Gipuzkoako ondare higikorra eraikin batean bateratzea ahalbidetu du Gordailuak
Gipuzkoako Kultur Ondare Higigarriaren Zentroa Irunen kokaturik dago, 2011 urteaz geroztik. Garai batean Industrias Uri izeneko enpresarena zen orubean dago, eta bere itxurarengatik arreta deitzen du, inguruko eraikinen artean. Hala ere, Gordailuaren barnean gordetzen dena, eta bertan burutzen den jarduera, nahiko ezezaguna da irundarrentzat.
Gipuzkoako Foru Aldundiak sustaturiko eraikina da Gordailua. Egiteko bikoitza daukala azaldu du Carlos Olaetxea Gordailuko zuzendariak: “Gordailuaren misio nagusia Gipuzkoako ondare higikorrak baldintza onenetan gordetzea da”. Honetaz gainera, Gordailuaren biltegietan gorderik dagoen ondarea museoetan egingo diren erakusketetan ikusgai ipintzea da zentro honen bigarren helburua.
“Gordailuaren misio nagusia Gipuzkoako ondare higikorrak baldintza onenetan gordetzea da”
Carlos Olaetxea, Gordailuko zuzendaria
Gordailua eraiki aurretik, Gipuzkoako ondare higikorra Foru Aldundiaren biltegi desberdinetan sakabanaturik zegoen. Zentro honen eraikuntzari esker, Gipuzkoako ondarea bateratzea posible izan zen. Gordailuaren barnean instituzio ezberdinen funtsak gorderik daude. Hala nola, San Telmo Museoak, Irungo Udalak, Nestor Basterretxearen familiak eta beste hainbat udalek gauzak gorderik dauzkate Gordailuaren barnean.
Gipuzkoako ondarea, eraikina osatzen duten hiru solairuetan zehar banaturik dago. Lehen solairuan pieza handi eta pisutsuenak pilatzen dira, bigarren solairuan gauza ikusgarrienak ikusgai daude, eta azken solairuan, hain ikusgarriak ez diren gainontzeko gauza guztiak gordetzen dira. Biltegi arruntez gainera, klima berezietako bi biltegi dauzka gordailuak, pieza delikatuenen kontserbazioa bermatzeko. Biltegi berezi hauetan burdinak, papera eta ehunak kontserbatzen dira.
Gordailuan era askotariko eta jatorri desberdineko materialak gordetzen dira. “Materialaren kontserbazio beharren arabera sailkatzen dira gauzak Gordailuan, eta ez jabearen arabera”, adierazi du Carlos Olaetxea Gordailuko zuzendariak. Era honetan, piezen sarrera-irteerak kontrolatu ahal izateko, pieza bakoitzak QR etiketa bat dauka. Etiketa honek piezaren informazioa biltzen du eta uneoro pieza lokalizaturik edukitzea ahalbidetzen du.
“Materiaren kontserbazio beharren arabera sailkatzen dira gauzak Gordailuan, eta ez materiaren jabearen arabera”
Carlos Olaetxea, Gordailuko zuzendaria
Biltegi funtzioa da Gordailuaren aurpegi ezagunena. Hala ere, beste jarduera asko burutzen dira eraikin honen barnean. Carlos Olaetxeak jakinarazi du hilabete bakoitzeko azken ostiralean bisita gidatuak antolatzen dituztela Gordailuaren barnean, baina bisita horiek ez dutela arrakasta gehiegirik. Horregatik, Gordailu barruko jarduera ikerlariei zuzendurik dago batez ere, udako ikastaro eta seminarioen antolaketaz gainera.
Eraikinaren kokapenak paper garrantzitsu bat betetzen du Gordailuak beste erakundeekin dauzkan harremanetan. Gordailuan gordetzen diren pieza gehienak Gipuzkoako instituzio desberdinen eskuetatik jasoak izan dira. Hala ere, Frantziako mugatik gertu kokaturik egoteak, nazioarteko harremanak errazten ditu eta, esaterako, Baionako Euskal Museoari haren erakusketentzako Gordailuko piezak utzi izan zaizkio. Era honetan, estatu barneko zein nazioarteko piezen elkartrukea bultzatzeko intentzioa du Gordailuko zuzendaritzak.
Gordailuaren barnean era askotako gauzak gorde daitezkeen arren, edonork ezin dezake erabili. Bi baldintza nagusi bete behar dituzte Gordailuan gordeko diren gauzek. Alde batetik, Gipuzkoako ondarerako pieza esanguratsuak izan behar dira eta, bestetik, bertan gordetzen diren piezak erakusketetarako biltegietatik atera ahalko dira. Neurri hauekin, Gordailua ganbara ahaztu bihurtzea ekidin nahi da.
Piezen joan-etorria
Eraikuntza lanak 2011n amaitu zirenetik, piezak biltzen aritu da Gordailua. Carlos Olaetxea zuzendariak argitu du urtean 500 pieza berri sartzen direla biltegietara, eta 200-300 pieza inguru irteten direla erakusketetarako. Etorkizunari begira piezen mugimendua areagotu nahi da, izan ere, badira eraikinean sartu zirenetik kanpora irten ez diren pieza asko.
Une honetan Gordailuaren edukieraren %20 libre aurkitzen da, baina pieza batzuk birkokatuz gero, libre dagoen espazioa handitu ahalko litzateke. Etorkizunean espazio gehiago izatea beharrezkoa balitz, zuzendaritzak arazo honi aurre egiteko irtenbide posiblea bilatu du jada. Gordailuko eraikinetik gertu beste eraikin bat erostea da ideia, tarteko funtzioa bete eta piezen lehen txukunketa lanak bertan burutzeko.