Trikuharri Elkarte Soziokulturala apirileko hilabetean zehar Irunen sortutako elkarte kultural berria da. Euskal kultura, ingurumena eta beste zenbait balore gizartera zabaltzeko helburuarekin martxan jarritako proiektua da. Txemi Moreda elkarteko presidenteak eta Ysabel Corral idazkariak elkarteak antolatutako lehen ekimenen inguruan mintzatu dira.
Zergatik erabaki zenuten Irunen elkarte berri bat sortzea?
Txemi: Irunek elkarte dinamiko eta dibertigarri berri bat behar zuela uste genuen, euskal kultura eta ingurumenaren lanketa helburutzat izango zuena. Bereziki, “Mari y el Akelarre maldito” jokoa antolatzeko helburuarekin sortu zen, momentuko osasun egoera dela eta ekintza datorren urtera atzeratu da. Beraz, elkarteak antzeko beste jarduera eta ekintzak aurrera eramateko asmoa du. Elkartea konfinamenduaren erdian sortu zen, etxeko egonaldian zehar sortutako ideia guztiei forma emateko.
Zertan desberdintzen zarete Irungo beste elkarte kulturaletatik?
Ysabel: Trikuharri Euskal kultura, mitologia eta Irungo historiaren inguruan lan egiteko asmoarekin sortu da. Irun gure bizitokia denez, gure inguruan gertatutako pasarteak ezagutzea ezinbestekoa iruditzen zaigu.
Erraza izan zen elkartearen izena aukeratzea?
Txemi: Dolmenak historiaren zati luze baten lekuko izan dira. Beraz, harrien batasunak erakusten duen indarra gure elkartearen helburuak adierazteko aproposa iruditu zitzaigun. Euskal kultura lantzeaz gainera, ingurumenarekiko jarrera arduratsuak zabaldu nahi ditugu.
Zeintzuk dira elkartetik antolatutako diren lehen ekintza edo jarduerak?
Txemi: “La maldición de Herensuge” “survival night” gau jolasa antolatzeko asmoa genuen ere, baina, momentuz horrelako zerbait antolatzea ezinezkoa da. Hortaz, istorioa moldatu eta haurrentzako ipuin bat sortu dugu eta arrantzale eta sirena baten arteko ezinezko maitasunaren istorioa kontatzen da bertan. Liburuaren salmentaren bitartez elkartearentzako dirua bildu nahi dugu.
Non eskuratu daiteke liburua?
Txemi: Momentu honetan Iparralde hiribideko “Papel y +” eta Kale Nagusiko “El baul de las ideas” dendetan eskuratu daiteke 5 euroren truke.
Ysabel: Hortaz gain, beste saltokiren bat liburua saltzeko prest egongo balitz, poz-pozik ale batzuk eramango genizkioke salgai jarri ditzan.
Nola landuko duzue ingurumena zaintzeko jarrera arduratsuen sustapena?
Txemi: “Charlas con Mari” izeneko hitzaldiak antolatuko ditugu , haur zein helduentzat, zuzenean parte-hartzaileek Amalurrarekin eta bi pertsonaiekin hitz egiteko aukera izan dezaten. Naturarekin zerikusia duten gaia modu ezberdin eta era dibertigarrian lantzeko modua dela uste dugu.
Zenbait proiektu atzeratzea ezinbestekoa izan den arren, 8 giltzen jokoa antolatzeko moldatu zarete?
Txemi: Bai, “Geocaching” aplikazioaren bitartez jolasten da eta jokoaren helburua mundua mailan altxorrak aurkitzea da. Altxor fisikoa denez, iksui eta ikutzeko aukera ematen du, zure izen eta aurkikuntzaren egunarekin erregistratzeko aukera emateaz gainera.
Momentuko egoerarako jolas aproposa da, ezta?
Txemi: Bai, familiako kideekin eta aire zabalean egiten den jarduera delako. 5 pertsonako taldeetan egiten da eta 15 euroko prezioa du. Hasieran banatzen diren azalpen eta istorioa jarraituz, Irungo landa ingurua ezagutzeko aukera eskaintzen du. Oso amaiera polita du eta parte-hartzaileek sari txiki bat jasotzen dute probaren amaieran.
Ysabel: Momentuko egoera eta murriztapenak direla medio, familian jokatzeko oso jarduera aproposa da. Nik bi seme txiki dauzkat eta jokoa probatzeko irriketan nago.
“Elkartea konfinamenduaren erdian sortu zen,
etxeko egonaldian zehar sortutako ideia guztiei forma emateko”
Txemi Moreda, Trikuharri elkarteko presidentea
Proiektu propioez gain, kanpotik datozen proposamenak jaso nahi dituzue?
Txemi: Bai, jardueraren bat antolatu eta legalki erregistratzeko entitate baten babesa izatea ezinbestekoa delako. Hortaz, gure baloreekin bat egiten duten proiektuak laguntzeko asmoa dugu. Beraz, jendea haien ideiak gurekin partekatzera animatu nahi dugu. Adibidez, buruhandi mitologikoak sortzen ari den gazte bat laguntzen ari gara bere proiektua aurrera ateratzeko.
Proiektuaz gainera, elkartean bazkide berriei harrera egiteko prest zaudete?
Ysabel: Momentuz elkarteko zuzendaritza eta bazkideen artean kide gutxi gara eta gure artean moldatzen gara gauzak aurrera ateratzeko, nahiz eta Txemik bere inguruan jende asko duen. Dena dela, elkartearen ateak zabalik daude gure helburuak parteka ditzaketen kide berrientzat.
Txemi: Trikuharri elkartearen izenarekin webgune propioa dugu, hau da, wwww.trikuharri.es . Hortaz gain, Facebook eta Instagram sare sozialetan kontuak dauzkagu. Bertan, interesekoa izan daitekeen informazio guztia partekatzen dugu. Era berean, bide horien edo infor@trikuharri.es helbide-elektronikoaren bitartez, pertsona interesatuek gurekin harremanetan jartzeko aukera izango dute.