
Cristina Laborda Obretako ordezkariak eta Mónica Martínez Herritarren Parte-hartzeko ordezkariak Anakako etxeen berrurbanizazioaren ildo nagusiak eta parte hartzeko prozesua jakinarazi dituzte. Proiektua dagoeneko 2020aren hasieran aurkeztu zitzaion auzoari, baina pandemia agertu izanak eta haren ondorioek garatzea eragotzi dute orain arte.
Bere hitzetan, Cristina Labordak azaldu du pandemiaren ondorioz proiektu batzuk gelditu egin zirela, hala nola Anakako etxeak berrurbanizatzeko proiektua. “Covid-19agatik izan ez balitz, lehenago ekingo genion jarduketa honi, eta horren froga dadagoeneko 2020an abian jarri zela parte hartzeko prozesua. Orain, proiektu horiei guztiei heldu behar diegu berriro, nahiz eta ez diren bukatuko guk nahi genuen garaian, baina Irungo bizilagunekin ditugun konpromisoak dira, eta bete egin nahi ditugu”. Prozesu horri berriro ekiteko lehen pausoa joan den ostegun arratsaldean eman zen, Anaka-Puianako auzo-elkartean bilera publikoa eginda. Bilera hartan, jarduera hori berriro gogorarazi zen, eta parte hartzeko 2020an irekitako prozesuan atera ziren gaien berri eman zen, eta, era berean, aurten gauzatuko den fasea zehatz-mehatz azaldu zen.
Ildo horretan, Mónica Martínezek azaldu duenez, “pandemia iritsi baino lehentxeago geunden puntura itzuli gara; alegia, parte hartzeko prozesua itzuli diogu auzoari. Funtsezkoa da, eta hala egiten dugu udalaren barruko beste jarduera batzuekin zeharka: irundarren iritzia eta haien ekarpenak kontuan hartzen ditugu, Anaka auzoko hau bezalako proiektuak aurrera ateratzeko”.
Aurrekariak
Jarduketa-eremua Anaka auzoko etxeen ingurunea da. XX. mendearen hasieran eraiki ziren, 1925 eta 1936 artean, bertako urbanizazioarekin batera, laguntza ofizialekin edo interes txikiko maileguekin, langile-jendeak erabiltzeko asmoz. Aldi berean, garai hartako beharrei erantzunez egin zen urbanizazioa. Ordutik gaur egun arte, urbanizazioan berrikuntza txiki batzuk egin izan dira, batez ere azpiegiturei eta zoladurei dagokienez, baina sekzio tipoak eta zabalerak aldatu gabe.
Oro har, kaleek ibilgailuentzako zirkulazio-bide nagusi bat dute, bidearen alde batean aparkatzeko tokia utzita. Espaloiak oso estuak dira kalearen bi aldeetan, bidea eteten duten elementuak daude, oinezkoen pasabidearen zabalera are gehiago murrizten dutenak, batik bat zuhaitzak, seinaleak eta farolak.
Obren deskribapena: lehen fasea, aurten
Obretako ordezkariak aurkeztu duen bezala, jarduketaren ildo nagusiek eremurako, oro har, galtzada eta espaloia maila berean utziko dituen plataforma bakarra marrazten dute, koloreka bereiziz. Auzotarrentzat eremu atseginagoak sortzeko irizpidearekin lan egiten da, espaloi zabalagoak eginez eta zuhaitz guztiak ordeztuz, gaur egun hondatuta daude eta. Horrez gain, hala behar duten azpiegiturak berritu eta aireko lineak lurperatu nahi dira, baita argiteria berria (LED) instalatu ere, jasangarritasunaren eta aurrezpen energetikoaren irizpideei jarraiki.
Beste elementu adierazgarri bat Florencio Iracheta plazako biribilgunea egonleku bihurtzeko proposamena da, zenbait elementu jarrita, hala nola adineko pertsonek gimnasia egiteko aparailuak, pergola txiki bat…
Cristina Labordak parte hartzeko prozesua aipatu du puntu honetan, kontuan hartu baita prozesua amaitzeko. Joan den osteguneko bilkura irekian, jasotako ekarpenak aurkeztu ziren, bai eta jarduketan sartzeko edo ez sartzeko justifikazioa ere. Guztira, 62 ekarpen egin ziren, aurrez aurre eta online. Gai nagusiak izan ziren, besteak beste, espaloietan eta bideetan behar adinako desnibela egitea, ura sar ez dadin, aireko kableak kentzea, eta zuhaitzei eta trafikoa baretzeari buruzko gaiak.
Proiektuaren helburuei buruz, Cristina Labordak nabarmendu duenez, “jarduketa integral bat planteatzen da, auzoko guztientzat eremu atseginagoak sortuz. Garrantzitsua da azpimarratzea, azalera handian jardun behar baita, luze joango direla obrak eta beraz faseka planteatuko dela, irisgarritasun handiagoa lortzeko neurriak gauzatuz, hornidura-, elektrizitate- eta telefonia-sare guztiak berrituz eta zuhaitzak eta argiteria ordeztuz. Hori guztia, auzoa eta zehazki inguru hau definitu duten ezaugarri historikoak ahaztu gabe. Emaitza ona izatea espero dugu, eta lagunduko duela Irun hiri atseginagoa izaten, Anakako etxeetako bizilagunek bizi-kalitatea hobetuko baitute”. Jarduketa horren aurrekontu-zenbatespena 6,8 milioi euro ingurukoa da, eta 20.000 m2-ko azalera ukitzen du, eta familia bakarreko etxebizitzen 133 partzela, 15 etxebizitza-eraikin eta 2 ekipamendu-eraikin. Berrurbanizazioa faseka egitea planteatzen da; hau da, arestian azaldutako jarduketaren arabera, lanak eremuz eremu joango dira, inguru guztia osatu arte.
Lehenengo fasean (lanak hurrengo asteetan aterako dira lizitaziora), Florencia Iracheta plazan eta Fabiola Erregina eta Isabel I.a kaleetan jardungo da. Fase horrek bakarrik 2,4 milioi euroko aurrekontua du, eta 14 hilabetekoa da gauzatzeko epea.