Eskuz-lan elkartea Bidasoko artisauen elkartea da, eskualdean artisau talde bat sortzeko beharretik sortua. Artea eta artisautza lantzen dituzten eskualdeko artisauak biltzen ditu. Egun 15 kidek osatzen dute elkartea, baina artisau berriek ateak zabalik dituzte taldera batzeko. Marta Hernández elkarteko artisau kidea da eta datozen asteetan Eskuz-lanek zein ekintzetan parte hartuko duen azaldu du.
Eskuz-lan elkartea eskualdeko artisauak elkartzeko beharretik sortu zen?
Bai. Eskuz-lan zehazki duela hiru urte sortu zen hiru artisauen artean. Pixkanaka elkartera artisau berriak batzen joan dira. Lehen bakoitzak bere kabuz etxean lan egiten zuen, baina pandemiaren ostean taldea osatzea erabaki zuten artisautza indartzeko. Egun 15 kidek osatzen dugu elkartea eta mota desberdinetako gauzak egiten ditugu. Norbaitek elkartera batzeko interesik edukiko balu, zabalik dauzkagu elkartera batzeko ateak.
Taldean antolaturik egoteak indar handiagoa ematen dizue?
Hori da. Bakarka egin ezin duzuna taldean egitea errazagoa da. Adibidez, azokak antolatzeko orduan elkarte bat izateak erraztasunak ematen dizkizu udalekin edo beste entitateekin harremanetan jartzeko orduan. Batez ere, talde moduan Hondarribin eta Irunen egiten diren ekintzetan parte hartzen dugu.
Artisautza al da zuen ogibidea?
Elkartea osatzen dugun artisau gehienek artisautza ez den beste lanbide bat dugu. Hala ere, elkartearen helburuetako bat da artisauei bidea erraztea eta posible den heinean gure zaletasunaz bizitzeko aukera izatea. Elkartean bada soilik artisautzaz bizi den baten bat, baina gutxi dira.
Nolako sorkuntzak egiten dituzue?
Batzuk oihalekin lan egiten dugu, hau da, josketa teknika ezberdinak erabiliz hainbat gauza sortzen ditugu. Elkartean bada larruarekin lan egiten duen jendea, bai eta osagarriak sortzen dituztenak ere. Beste batek, aldiz, gerrikoak egiten ditu. Horietaz gain, bitxiak egiten dituen jendea ere badugu. Kamiseten estanpazioak egiten dituen beste kide bat ere badugu. Beraz, pixkanaka taldea handitzen ari da.
“Guk eskaintzen ditugunak gauza bereziak eta bakarrak dira, eta beraz, oso aproposak suertatzen dira opariak egiteko”
Aipatu duzun moduan, kide berriak jasotzeko prest zaudete.
Bai, ez dago inolako arazorik. Elkarteko kide izateko arau batzuk bete behar dira, baina bazkide berriak onartzeko prest gaude. Elkartera batu nahi dutenek Ogasunean alta emanda egon behar dute eta bakoitzak erantzukizun zibileko asegurua izan behar du. Artisautzan hasi berriak direnentzat zaila izaten da pausu hori ematea. Horregatik, abenduko zubian zehar, Irungo Udalaren babesarekin, Zabaltza plazan azoka berezi bat antolatuko dugu. Bertan, Eskuz-lan elkarteko kide bakoitzak artisaua den beste lagun bat eramango du gonbidatu bezala. Gonbidatuek azoka horretan parte hartzeko ez dute Ogasunean alta emanda egon behar eta ez zaie asegururik eskatzen, anfitrioiaren aseguruan sartzen baita. Horrela, artisautza azoken mundua nolakoa den probatzeko aukera dute berriek, elkarteko bazkide izan nahi ote duten erabaki aurretik.
Elkarte bat izanik, kideen artean elkartasun handia dagoela pentsa daiteke, ezta?
