Eskolara bueltan: lehen kontaktuaren garrantzia

Hasi da 2015-2016 ikasturtea Irungo haurrentzat. Batzuek gogoz hartuko zuten, uda luzearen ondoren lagunak ikusteko aukera izan dutelako. Beste batzuk urduri iritsiko ziren, irakasle edo ikasgela berria izango baitituzte aurten. Momentu zaila da askorentzat, gogorra. Bereziki, Haur Hezkuntzako txikientzat. Baita haien irakasleentzat ere. Oihana Elortegik, Elena Jimenezek eta Idoia Rekaldek ikasturtearen hasierako esperientziak kontatu dituzte.

SONY DSC

Irailaren 1ean hasi ziren irakasleak ikasturtea prestatzen. Gelak txukuntzea, ordenatzea eta materialaren inbentarioa egitea izaten dira hasierako lanetako batzuk. Beste eskoletatik datozen irakasleei ikastetxearen funtzionamendua azaldu behar izaten diete. Formazioetan ere parte hartu dute, kontzeptu berriak barneratzeko eta egunerokoan integratzeko. “Orain hezkidetzaren eta berdintasunaren gaia lantzen ari gara, batez ere”, azaldu du Idoia Rekaldek. Bestalde, gurasoekin egin beharreko bilera prestatzen aritu dira. Lehen Hezkuntzan ez bezala, Haur Hezkuntzan hasi bezain pronto egingo dituzte bilerak.
Ikasleek bakarrik ez, irakasleek ere urduri heldu diote ikasturte berriari. Oihana Elortegik behintzat, hala uste du: “Tanteo egunak izaten dira lehenengoak. Ikusi arte zein ikasle eta zein guraso ditugun”. Lehenengo egunetan elkarrekin joango dira haurrak eta gurasoak eskolara. Orduan pozik egongo dira ikasleak. Gurasoak joaten direnean hasiko dira kezkak eta negarrak. “Alde handia dago haurtzaindegira joan direnen eta joan ez direnen artean. Batzuentzat lehen kontaktua izaten da eskolarekin, irakasleekin eta beste umeekin”, adierazi du Elortegik. Horientzat gogorra izango da hasiera. Kostako zaie eskolara ohitzea. Egokitzapen prozesua luzea dela azpimarratu du Idoia Rekaldek: “Hiru hilabete behar izaten dituzte txikiek egokitzeko”.
Prozesu horretan, haurrak eskolara gustura joan daitezen saiatuko dira irakasleak. “2-3 urteko geletan jarri behar da oinarria. Lehen kontaktuak gainerako ibilbide guztia baldintzatuko du”, gogoratu du Idoia Rekaldek. Edonork gogoratzen du txikitako lehen irakaslea. Haiek duten eragina handia da, hortaz. “Batzuetan ahaztu egiten dugu. Ez gara kontziente”, onartu du Oihana Elortegik. Irakaslearekiko harremanarekin lotuta, hizkuntzarekikoa ere badago. Erlazio hori azaldu du Idoia Rekaldek: “Harremana ona baldin bada, hizkuntzarekiko jarrera ere halakoa izango da”. Txikiekin euskara lantzea erraza dela uste du Elortegik: “Askok lehen hitzak euskaraz ikasten dituzte. Gero gurasoei irakasten dizkiete”.
Guraso-irakasle harremanaz
Ezustekoak ere izaten dira ikasturteko lehen egunetan. Elkar jotzen edo hozka egiten hasten dira haur batzuk. Gurasoen erreakzioa zein izaten den azaldu du Elena Jimenezek: “Harritu egiten dira, etxean ez dutelako inoiz halakorik egin. Baina normala da, ez baldin badira lehenago beste haurrekin harremanetan egon”. Seme edo alaba bakarrak direnean gertatzen da maiz, edo gurasoek haurrekin egoteko denbora askorik ez dutenean. Aiton-amonekin, izeba-osabekin edo zaintzaileekin uzten dituzte askotan. “Mugarik gabeko haurrak iristen dira azken aldian. Badaude batzuk, eskolara joan aurretik EZ bat sekula entzun ez dutenak”, nabarmendu du Idoia Rekaldek. Erronka handia izaten dute, zentzu horretan, irakasleek. “Ikaskideekiko, irakaslearekiko edo materialarekiko errespetua oso garrantzitsuak dira. Hori etapa honetan barneratu behar da”, aipatu du Oihana Elortegik.
Hiru protagonistentzat, asko aldatu da irakaskuntza ama izan direnetik. Hoberako izan dela uste du Oihana Elortegik: “Gurasoak ulertzen ditut orain, haiekiko enpatia dut”. Irakasleen artean laster konturatzen dira nork dituen haurrak eta nork ez. Batzuetan, gurasoek pentsatzen dute irakasleak ez direla haien egoera ulertzeko gai. Pasadizo esanguratsua kontatu du Elena Jimenezek: “Amak egunero negarrez uzten zuen haurra eskolan, eta behin esan zidan ez nekiela hura zeinen gogorra zen. Baietz esan nion, egunero, ordu erdi lehenago, nire semea haurtzaindegian uzten nuela”. Lagungarria da, beraz, gurasoen larruan jartzeko gai izatea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude