Bigarren diskoa aurkezten dabil Pecozza United taldea
Ez dute ezkutatu. “Eszeptizismoaren poltronatik” hitz egiten dutela aitortu dute, bigarren diskoaren tituluan. Kritika zorrotza egiten dute, baina ez dute alternatibarik proposatzen. “Edozein proiektu, proposamen edo aldarrikapen zalantzan jartzen dugu”, azaldu du Beñat Muguruza Pecozza United-eko gitarra jotzaileak. Jarrera horrekin eroso daude, ordea, taldeko hiru kideak. Dibertigarria dela esan dute, gainera. Lander Bidaurre (abeslaria) eta Xabier Burgaña (bateria jotzailea) ere, barre algaraka ibili dira elkarrizketa osoan zehar.
![](https://irunero.eus/wp-content/uploads/2017/02/1-2-300x200.jpg)
Serio jarri behar izan dute, dena den, zirkulu komertzialean sartu izana leporatu dietenean. Garate estudioan grabatu dute bigarren diskoa, edizio txukun eta dotore bat egin dute, eta Durangoko Azokan izan dira lana aurkezten eta saltzen. Alabaina, Pecozza United-eko kideek ez dute uste taldearentzat kontraesanak izan direnik. “Homonimoarekin eduki ditugun irabaziekin, estudio hobe bat ordaindu ahal izan dugu”, argitu du, lasai asko, Lander Bidaurrek. Harago joan da Beñat Muguruza: “Ez zait gustatzen minoritario izatea minoritario izate hutsagatik. 200 disko beharrean 3.000 saltzen baldin baditugu, askoz hobe”.
Zale batzuk kexatu zaizkie, ordea, 8 euroren truke, 9 abestiko diskoa saldu dietelako. Irundik-Donostiarako topoaren ibilbidean, esaterako, bi aldiz entzun daiteke osorik, ez baita hamabost minutura iristen. “Badirudi batzuei gehiago inporta zaiela kantitatea, kalitatea baino”, iradoki du Xabier Burgañak. Soinuaren aldetik, ordea, estudio profesional batean grabatu dutela hasiera-hasieratik igartzen dela onartu diete. Edonola ere, pozik daude esperientziarekin. Bi gau pasa zituzten Garate estudioan, eta harreman estua egin zuten Martxel Arkarazo teknikariarekin. Aitor Perezekin Homonimoa diskoa grabatu zutenekoarekin konparatuta, oraingoa samurragoa izan dela uste dute. Hain zuzen ere, orduan lortu zuten esperientziagatik. “Orain ibilbide bat dugu, eta bakoitzak eskarmentu handiagoa du bere arloan”, gaineratu du Bidaurrek.
Pecozza United-en abestien egituran eta estiloan ez da aldaketa handirik egon. Pixka bat gehiago landu dituztela aldarrikatu du, hala ere, Muguruzak: “Lehen diskoan, abestiak egitea eta ateratzea zen gure helburua, besterik gabe”. Kantuen hitzetan, umorea eta ironia erabiltzen jarraitu dute. Dena den, kasu batzuetan, finagoak dira hitzak, ez horren esplizituak eta zuzenak. “Egia da lege aldetik badaudela muga batzuk. Baina gainera, uste dut denok autozentsura egiten diogula gure buruari. Ez dut uste guk nahita egiten dugunik, inkontziente samarra da”, azaldu du Burgañak. Alabaina, diskorako abestien hautaketa egiterakoan, autozentsura kontzientea egin dutela gogorarazi du Bidaurrek. Gai batzuk bide bazterrean geratu dira, beraz. “Astakeriaren bat badago diskoan”, azpimarratu nahi izan du Beñat Muguruzak: “Kontua da aurrekoan hiruzpalau zirela”.
Nola eutsi originaltasunari
Ez ohiko gaiak, ausartak topatu zituzten aurrekoan, eta bidea mantendu dute oraingoan ere. Badago entitate bat, ordea, modu batean edo bestean, hiru abesti ezberdinetan aipatu dutena: EITB taldea. “Telecinco imitatzen ari da, audientzia handitzeko. Eta gainera ez du lortu”, salatu du Burgañak. EITB kritikatzea, baina, ez da oso alternatiboa. Ohiko samar bilakatu da azken aldian. Muguruzak aipatu du abestien ikuspuntuarekin asmatzea dela zailena. Gaiari nondik eta nola heldu, azken finean. Probokazioa da Pecozzaren helburu nagusietako bat, eta EITBren kasuan, behintzat, bete dute jomuga. Durangoko Azokako Ahotsenea espazioan eman zuten kontzertuaren bideoa zentsuratu zutela salatu dute. Baxoia euskaraz abestiko azken oihua ezabatu zuen komunikazio talde publikoak: “ETB antenatik at! Ia”.
Gainerakoan, Durangoko Azokan esperientzia ona izan zutela baieztatu du hirukoteak. Mara Mara diskoetxearen stand-ean egon ziren, Jabier Muguruzarekin batera. Durangoko Landako gunetik oso gertu dagoen zentro palentinoan ere ibili ziren, euskal kulturaren munduko beste jende asko bezala. “Kontraste polita da. Urtean zehar zentro palentino arrunta izango da. Baina egun horietan, euskal elite kulturalaren topaleku bilakatzen da”, adierazi du Burgañak. Kantua eskaini diote, hain zuzen ere, azken diskoan. “Postureoen tenplu” izendatu dute zentro palentinoa. Azalpena eman du Beñat Muguruzak: “Euskal kultur abertzalearen munduko jendeari gustatzen zaio zentro palentinora joatea, erakusteko zeinen irekiak diren. Ez daudela beti kobazuloan sartuta”.
Angula Berria komunikabideak argitaratutako argazki bat hautatu dute diskokoaren azalerako. Colon Ibilbidetik igarotzen ari den manifestazio bat da. Bertan, Pecozza United taldeko hiru kideak agertzen dira. “Manifara joan ginen, ez pentsa argazkirako jarri ginenik”, argitu du Lander Bidaurrek. Gainerako parte hartzaileen aurpegiak pixelatu egin dituzte, baina argitu dute oso serio agertzen zirela denak. Haiek ordea, barrezka daude argazkian. Ezin esan umorea falta zaienik.
Hurrengo kontzertuak:
Otsailak 18, Berako Ikuilu ostatuan.