Gure artean ez da inolako arazorik eta nahiz batzuek antzeko gauzak egiten ditugun, bakoitzak bere estilo propioa du azkenean. Beraz, batek ez duena besteak izango du, gure arteko norgehiagokarik gabe.
Urtean zehar zein ekitalditan parte hartzen du elkarteak?
Batetik, baditugu finkoak diren hitzorduak. Adibidez, Irunen hilabete bakoitzeko lehen igandean Colón pasealekuan egon ohi gara, Igandero egitasmoaren barruan. Hilabeteko hirugarren eta laugarren asteburuetan, berriz, Hondarribiko kirol kaian egiten dugu azoka. Bazkide izan nahi dutenei ekintza horietara gurekin probatzera etortzeko aukera ere ematen diegu. Azoka bakoitzean parte hartzen duten postuen kopurua guztiz aldakorra da, eta beraz, kasu bakoitzean erakusketari bakoitzaren eskaintza kontuan hartuta antolatzen gara, produktu antzekoak dituztenak elkarrekin pilatu ez daitezen.
Bestetik, ekintza finkoez gain, noizean behin beste herrietan ospatzen diren festetan edo ekintzetan ere parte hartzen dugu. Esaterako, elkarteko bazkideetako bat Lazkaokoa da eta Lazkaoko Udaletik ere beren ekitaldietara gonbidatzen gaituzte. Duela gutxi elkarteko zenbait kidek Berako Lurraren Egunean parte hartu genuen. Izan ere, elkarteko bazkideak izan arren, bakoitzak bere kontura berarentzako azokak bilatzen jarraitzeko aukera ere badu. Horrela, Barakaldon, Urrozen edo Elizondon egon gara gure postuekin gutako batzuk. Azokak funtsezkoak baitira artisauen lana zabaltzeko.
“ Elkarteko kide izateko arau batzuk bete behar dira, baina bazkide berriak onartzeko prest gaude”
Aurtengo Gabonetan ere berriz ikusiko zaituztegu Zabaltza plazako merkatuan, ezta?
Bai, hala da. Abenduko zubian, hau da, abenduaren 6an eta 8an, Hondarribiko Kirola Kaian egingo den azokan parte hartuko dugu.Aurtengo Gabonetan ere, hau da, abenduaren erdialdean, Irungo Zabaltza plazan jarri ohi den merkatuan izango gara berriro. Udalak egurrezko etxolak jartzen ditu eta hiriko merkatari eta ostalariekin batera Eskuz-lan elkarteko artisauok ere bertan parte hartzen dugu. Abenduaren erdialdean hasi eta Errege Egunaren bezperara arte egon ohi gara azokan, goizez zein arratsaldez. Gainera, azoka oso ondo girotuta egon ohi da, plazari apaingarri politak jartzen baitzaizkio, eta animazio ekintzak ere antolatzen dira bertan, eta parean, Luis Marianoko lorategietan, izotz pista egon ohi da.
Gabonetan horrelako azoka batean parte hartzeko aukera lagungarria izango da zuentzat.
Noski. Oso eskertuak gaude aurten hirugarren urtez bertan parte hartzeko aukera emango digute eta. Iaz azokan egon ginen artisau gehienek aurten berriro errepikatuko dugu, beraz, hori seinale ona da. Jende asko igarotzen da egun horietan bertatik eta jendeak asko eskertzen du eskaintza zabal horren erdian artisauek egindako produktuak topatzea. Guk eskaintzen ditugunak gauza bereziak eta bakarrak dira, eta beraz, oso aproposak suertatzen dira opariak egiteko.
Nola irudikatu nahiko zenukete elkartearen etorkizuna?
Elkarteko kideek artisautzaz bizitzeko aukera izateaz gainera, Eskuz-lanen bestelako helburuak ere baditugu. Esaterako, Irunen edo Hondarribian tarteka gaueko merkaturen bat antolatzea gustatuko litzaiguke, agian, udara partean. Horrelako ekintzak egitea erakargarria izan daitekeela uste dugu, Hendaian egiten denaren antzera.
Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai.