Ficoba mugaz gaindiko mugikortasuna eta enpleguarekin loturiko proiektuen aurkezpen lekua izan da. Batetik, Forma NAEN proiektuaren bidez mugaz gaindiko enplegu aukerak zabaldu eta ziurtagiriak bateratzeko egitasmoa aurkeztu zen. Bestetik, TRANSFERMUGA-RREKIN proiektua baliatuz mugaz gaindiko mugikortasuna sustatuko dela azaldu zen.
Forma NAEN
Euroeskualdearen proiektuekin loturiko lehen ekintza Forma NAEN proiektuaren balorazioa izan zen. Izan ere, egitasmoan parte hartu zuten eragileak Ficoban elkartu ziren. Bileran aurrera eraman diren ekintzen emaitzak aurkezteaz gain, ziurtagiriak lortzea ahalbidetuko duen mugikortasun iraunkorrerako konponbideen berri eman zen.
Zehazki, Forma NAEN proiektuaren xedea izan da 2020-2022 aldian lanbide heziketako eskaintza kualifikatua eta berariazkoa sortzea. Gainera, Forma NAENek integrazio profesionala bilatzen du Euroeskualde mailan, langileen beharra duten sektoreek, esaterako automobilgintzak, erraztasunak izan ditzaten.
Forma NAEN proiektuari esker hainbat ekintza burutu dira. Besteak beste, alboko herrialdeko hizkuntza ikasteko oinarrizko prestakuntza, langileei zuzendutako laguntza administratiboa eta fiskala, langileen, ikasleen, irakasleen eta ikertzaileen trukeak bultzatu dira eta mugaz gaindiko espazioen sorrera sustatu da.
Forma NAEN egitasmoa aurrera eramateko, lankidetzan dihardute honako eragile hauek: Akitania Berria, Euskadi eta Nafarroa Euroeskualdea, Akitania Berriko Merkataritza eta Artisautzaren Eskualde-Ganbara (Akitania Berria-Pirinio Atlantikoak), Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentua, ZubiGune Fundazioa, Usurbil LHII, Ikaslan Gipuzkoa, TKNIKA eta Akitania Berriko Merkataritza eta Artisautzaren Profesionalen Eskualde-Ganbara. Horretaz gain, honako erakunde hauek ere egin dituzte ekarpenak: Paul Bert, LGT Saint Dominique, Louis de Foix institutua, Plaiaundi, Don Bosco, Elizondo Lanbide Eskola IIP, Donapea LHI, CI Virgen del Camino, ANFA eta EEIK.
Transfermuga-rrekin
Mugaz gaindiko mugikortasuna Akitania-Berria / Euskadi / Nafarroa Euroeskualdearen ekintzen erdigunean dago. Horregatik, Trasnfermuga proiektuaren bidez sortutako transfermuga.eu informazio atariak mugaz gaindiko bidaiarien esperientzia hobetzea eta aukera berrien bilaketa erraztea du helburu, batez ere, autobus eta tren bidez egin daitezkeen bidaien informazioa bilduz.
Elgarrekin ekimenaren bidez ia 1,2 milioi biztanle biltzen dituen mugaz gaindiko esparruan mugikortasun jasangarriak egituratuko dituen ardatz bat bermatuko da. Horretarako, Hendaian lotura multimodalen polo bat sortu nahi da, Euskal Herri-Aturriko Mugikortasun Sindikatuaren eta Eusko Jaurlaritzaren eskutik.
Sarritan mugaz gaindiko joan-etorriek garraiobidea aldatzera derrigortzen dituzte bidaiariak eta zaila da mugaren alde bakoitzeko azpiegituren eta maiztasunaren kudeaketa egokia egitea. Mugikortasuna errazteko eta arintzeko saiakera horretan, autobus eta trenen arteko intermodalitatea eta autoen eta bizikleten artekoa ere optimizatzeko beharra sortu da.
Horrela, Trasnfermuga-rrekin proiektuari esker transfermuga.eu ataria eguneratu da, webgune intuitiboagoa eta osatuagoa lortzeko. Bestetik, Euroeskualdeko garraioei buruzko datu basea zabaltzearekin batera, ibilbideen kalkulatzailea eguneratu da, % 100 open source den sistema bat ezarriz. Era berean, mugaz gaindiko garraio multimodalak integratuta eskaintzeko ikerketa abiatu da.
Hain zuzen ere, Ficoban maiatzaren 16an egindako ekitaldian Transfermuga-rrekin proiektuko 3., 4. eta 5. ekintzak aurkeztu zituzten lantalde teknikoetako kideek. Jarraian, bi mahai-inguru egin ziren. Lehenengoan trena mugaz gaindiko eremuan egituratzea bermatzeko eman beharreko urratsez eztabaidatu zen. Bigarren mahai-inguruan berriz, bidaiariari informazioa igorri eta txartelen elkarreragintasuna lortzeko mugazgaindiko tresnez hausnartu zen.
Itxiera ekitaldian Akitania-Berria, Euskadi eta Nafarroako lurraldeetako hautetsiek parte hartu zuten: Mathieu Bergé, Mikel Anton eta Izaskun Goñi, hurrenez hurren. Era berean, Euskal Hirigune Elkargoko eta haren mugikortasun sindikatuko ordezkariak ere izan ziren, baita Euskal Trenbide Sareko eta SNCF azpiegitura filialeko ordezkariak ere.
Nahiz eta Euroeskualdeko ekintza nagusiak Ficobako ekitaldian ezagutarazi diren, Hendaiako gune intermodalaren inaugurazio ekitaldia datorren ekainaren 27an izango da. Zinta moztean Akitania-Berriko lehendakaria Alain Roussete-ek eta Euskadiko lehendakaria Iñigo Urkulluk hartuko dute parte, baita gune intermodalaren Elgarrekin egitasmoa kofinantzatu duten tokiko erakundeen ordezkariek ere. Modu horretan, Euskal Hirigune Elkargoko, Pirinio-Atlantikoen departamentuko, Hendaiako Udaletxeko eta Euskal Trenbide Sareko eta SNCFko agintariek parte hartuko dute.