Ikasturte berriaren hasierarekin bere ibilbidea abiatu du Txingudi Egaindar klubak. Neska zein mutilei eskubaloiaz gozatzeko aukera eskaintzeko helburuarekin sortu da Txingudi Egaindar, hezkuntza esparru batean, pertsonen osotasuna eta baloreen ikaskuntza sustatzen den bitartean. Haurrentzako eskolaz gainera, neska eta mutilen senior talde bana osatzea lortu dute lehen denboraldi honetan, beti ere, datozen urteetara begira talde eta kategoria gehiago eskaintzeko asmoarekin.
Izaskun Larruskain, klubeko zuzendaritzaren ordezkaria:
Nola sortu zen kluba martxan jartzeko ideia?
Guraso batzuek Irunen kirol hau indartzeko beharra ikusi genuen. Bidasoa oso maila altuan egon arren, neskentzako senior talderik ez zegoela konturatu ginen eta udaran klub berria sortzeko erabakia hartu genuen.
Nola moldatu zare eskualdean klub berria ezagutzera emateko?
Pixakanaka goaz eta eskualdeko haurrei kirola probatzeko gonbidapena luzatu nahi diegu. Jendea guregana galdezka hurbiltzen da. Hirian futbolarekin gertatzen den bezela, Bidasoaz gainera, Irunen bestelako klubak egotea interesgarria iruditzen zaigu eskubaloiaren kultura aberasteko.
Lehen hilabeteak gogorrak izan dira?
Bai, espero genuena baino gogorragoak. Udaran las asko egin dugu, arropa hautatzeaz gainera, pistak eskatu behar genituen eta udalak pista horiek eskaintzek esfortzua egin du. Mila gauza egin behar dira, baina, aurrera goaz ilusioz eta denon artean.
Talderen batean jokalari berrientzako hutsuneak dauzkazue oraindik?
Mutilen taldea beteta daukagu eta nesken taldean duela gutxi bi jokalari berri onartu ditugu. Eskolako izen-ematea irekita dago oraindik, bereziki, 5. eta 6. mailako haurrentzat.
Zeintzuk dira Txingudi Egaindar klubaren bitartez zabaldu nahi dituzuen baloreak?
Klubean garrantzi handia ematen diegu baloreei. Kluba soziala izan behar dela uste dugu, hau da, emaitzez gain, kirolaz gozatzea eta talde lanari garrantzia eman nahi diogu. Gainera, eskolaren gaiarekin loturik inklusioa lantzea gustatuko litzaiguke.
Zeintzuk dira datozen urteetarako dauzkazuen erronkak?
Gure erronka nagusia aurrera jarraitzea da. Eskola sendotu nahi dugu, horretarako, urtean zehar jardunaldi ezberdinak antolatuz. Etorkizunean talde gehiago izan nahiko genituzke, seniorrez gainera, infantil edo kadete taldeak osatu ahal izateko. Eskubaloia zentzu guztietan indartu nahi dugu eta denborak esango digu zein den gure tokia.
Haitz Intxausti, senior mutilen taldeko jokalaria:
Hainbeste klubetatik igaro ostean, nola iritsi zara klub berri honetara?
Aurreko urtean Hondarribiko klubean jokatu genuen. Entrenatzaileak komentatu zigun klub berri bat sortzeko asmoa zegoela eta berarekin etortzea erabaki genuen.
Giro ona duzue taldean?
Bai, adin diferenteetako jendea dago taldean, baina, hainbeste urteetan elkarrekin jolasten ibili ostean denak ondo ezgautzen gara.
Lehen partiduetan zuen burua neurtzeko aukerarik izan duzue?
Nahiko ondo galbiltza, izan ere, lehen lau partiduak irabazi ditugu, gainera, tarte handiarekin eta nahiko gustora jolasten ari gara.
Zein aurreikuspen egiten duzu denboraldi amaierara begira?
Denboraldia kategoriaz igotzen amaitzea gustatuko litzaiguke, hori da denek bilatzen duguna. Pixkanaka joan beharko dugu, esaten den bezala, partiduz partidu.
Eskualdean honelako klub baten sorrera beharrezkoa ikusten zenuen?
Bai, Irunen betegabeko hutsunea gelditu zen eta hori betetzen saiatzea interesgarria iruditu zaigu.
Maialen Unanue, neska seniorren taldeko jokalaria:
Eskubaloian izandako lehen esperientzia izan da zuretzat?
Ez, aurretik bi klubetan ibilia nintzen, Bidasoan eta Hendaian. Klub berri bat sortzea proposatu ziguten eta klub eta ekipo ezberdinak nahastuz orain dugun taldea sortu da.
Nolakoak izan dira lehen hilabete hauek?
Hasieran gutxi ginen eta martxa hartzea kostatu zitzaigun. Orain, ordea, ekipoa osatzea lortu dugunean jokalarien artean giro ona dagoela ikusi dugu.
Ondo ikusten duzue zuen burua denboraldi honetara begira?
Talde berri bat gara, elkarrekin gehiago jolastea falta zaigu hobeto elkar ezagutzeko. Gogoak dauzkagu eta elkarrekin entrenatzea gustatzem zaigula nabaritzen da. Partiduak galdu edo irabazi arren, oso ondo pasatzen dugu elkarrekin.
Neska jolakariak onartzen dituzten taldeak topatzea zaila da gaur egun?
Bai, Txingudi Egaindar taldearen sorrerarekin pozik gaude, izan ere, senior kategorian zaila da neskentzako taldeak topatzea.
Elkarrizketen bideoa Txingudi Onlinen.