Herri migratzailea izan da euskalduna historian zehar. Hori dela eta,
aztarnak utzi ditu mundu osoan. Horien bila irten dira Erik
Bengoetxea eta Urszula Skwarek. Autokarabana batean, puntako
teknologiarik eta itzulerarako datarik gabe. Europan eta Amerikan
sakabanatutako euskaldunen eta haien ondorengoen istorioak bilatuko
dituzte. Aurkitutako informazioa testu eta bideo formatuan
dokumentatuko dute, “Non Edo Non The Basque Heritage”
proiektuaren baitan.
Martxoaren 3an irten da espedizioa Irundik. Erik Bengoetxea irundarrak eta Urszula Skwarek poloniarrak ez dakite noiz bueltatuko diren etxera. Europan eta Amerikan zehar bidaiatzen emango dituzte hurrengo hilabeteak. Edo urteak. Baina ez doaz oporretan. Euskal ondarearen aztarnak bilatzea dute helburu. Edo bestela esanda, euskaldunekin lotutako istorioak bilduko dituzte han eta hemen, mundu osoan zehar. Europa autokarabanan zeharkatuko dute: Iberiar penintsulatik Kaukasora, euskararen jatorriaren bila, eta handik Eskandinaviara, Hondarribira iritsi ziren bikingoen herrira. Britainiar Uharteetatik Amerikara joango dira, itsasontziz. Artzain joandako emigranteek edo antzinako arrantzaleek bezala. Kontinente osoa gurutzatuko dute, Ternuatik Argentinara.
Donostiako pentsio batean dauka jatorria Non Edo Non proiektuak. Bertan lanean ari zirela, testigantza harrigarriak jaso zituzten Bengoetxeak eta Skwarek-ek, bisitari atzerritarren eskutik. “Bezero askok abizen euskaldunak zeuzkaten. Baina batzuek ez zekiten haien arbasoak euskaldunak izan zirenik ere”, azaldu du Urszulak. Kaliforniako Daniel Scott Sarrionandia eta Filipinetako John Oñate gogoratu dituzte,besteak beste. Erik Bengoetxeak argi dauka pentsioan lan egin izanaren ondorio onena kontaktuen zerrenda izan zela: “Euskal Herrira sustraien bila etorri zirenean topatu genituen per-tsona horiek. Orain, haien bizilekua eta bizimodua ezagutu nahi ditugu”. Zenbait kasu eta istorio interesgarri lokalizatu dituzte, beraz. Gainontzekoak bilatzeko, dokumentazio lan handia egin dute aldez aurretik. Urte eta erdiko lana izan da.
Proiektua saltzeko zailtasunak
Inprobisazioari tartea ere utziko diote, noski. Horregatik aukeratu dute autokarabanan bidaiatzea. Ostatuari dagokion kostu ekonomikoa aurrezteaz gain, leku bakoitzeko jendearekin harreman zuzena edukitzeko aukera emango die. “Hotelera joan beharrean, gasolindegi batean edo edozein kaletan aparkatzen baldin baduzu, nork daki zein pertsona interesgarri topa dezakezun”, nabarmendu du Skwarek-ek. Testuan eta bideoan bilduko dituzte istorioak. www.nonedonon.com web gunean, eta sare sozialetan eskegiko dituzte, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez. Istorioak, ezagutzen dituzten heinean argitaratuko dituzte, baina presarik gabe. Teknologiarekiko mendekotasuna alde batera uztea ere bada bidaiaren motibazioetako bat.
Proiektua bideragarri egiteko finantzazio bila aritu dira. Ate asko jo dituzte, baina gehienak ez dizkiete ireki ere egin. Arrazoia argi dauka Bengoetxeak: “Enpresek ezezkoa eman digute, momentu honetan ez dugulako erakusteko moduko produkturik”. Donostia 2016 da asmoan daukaten bideetako bat. Bi izaten dira urtero Europako Kultur Hiriburuak. Datorren urtean, Poloniako Wroclaw izango da Donostiaren bikotea. Propaganda ona izan daitezkeela uste du Erik Bengoe-txeak: “Euskaldun bat eta poloniar bat, mundu osoan biraka”. Hala ere, inolako interesik ez dute azaldu Donostia 2016ko ordezkariek. Proiektua gehiago atzera-tzen utzi aurretik, inolako babesik gabe martxan jartzea erabaki dute Bengoetxeak eta Skwarek-ek. Lanaren fruituak argitara ateratzerakoan laguntzaren bat jasoko duten itxaropenez.