Eskualdeko hamabi turismo-eragileak bat egin dute Euskadiko Turismoaren Kode Etikoarekin

Irun eta Hondarribiko udalek, Bidasoa bizirik-en bidez, eskualdeko turismo eragileak Basquetour Turismoaren Euskal Agentziak egin duen Euskadiko Turismoaren Kode Etikoari atxikitzea bultzatu dute.

Agiriak ekintza eta konpromisuen katalogo bat du eta bere helburua turismo eragile guztiek euren egunerokotasunean ardura sozialak eta ingurumen-jasangarritasuna eta baita ekonomikoa ere barneratzea da. Horretarako Turismoaren Munduko Erakundeak garatutako munduko kode etikoaren printzipioak onartu ditu, baita Nazio Batuetako 2030 Agendaren Garapen Jasangarriaren helburuak ere.

Horregatik, Kode honek hainbat jokabide ematen ditu, eragile turistiko guztiek jarraitu behar dituztenak, helburu komun hau lortzeko: turismo arloko jarduna kohesionatzea, errespetua eta ulermena izan daitezen turismo jasangarri eta arduratsu baten ardatz nagusia.

Zehazki, Kode honen xedea da identifikatzen gaituzten baloreak baliabide bihurtzea gure garapen turistikoa modu lehiakor batean ulertu eta kudeatzeko. Izan ere, dokumentuan bertan esaten den bezala, “Euskadiko Turismoaren Kode Etiko honetan ezartzen diren oinarrizko printzipioak ezin dira lortu euskal agente turistiko guztien lankidetzarik eta erantzukizun partekaturik gabe”.

Euskadiko Turismoaren Kode Etiko hau hainbat eragile turistikoren lankidetzarekin prestatu da, zeintzuek proiektuan parte hartu baitute beren ikuspegia azalduz eta sektorean duten esperientzia eskainiz. Hauexek dira eragile turistiko horiek: Estatuko Turismo Idazkaritza (SET), Turismoaren Mundu Erakundea (TME), unibertsitateak, lankidetza turistikoko erakundeak, turismoaren kudeaketako egiturak, enpresa elkarteak eta beste erakunde publiko batzuk.

Eskualdeko hemeretzi enpresak Kode etikoarekin konpromisoa hartu dute

Navegavela, Jolaski, Conservas Hondarribia, Atalaia jatetxea, Oiasso museoa, ETH Irun, Atalaia, Jauregui eta Aitana hotelak, Goiznabar nekazaritza-turismoa, Europa pentsioa eta Bidasoa bizirik agentzia bera dira Kode Etikoaren bereizgarria duten eragileak.

Horiekin batera, 2021. urtean Villa Magalean hotelak, Marei eta Bidatour turismo zerbitzuetako enpresak, Iketxe eta Haritzpe landa-turismoko enpresak, Ekoetxea Txingudik eta Txingudi-Jaizubia autokarabanen aparkalekuak bat egingo dute ekimenarekin.

“Basquetour-eko Praktika Egokien ekimenetan parte hartzen genuen lehendik, eta Kode Etikoarekin ere bat egin nahi genuen, enpresan jada aplikatzen genituen gauza asko baitzeuden bertan jasota. Beraz, ideia ona iruditu zitzaigun, batez ere turismo iraunkorrarekin zerikusi handia duelako, hau da, etorkizunarekin, eta uste dugulako Kodean planteatzen diren gauzak inplementatu egin behar direla”, azaldu du Lorena Sanchezek, Hondarribiko Jauregi Hotelekoak.

ETH Irun hoteleko Sonia Paradak nabarmendu duenez, Kode Etikoari atxikitzea “beharrezko konpromisoa da. Azkenean, bertan jasotzen den guztia turismoan dihardugunon DNAn sartzen da, turismo iraunkor eta arduratsua garatzeko apustua egiten baitugu. Horregatik, guztiek gure eguneroko bizitzan egiten ditugun gauzak dira, ez bakarrik Kodearekin bat egiten dutenek. Baina atxikitzeak indar handiagoa ematen dizu, jarraibide edo urrats batzuk dituzu eta. Gainera, prozesua oso erraza izan da”.

Kodea beren enpresetan ezarri ahal izateko, eragile bakoitzak sentsibilizazio jardunaldi batean parte hartu du (edo orain bat egingo dutenen kasuan, laster egingo dute). Konpromisoa sinatu ondoren, prestakuntza jaso zuten eta taldekako laguntza teknikoko saio batean eta banakako beste batean parte hartu zuten, azken egiaztapena egiteko balioko dien memoria bat egiteko.

Behin onartuak izan direla, egiaztatze-diploma, pegatinak eta beren web orrietan, posta elektronikoetan, sare sozialetan eta  bestelakoetan erabili ahal izango duten banner digitala jaso dute.

“Gaur egun, eskualdeko 12 enpresak bat egin dute ekimen honekin, eta hori oso pozgarria da, gure kultura defendatzeko eta gordetzeko apustu garbia baita. Eta helmuga turistiko iraunkor eta errespetuzkoaren aldeko apustua ere bada”, esan du Miguel Ángel Páez Bidasoa bizirik-eko presidenteak.

Bestalde, agentziako presidenteiorde den María Serranok azaldu du Bidasoa bizirikek, Eusko Jaurlaritzarekin batera, eskualdeko eragileen parte-hartzea finantzatu duela, izan ere, “uste dugu Kode Etikoa oso positiboa dela, ez bakarrik gure sektore turistikoari begira, baita bisitatzen gaituzten pertsonei begira ere. Horregatik, espero dugu gero eta gehiago izatea ekimen honetan parte hartuko duten turismo-eragileak”.

Kode Etikoaren puntu nagusiak

Kodeak bisitarien eskubideak, establezimendu jasangarrien aukeraketaren bultzada eta Eusko Jaurlaritzaren Turismo sailaren aldetik eta baita sektorearen aldetik ere, informazioa emateko eta prebenitzeko konpromisuan lan egiteko beharra azpimarratzen ditu.

Honez gain, agiriak azpimarratzen du turismoarekin zerikusia duten jarduerek genero-berdintasuna, inklusioa eta tolerantzia errespetatu ditzatela. Ingurumen-jasangarritasuna ekintza zehatzekin babestuko da, batez ere, administrazioen eta sektorearen aldetik, epe eta toki jakin batzutatik kanpoko egonaldiak sustatzea eta ekoturismoa, eta natura-ondarea eta ekosistemak errespetatzen dituen natura-turismoa sustatzea.

Kode hau sinatzerakoan, eragile turistikoek bertako kultura eta tradizioa eta ondare kulturalaren errespetua eta zaintza-lan garrantzitsu bat onartzen dute, bertako komunitateek turismo-jarduerekin bat egin dezaten eta onura ekonomikoak, sozialak eta kulturalak, enplegua bereziki, har ditzaten pizgarriekin batera joango delarik.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude