Ethan Ramírez motoziklista irundarrak motoen kategoria gorenetan lehiatzea du amets

Ethan Ramírezek 12 urte besterik ez dituen arren, aurten mundialeko zenbait zirkuituetan lehiatuko da bere motoarekin. Oraintxe bertan 125 zentimetro kubikoko moto batekin lehiatzen ari da, baina 200 zentimetrokoarekin ere badabil, eta hurrengo denboraldiari begira 300 zentimetro kubikoko moto batekin lehiatzen hastea da helburua. Irungo motozaleak azaldu du nola ari den prestatzen aurtengo eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko.

Nondik datorkizu motoziklismorako zaletasuna?
Oso txikia nintzenetik erakutsi dit aitak motoekiko zaletasuna. Ez zuen ahalegin handirik egin behar izan niri motoak gustukoak izateko, eta berehala ikusi zen motoen mundua benetan gustukoa nuela. Berehala jostailuzko moto bat eskatzen hasi nintzen eta, ostean, abiadurazko moto bat nahi izan nuen. Horrela iritsi naiz honaino.

Noiz hasi zinen txapelketetan parte hartzen?
Moto elektriko batekin entrenatzen hasi nintzen eta, ondoren, abiadurazko moto txiki batekin hasi nintzen txapelketetan lehiatzen sei urte bete nituenean.

Nola laburbilduko zenuke aurreko denboraldia?
Iazko denboraldia ez zen guztiz txarra izan, baina egia da arazoren bat izan genuela. Motorrak pare bat aldiz huts egin zigun eta horrek ez zigun utzi espero genituen emaitzak lortzen.

Aurtengo lehiaketekin hasi al zarete?
Bai, oraingoz lasterketa batean lehiatu gara eta oso pozik nago lortutako emaitzekin. Aurreko taldera hurbiltzea lortu dut. Denboraldi honetan ahalik eta emaitza onenak lortzea interesatzen zait, baina, batez ere, hurrengo denboraldia prestatzen ari naiz buru-belarri. Aurten MotorLand eta Montmelóko zirkuituetan lehiatuko naiz.

Nolakoak dira txapelketak prestatzeko egiten dituzun entrenamenduak?
Lehiaketak prestatzeko, Irungo Karting Indoorren entrenatu ohi naiz, IMRS Schoolean. Egia da ez dela leku handiegia, baina, hala ere, lehiaketei begira prestatzeko eta hobetzeko aukera ematen dit. Eskerrak ematen dizkiot Luisi, nire entrenamendu irakasleari; izan ere, bere esperientziari eta hemen Irunen duen eskolari esker, entrenatzeko aukera daukat.

Zeintzuk dira zure helburuak aurtengo denboraldirako?
Denboraldi honetarako, podiumera iristea izango litzateke helburua. Gainera, gustatuko litzaidake txapelketa irabazten saiatzea. Bi eragozpen horiek betetzea lortuko banu, denboraldi bikaina izango litzateke.

Zeintzuk dira zure erreferenteak motoaren munduan?
Nire erreferenterik handiena Marc Márquez da, nire idoloa baita. Etorkizunean bera bezalakoa izatea gustatuko litzaidake.

Txapelketak eta entrenamenduak ikasketekin uztartzea erraza da?
Zaila izan daiteke. Egun batzuetan gehiago ikasten dut eta beste batzuetan gehiago lehiatzen edo entrenatzen naiz. Baina beti nire lehentasuna ikasketak eta etxeko lanak dira. Nire betebeharrak bete ditudanean, motoei eskaintzen diet denbora, azken batean nire zaletasunak baitira.

Nolakoa da txapelketa baten prestaketa?
Lehiaketa bat dudanean behar bezala prestatzeko, lehenengo eta behin jakin behar dudana da zein zirkuituotan lehiatu behar dudan. Zirkuitu bakoitza desberdina da; horregatik, garrantzitsua da lehiatzen hasi aurretik trazadura zein den ondo ikastea. Horrek aukera ematen dit buruan izateko zein ibilbide egin behar dudan, eta emaitza onenak lortzeko erabakiak hartzen laguntzen dit. Pista barruan nagoenean, irteerarako kontzentratzen saiatzen naiz.

Babesleen laguntza ezinbestekoa da mundu honetan lehiatzeko?
Bai, izan ere, diru asko behar da kirol honetan aritzeko. Beraz, babesle asko behar ditugu txapelketak etxetik urrun daudelako eta material asko behar delako.

Erraza al da txapelketetan urduritasunak kontrolatzea?
Normala da urduri egotea lehiaketa bat hasi aurretik. Baina egia da eskarmentuak nerbio horiek kontrolatzen laguntzen dizula eta pixkanaka hobekuntzak ikusten dituzula.

Nola erreakzionatzen du jendeak abiadurazko motoekin lehiatzen zarela jakiten duenean?
Jendea harritu egiten da hasieran. Jendeari jakin-min handia sortzen dio eta dena nola doan jakin nahi du. Motoziklismoa futbola edo beste kirol ezagunago batzuk bezain kirol jendetsua ez den arren, nik motoak mundu guztiari gomendatzen dizkiot. Niri iruditzen zait motoena dela existitzen den kirolik onena.

Zer da gehien gustatzen zaizuna motoziklismoan?
Niretzat motoak duen onena kirol honi esker ikasten dituzun gauza guztiak dira. Gainera, abiadura asko gustatzen zaidala onartu behar dut, oso ondo pasatzen duzulako eta jarraitzeko aukera ematen dizulako.

Jende askok uste du motoziklismoa kirol arriskutsua dela. Zuri zer iruditzen zaizu?
Jende askok esaten dit egiten dudan kirola arriskutsua dela. Ni saiatzen naiz pentsatzen ez dela hain arriskutsua, lasai egoteko eta lehiatzen jarraitu ahal izateko.

Gaur egungo lehiaketaz gain, beste txapelketa batzuk lehiatzea gustatuko litzaizuke?
Etorkizunean Moto 3, Moto 2 eta Moto GP txapelketetan lehiatu ahal izatea gustatuko litzaidake. Oraingoz, nire mailan lehiatzen ari naiz, baina etorkizunean maila horretara iristeko lehian jarraitzea gustatuko litzaidake.

Posible ikusten duzu motoen mundutik bizitzea?
Zaila iruditzen zait, baina ahaleginarekin eta lanarekin dena lortzen dela uste dut.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude