Langabezian geratzea ezbeharra da. Nekez utzi dezake ondorio positiborik. Egoera horretan dauden irundarrei abantailaren bat emate aldera, Lannahi programa antolatu dute Irungo Udalak, udal euskaltegiak, Bidasoa Bizirik erakunde publikoak eta Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak. Doako euskara ikastaroak eskainiko dizkiete Urdanibia plazako euskaltegian.
Bigarren ikasturtea izango du Lannahi programak. Joan den urtean ia berrehun ikasle bildu zituen. Horietatik, %82k maila ezberdinetako azterketa ofizialak gainditu zituen. Denbora betetzeko modua izateaz gainera, langabeen formaziorako tresna ere bada Lannahi. Dena den, azterketa gainditu izanari baino gehiago, euskaraz aritzeko lortu duen gaitasunari eman dio garrantzia gehien Borja Gamarra ikasleak: “Duela urte bete ez nintzen euskaraz hitz egiteko gai. Orain, akats batzuk egin arren, moldatzen naiz”. Urteak zeramatzan Gamarrak euskara ikasi nahian. Baina ez zuen jarraipena emateko modurik topatzen. “Lanean nengoenean, ez nuen denborarik. Eta langabezian gelditu nintzenean, ez nuen dirurik”, azaldu du Borja Gamarrak. Hogeita hamalau urterekin gelditu zen lanik gabe.
Jarraitutasun hori ziurtatzen du Lannahi programak. Astelehenetik ostiralera, egunean hiru edo lau orduz aritu behar izaten dute ikasleek. Derrigorrezkoa da %85eko asistentzia. Bestela, programan parte hartzeko aukera galtzen baitute. Klaseak arintzen ahalegintzen dira euskaltegiko arduradunak: “Saiatzen gara saioak dinamizatzen. Esaterako, ez da inoiz irakasle bakarra egoten. Lana errazten zaie, baina aitortu behar da ikasleek esfortzu handia egiten dutela”. Hala ere, klasetik kanpo euskara praktikatzeko gogoa geratzen zaie. Taldean sortzen den giro onaren seinale. “Askotan gelditzen gara trago bat hartzeko eta euskaraz aritzeko”, baieztatu du Borja Gamarrak. Denak langabezian daudenez, elkarri laguntza emateko modua ere izan daiteke Lannahi.
Denetariko ikaskideak izan ditu Gamarrak. Gazteak, helduak, euskara maila ertainekoak eta sekula klaserik jaso gabekoak. Euskararekin lehen kontaktua izan duten horiek gogoratu ditu Jaione Campo udal euskaltegiko zuzendariak: “Lortu dugu jende horrek euskaltegia ezagutzea, eta euskararekin harreman polita sortzea”. Borja Gamarrak ikasturte osoan zehar parte hartu du Lannahi programan. Hala ere, txandaz-txanda izena emateko aukera dago. Lehenengorako, irailaren 18ra arte dago zabalik matrikulazio epea. Interneten egin daiteke SAC24h zerbitzuaren bidez, edo HAZeko autozerbitzu terminaletan, bestela (San Martzial kalea, 2). Ikasle guztiek mailaketa proba egin beharko dute euskaltegian, matrikulazio egunetan, 10:30etatik 13:00era edo 16:30etatik 19:00etara.
Eskaintza zabala izango du euskaltegiak
Irungo Udal Euskaltegiko beste ikastaroetan ere eman daiteke izena. Irailaren 18an amaituko da guztien matrikulazio epea. Euskaltegian bertan egin daiteke (Urdanibia plaza, 5). Ordutegi, maila eta erritmo eskaintza “zabala” dela azpimarratu du Jaione Campo euskaltegiko zuzendariak. Ohiko ikastaroetakoez gainera, beste zenbait talde berezi antolatuko dituzte: HABE azterketa ofizialak prestatzekoak, gurasoei zuzendutako taldeak, mintza taldeak edo beste herrialde eta erkidegoetatik datozenei zuzendutako AISA ikastaroetakoak. Astean bost orduko ikastaroak izango dira arinenak, eta hamabostekoak trinkoenak.
Matrikulazioaren prezioari dagokionez, joan den ikasturteko tasari eutsi dio euskaltegiak. “Ordu gehien sartzen dituzten ikasleak sarituko ditugu”, jakinarazi du Campok. Zenbat eta euskara eskola ordu gehiago hartu, orduan eta merkeagoa izango da ordu bakoi-tzaren prezioa. Gainera, euskara ikasteko bekak eskatzeko aukera ere eman du Irungo Udalak. Urriaren 8ra arte egin daiteke eskaria, interneten SAC24h zerbitzuaren bitartez, edo HAZeko autozerbitzu terminaletan. 62.340 euroko diru poltsa du Udalak beka horiek emateko. Ikasle bakoitzaren matrikularen %75 estali ahal izango du gehienez. “Euskal hiztun berriak sortu eta hiztunen artean erabilera esparruak zabaldu nahi ditu Udalak”, adierazi du Josune Gomez Euskara Ordezkariak. Euskarak batzen gaitu da aurtengo matrikulazio kanpainaren leloa.