Erromesentzako aterpe berria martxan jarri du Jacobi elkarteak

Uztaileko hilabetearen amaieran erromesentzako aterpe berria ireki zuten Jacobi elkarteko kideek. Aterpetxe berria Lesaka kalean kokaturik dago, aurretik haurtzaindegia zegoen eraikinean. Aterpean, erromesei ostatua emateaz gain, paperezko maindireak eta gosaria banatzen dituzte egunero.

Aterpetxe berrian Jacobi elkarteak erromes gehiagori baldintza txukunagoetan harrera egiteko aukera du. Hiru logela eta zazpi bainugelekin 61 pertsonentzako lekua daukate aterpe berrian. Eraikinaren kanpoaldean kokaturiko estalkia da aterpearen nobedade nagusia, arratsalde euritsuetan erromesei kalera irteteko aukera emango diena. Josin Galzacorta Jacobi elkarteko presidenteak, azaldu du, “erromesei harrera ona egitea da orain gure kezka nagusia”.

Aterpetxe berria martxan jartzeko Jacobi elkarteak esfortzu ekonomikoa egin behar izan du. Proiektua aurrera eramateko eskualdeko erakunde eta enpresa ezberdinen laguntza ezinbestekoa izan dela azaldu du Josin Galzacorta elkarteko presidenteak. Ingurukoen laguntza jasotzeaz gain, Donejakue bidearen Amerikako Lagunen Elkarteak 6.000 dolareko diru-laguntza bidali die proiektua aurrera ateratzeko.

Esperientzia pozgarrien bidegurutzea
Erromesen aterpetxeak aurrera ateratzeko egunero lanean ari diren pertsonak boluntarioak dira. Antolakuntzarekin harremanetan jarri ostean, norakoa esleitzen zaie eta 10 eguneko txandetan lan egiten dute.

Pilar Ibañezek lau urte daramatza Irungo erromesen aterpean boluntario lanetan. Ibañezek azaldu du, bere egitekoa aterpetxera iristen diren erromesei harrera egin eta informazioa eskaintzea da. “Lana egiteagatik ordainduko balidate, seguruenik, ez nintzateke etorriko”, gaineratu du Ibañezek.

Ibilbide anitzen abiapuntua
Geroz eta gehiago dira haien ibilbidean hiritik igarotzen diren erromesak. Izan ere, erromes askok Irun aukeratzen dute Donejakue bidearen barneko ibilbide ezberdinak abiatzeko. Adibidez, Frantziako, Kostaldeko edo Barnealdeko Donejakue Bideak egiteko helburuarekin iristen dira erromes asko Irunera. Datuen arabera, 2017 urtean, uztaileko hilabetearen amaierara arte 4.380 erromesek aterpe hartu zuten Irunen. Aurten, data berdinean, 4.437 erromes igaro dira Irungo erromesentzako aterpetik. Erromesen jatorriari dagokionez, joan den urtean 60 nazionalitate ezberdinetako pertsona igaro ziren Irungo aterpetik.

Rafael Adrover (Pilar Ibañezekin)
Rafael Mallorcatik Donejakue bidea egiteko asmoarekin etorri den irakasle bat da. Bide primitiboa osorik egin ostean, Frantziako bidea egiteko asmoa du oraingoan. Irailean berriro lanera hasi aurretik duen denbora guztia aprobetxatu nahi du bidean ahal bezain urrutien iristeko. Rafaelek azaldu duenez, bidaiatzeko eta bere barneko munduarekin eta naturarekin konektatzeko animatu zen Donejakue bidea egitera.

 

Arianna Comiu
Arianna Comiu Sardiniatik bere lankide batekin batera Donejakue bidea egitera etorri da. Irunen hasiko dute haien ibilbidea eta, printzipioz, Portugaleraino iristeko asmoa dutela azaldu du. Aterpeko gainontzeko erromesekin giroa oso ona dela adierazi du, jendea oso adeitsua delako eta mundu guztia elkar laguntzen saiatzen delako.

 

Juanjo Vernet
Tarragonako L’Hospitalet De L’Infant-etik datorren erromes bat da. Euskaditik igarotzen den bidearen eremua bakardadean egiteko asmoa du. Bidean orain arte oso jende jatorra topatu duela azaldu du. Aterpeari dagokionez, aterpetxe baten antz gehiago izango zuela uste zuen, baina, bertan familia giroa topatu duela azaldu du.

 

Annamaria Bos
Annamaria Herbeheretatik etorri da Santiago de Compostelaraino iristeko asmoarekin. Aurretik, Frantziako bidea eta Portugaleko bidea egin ditu. Irungo aterpea berria izateaz gain, oso garbi dagoela azaldu du, baldintza okerragoetan dauden aterpetan ibili dela gaineratu ostean.

Luis Miguel Nogales
Madriletik Iruneraino trenez etorri da bere bizikletarekin Donejakue bidea bertan abiatzeko. Aurretik Iparraldeko bidea egin du eta, oraingoan, Santiago de Compostelaraino bizikletaz iristeko asmoa du. Ibilbidea bakarrik hasiko duen arren, bidean zehar konpainia topatzea espero du. Aterpean segituan harrera egin diotela azaldu du eta pozik dago aterpearen barruan bizikletak gordetzeko leku bat dutelako.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude