Etorki Games enpresa irundarraren errealitate birtuala

Etorki Games 2013 urtean Alex Camarero eta Ion eta Pablo Ocasar anaia irundarrek martxan jarritako enpresa da. Diseinatzaile eta programatzaileen lana elkartuz bideojokoen sorrera helburutzat duen enpresa martxan jartzea erabaki zuten inguruan merkatu horrek zuen hutsunea aprobetxatzen saiatzeko. Hasierako urte haietatik gauza asko aldatu dira, izan ere, enpresa era nabarmenean handitu da eta lan-taldea handitzeko beharrean ikusi dira proiektuak aurrera ateratzeko. Egun bideo-joko mundu osoan ezagunak dira, Europa osoan, Estatu Batuetan edo Tailandia bezalako herrialdeetan jarraitzaileak dauzkatelarik.

Zergatik ipini zenioten enpresari Etorki Games izena?
Ion: Izen original baten bila genbiltzan eta bertako hitz bat erabiltzea bururatu zitzaigun. Horrela, “etorkizunetik datozen jokoak” zentzua eman nahi izan genion izenari.

Zaila izan zitzaizuen hasieran bideojokoen merkatuan sartzea?
Ion: Hasieran “Tower Defence” bezala ezagutzen diren jokoen sorreraren bitartez merkatuan sartzen saiatu ginen bertan topatutako hutsunea betetzeko asmoz. Jokoa sortu eta merkatura atera genuenean, ordea, denbora gutxian gauzak asko aldatu zirela ikusi eta jokoak arrakasta gutxi izan zuen.

Orain arte zenbat bideo-joko garatu dituzue?
Ion: Denetik egin dugu. Iraupen luzeko bideo-jokoak egiten hasi ginen, baina, beranduago joko txikiagoak sortzea guretzat egokiagoa zela konturatu ginen eta joko txikien sorreran topatu dugu gure arrakasta. Hain zuzen ere, hortik dator askok interneten gu identifikatzeko erabiltzen duten “Keplerians” izena.

“Joko txikien sorreran topatu dugu gure arrakasta”

Ion Ocasar, programatzailea eta bideo-joko diseinatzailea

Nolakoa da bideo-joko baten sorrera prozesua?
Alex: Ideia eta aurkaria zeintzuk izango diren zehaztea da lehen pausua. Ondoren, zereginak banatzen ditugu orain talde handiagoa garela aprobetxatuz. Alvaro marrazkilariak lehen irudiak sortzen ditu ideiari forma emateko, jarraian, ideia modelatu eta margotzeko. Orain 3D-tako irudiak sortzen ditugu gure jokoetarako. Azken pausua animazioa izango litzateke, programatzailearen lanaren bitartez pertsonaia jokoan integratu aurretik. Optimizazioan dena elkartu eta jokoa nahi den plataforman publikatzeko prest egongo litzateke jada.

Zein plataformekin lan egiten duzue bideo-jokoak zabaltzerako orduan?
Pablo: Hasieratik plataforma mugikorretan zentratu dugu gure lana, izan ere, ordenagailurako jokoak sortu ahal izateko errekurtso, langile eta finantziazio gehiago behar zelako. Gainera, garai hartan merkatu mobilaren gorakada gertatzen ari zen, pertsona gutxiren artean joko txikiak sortzeko aukera ematen ziguna.

Kategoria eta adin guztietarako bideo-jokoak sortzen dituzue?
Pablo: Beti jokalari guztientzako jokoak sortzea izan dugu helburu, talde zehatzegia hautatuz gero zailagoa izango litzatekeelako gure jokoak ondo posizionatzea eta arrakasta lortzea.

Zenbat deskarga izan ditzakete zuen jokoek?
Ion: Crossy Creeper jokoa izan da orain arte deskarga gehien izan dituen jokoa 7.000.000 deskargekin. Orain, izuarekin loturiko bideo-jokoekin lanean ari gara eta gutxienez 1.000.000 jaitsialdiak gaindituko direla zihurtaturik dugu. Duela hilabete gure azken bideo-jokoa atera genuen eta jada 1.000.000 deskargetatik hurbil dabilela dakigu.

Nolako harrera izan du zuen azken jokoak?
Pablo: Ice Scream jokoarena orain arte izandako merkaturatzerik onena izan dela esan dezakegu. Publikoa jokoaren zain zegoela bagenekien aurretik antzeko beste bi izu-joko atera genituelako, besteetan zihurtasun gutxiago izan dugu. Harrera nahiko ona izan du, beraz, oso pozik gaude. Hemendik aurrera hazten jarraitzea espero dugu eta horrela antzeko jokoak egiten jarraituko dugu.

“Ice Scream jokoarena orain arte izandako merkaturatzerik onena izan dela esan dezakegu”

Pablo Ocasar, programatzailea

Zeintzuk dira joko arrakastatsu bat sortzeko gakoak?
Pablo: Hori zehaztea zaila da, joko motaren araberako baita. Izan ere, joko batzuek egunero jolastea eskatzen dute. Beraz, jokoak ondo bideratzea garrantzitsua da, hauek ondo monetitzatu eta etekin ekonomikoak lortu ahal izateko.

Bere garaian Irunekin lotutako turismo-aplikazio bat garatu zenuten ezta?
Pablo: Bai, turismo aplikazio bat zen eta ukitu dibertigarria eman nahi izan genion. Jokoaren helburua hiriko zenbait leku bisitatzea zen eta opari moduan hiriko eraikinen irudiak 3D jasotzen zituzten erabiltzaileek.

Jendeak egoitza Irunen duzuela ezagutzen duela uste duzue?
Alex: Ez, nik uste jendeak ez dakiela. Hala ere, guk ez diogu garrantzi handirik ematen gai horri eta jendearentzako nahiko ezezaguna da Irunen ere mota honetako enpresak daudela.

Nondik lortzen dituzue enpresa aurrera ateratzeko diru-sarrerak?
Alex: Gehien errepikatzen den galdera izan ohi da, dohakoak diren jokoak sortzen ditugu eta. Batez ere, publizitatearen bitartez lortzen dugu dirua, jokalariek publizitatea ikusten dutenean. Hala ere, publizitatea neurriz erabili behar da jokalariak ez aspertzeko eta jokatzeari ez uzteko. Era berean, YouTube bezalako bideo plataformetan jokalariek publikatzen dituzten bideoak eta iruzkinak oso garrantzitsuak dira.

“Jendearen eskakizunak entzuten jakitea garrantzitsua

da joko arrakastatsuak sortu ahal izateko”

Alex Camarero, diseinatzailea

Etorkizunari begira, aurrera eraman nahiko zenuketen ideiarik duzue buruan?
Alex: Bai, jendearen eskakizunak entzuten jakitea garrantzitsua da joko arrakastatsuak sortu ahal izateko. Buruan ideia ugari dauzkagun arren, ideia horiek garatzeko denbora behar dugu, azken finean, xehetasun asko lotu behar dira eta lan talde txikia dugu.

Noiz ikusi ahalko dugu hurrengo bideo-jokoa?
Alex: Oraintxe gure azken bideo-joko hobetzeko lanetan murgildurik gabiltza orain. Gainera, azken joko hau hainbat zatitan banatu dugu, kapitulu berriak sortu eta pixkanaka horiek publikatzen joateko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude