Txingudi errugbi klubak kirola ezagutarazi eta errugbiaz gozatzeko asmoari eusten dio beste urte batez. Pandemia dela eta hartutako murriztapenek markatutako denboraldia aurrera ateratzeko ahalegin berezia egiten ari dira klubeko kirolariak. Bien bitartean, klubera jokalari berriak erakartzeko aukera guztiak aprobetxatu nahi dira.
Iñigo Camarero Txingudi errugbi klubeko lehen taldeko entrenatzaileak azaldu duenez, 2020-2021 denboraldia erronkez beterik dago sailkapenean posturik onena lortu nahian dabiltzan taldeentzat. “Pandemiaren zabalpena gutxitzeko murriztapenak direla eta, zenbaitetan partiduak edo entrenamenduak bertan behera utzi behar izan ditugu”, azaldu du entrenatzaileak. Galdutako partiduak berreskuratzeak azken orduko aldaketak eragiten dituen arren, klubaren errutina eta dinamika ahalik eta gutxien kaltetzen saiatzen dira.
Klubeko lehen taldeak 2020ko abuztuan hasi zuen denboraldi-aurrea, baina 2021eko urtarrilera arte itxaron behar izan zuen lehen partidua jokatzeko. Momentu hauetan denboraldiko une erabakigarrienetako batean daudela azaldu du Iñigo Camarero entrenatzaileak, izan ere, denboraldiko lehen fasea amaitzear dago. Fasearen amaierarekin sailkapeneko taldeak bi zatitan banatuko dira: sailkapeneko goiko postuetako taldeek lehen taldean jokatuko dute eta azkeneko sailkatuak, berriz, bigarren taldera pasako dira.
Txingudi sailkapeneko erdiko postuetan dago oraintxe. Iñigo Camarero entrenatzaileak adierazi duenez, “hurrengo partiduaren emaitzak denboraldiko bigarren zatian lehen edo bigarren taldean jokatzea baldintzatuko du”. 2020/2021 denboraldiaren funtzionamendua azaldu zenetik, Txingudi errugbi klubak sailkapenean erditik gorako postuetan amaitu nahiko luke klubeko ordezkariek jakinarazi dutenez. “Denboraldia hirugarren postua amaitzea sekulakoa izango litzakete, baina hortik gora sailkatzea ezinezkoa iruditzen zaigu gainontzeko taldeen joko-maila ikusita” azaldu du Camarerok.
Kluba handitu nahian
Denboraldia aurrera ateratzeaz gainera, Txingudi errugbi kluba kirolari berriak erakartzen saiatzen da, klubaren jarraipena bermatzeko. Iñigo Aizpuruak klubeko zuzendaritzako kideak azaldu duenez, pandemia egoera aurretik bi bide zituzten kirolari berriak erakartzeko. Lehena eta zuzenena ikastetxe bakoitzeko Gorputz Heziketa irakaslearekin hitz egitea zen, bere saio batean errugbia landu eta ikasleen artean ezagutarazteko. Gainera, ikastetxeetara errugbi entrenamenduen egutegiak eta errugbia lantzeko unitate didaktikoak bidaltzen dituzte, ikastetxeak familien artean bana ditzan.
Bestetik, azken urteetan Eskola Kirola programan errugbiaren eskaintza indartu da, izan ere, lehen saio bat ematen zen eta gaur egun 3-4 saio ematen dira. Horretarako, errugbia saioak hasi aurretik, begiraleei formazioa ematen diete, ondoren beraiek ikasleei errugbian nola jokatzen den azaltzeko ezagutzak izan ditzaten. Iñigo Aizpuruaren hitzetan, “klubaren etorkizunak haurrak dira”.
Txingudi errugbi klubak haurren adinaren arabera antolatzen ditu entrenamendu ordutegiak. Igandeetan, Plaiaundin, 10:30etatik 12:00etara Errugbi Eskolako haurrek entrenatzen dute, hau da, Lehen Hezkuntzako 3. mailatik 6. maila artekoak. Astearteetan 17:30etatik 19:00etara eta ostiraletan 18:30etatik 20:00etara 14 urtetik beherakoen txanda da. Astearte eta ostegunetan 17:30etatik 19:00etara, berriz, 16 eta 18 urtetik beherakoek entrenatzen dute.
Dena den, Iñigo Aizpuruak onartu duenez, neskak errugbira erakartzea zailagoa da eta klubean ez dute ulertzen horren arrazoia zein izan daitekeen. Zentzu horretan, klubeko zuzendaritzako kideak adierazi du, “adin guztietan taldeak ditugu, baina nesken taldea falta zaigu eta hori izango da klubaren helburua datorren urteetan”. Horrela, klubetik Txingudi badiako neskak errugbia probatzera gonbidatu nahi dituzte.
Haurrei zuzendutako programa bereziez gainera, Txingudi klubak errugbia gizarteratzeko Errugbi Egunak antolatzen hasi da Irunen eta Hondarribian. 2020an klubaren 50. urteurrena ospatu zen eta urteurrenaren harira antolatutako ekitaldiak errugbia ezagutarazteko aprobetxatu ziren. Iñigo Aizpuruaren hitzetan kirola ezagutarazteko ekintzek garrantzi handi dute klubaren etorkizuna bermatzeko. “Tamalez, asko dira oraindik errugbia araurik gabeko kirola dela uste dutenak”, adierazi du Aizpuruak.
Kirolarien segurtasuna lehenestea
Errugbia taldekide zein aurkarien arteko kontaktu estuan oinarritutako kirola da. Ondorioz, zelaian pertsonen artean gorde beharreko distantzia errespetatzea ezinezkoa da. Txingudiko entrenatzaileak azaldu duenez, zelaian maskara erabili gabe jokatzeko baimena dute. “Zelaitik kanpo gaudenean segurtasun neurri guztiak errespetatzen ditugu”, gaineratu du Iñigo Camarerok.
Hortaz gain, partidu edo entrenamendu bakoitzean kontaktuan egon diren kirolarien izenekin zerrenda bat osatzen dute, kutsatze susmorik izanez gero, bakartu beharreko kirolariak azkar identifikatzeko. Klubean segurtasunari garrantzi handia ematen zaiola azaldu du Iñigo Aizpuruak, batez ere, pandemia garaian. Horrela, kirola probatzeko asmoz Txingudi klubera hurbiltzen direnek segituan errugbia kirol segurua dela egiaztatuko dutela erantsi du.
Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai.