehienok udako hilabete hauetan izaten ditugu oporrak, sarritan ikasturte amaierak lagunduta. Urtaro honetan eguraldi ona da nagusi eta egunak ere luzeagoak direnez, ohikoa da ditugun jaiegun hauek txangoak egiteko eta bidaiatzeko probestea. Ohitura ez da berria, Antzinatean oporretan joatea posible zuten erromatarrek ere hori egiten zutela adierazten baitigute garaiko iturri idatziek.

Antza, familia erromatar boteretsu asko landa eremuan zituzten villae-tara mugitzen ziren hiriak eskaini ezin zien lasaitasunaren eskean. Hala ere, aukera zutenek Campania eskualde italiarrean pasatzen zituzten egun batzuk, garai haietan hori baitzen atseden hartzeko helmuga turistiko desiragarriena. Enperadore ugarik, Octavio Augusto eta Tiberio tartean, oso gogoko zuten bertan denboraldi luzeak igarotzea Capriko irlan zituzten egoitzetan. Garai hartako hiritarrei Tarento, Abruzzo eta Lukanian topa zitezkeen basoetan paseatzea gustatzen zitzaien arren, berez erromatarrak ez ziren hagitz mendizaleak eta turistak erakartzen zituzten mendi bakarrak Olinpo eta Etna ziren.

Gaur egun bezala, kirol jarduerak ere aitzakia bikainak ziren batetik bestera bidaiatzeko. Guztietan esanguratsuenak Grezian ospatzen ziren panheleniar jokoak ziren eta haien artean Olinpiar Jokoak ziren bereziki turista gehien erakartzen zituztenak. Iturri idatzien arabera, exotiko eta historikotzat jotzen ziren eskualdeek arrakasta turistiko handia zuten, Erromako hiriak berak, Greziak eta Egiptok batez ere. Berez, hiri eta eskualde hauek oso barneratuak zeuden helmuga kultural gisa garaiko pentsamoldean. Horren adierazle da erromatar inperioko familia boteretsuetako semeak ikasketak osatzera Erromara edo Mediterraneo ekialdera, Atenasera esaterako, bidaltzeko ohitura.

Garai inperialean osasunarekin loturiko santutegi eta ur terapeutikodun zonaldetako egonaldiak ugaritu ziren, Greziako Asklepioren santutegian egiten zirenak kasu. Izaera erlijiosoko bidaiak ere ohikoak izan ziren Antzinaro osoan zehar eta helmuga guztien artean bisitari gehien jaso zituztenak Delfoseko Orakulua, Cadizeko Herkulesen tenplua eta aurretik aipaturiko Olinpo mendia ditugu. Kristautasunaren indartzearekin batera egungo Palestinan kokatzen diren lurralde santuetarako lehendabiziko erromesaldiak hasi ziren K.o. IV. Mendean, eta urte haietan eta ondorengoetan erromatar inperioan zehar kristauek egin zituzten jarduerek, jasan zituzten martirioek eta erlikia santuen sakabanatzeak gurtzagune eta erromesgune berrien agerpena ekarri zuten. Baskoniako eskualdean ez da adibide goiztiarrik falta, izan ere Prudentzio poeta kristauaren arabera, 298. urtean Calahorrako hiri baskoian elkarrekin eraildako eta santututako Emeterio eta Celedonioren hilobiak erromes ugari erakarri zituen.

Jakina denez, erromatar garaiko bidaia hauek lurrez eta itsasoz egin zitezkeen, baina ez zegoen denon eskura ahalik eta modu azkarrenean eta erosoenean leku batetik bestera mugitzea. Erromatarrek garraiobideendako azpiegiturak Augusto enperadorearen agintaldiaz geroztik dezente garatu zituzten arren, kontuan izan behar da antolaturiko garraio azpiegituretako zenbait soldaduek edota enperadorearen baimena zuten funtzionarioek soilik erabili zitzaketela, hala nola, doako zerbitzuak, bidean topatu zitezkeen ostatuak, zaldi aldaketarako edota gurdi tailerren guneak kasu.

Gainontzeko hiritarrentzat ez zegoen gaur egun bezala jatorri bat helmuga batekin lotzen zituen nolabaiteko garraiobide linea erregularrik. Hori dela eta, norberak bere baliabide ekonomikoen eta izan zitzakeen kontaktuen arabera bidaiatzen zuen, sarritan ibilbide bera edo antzekoa egiten zuten merkatariekin negoziatuz beraien gurdi edo itsasontzietara igo ahal izateko. Itsasozko garraioa zen denetan merkeena, baina urteko zenbait hilabeteetan eguraldiaren ondorioz nabigazioa ez zen oso gomendagarria. Lurrean ere, elurteek edota uholdeek galtzadak erabiltzea galaraz zezaketen. Ordea, eguraldia ez zen bidaia zapuztu zezakeen arrisku bakarra, bestelako ezustekoak ere izaten baitziren, izurriteak edo pizti basatien, bidelapurren eta piraten erasoak adibidez.

Denboraldi baterako bigarren etxebizitzetara erretiratzen ziren boteretsu askok eskutitzen bitartez lortzen zuten urrun zeuden adiskideekin harreman estuari eustea. Posta zerbitzua ordea, afera ofizialetara zegoen mugaturik eta partikularrek beren gutunak sistema tradizionalaren bitartez iritsarazi behar zituzten: esklabo edo morroi bat eskutitzarekin bidaliz edo norabide horretan zihoan norbaiti hartzaileari gutuna emateko eskatuz.

Jokin Lanz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude