Euskara ikasteko aukera zabala dago Irunen

Euskaltegietan izena eman daiteke dagoeneko

Aitzakiarik ez du Irunen euskara ikasi edo landu nahi duenak. Batetik, hiru euskaltegi daude hirian: Udal Euskaltegia, Herri Jakintza eta AEK. Maila guztietako taldeak, eta ikastaro bereziak eskaintzen dituzte. Gainera, euskara ikasteko bekak, eta langabeentzako doako ikastaroak proposatzen ditu Irungo Udalak, akuilu gisa.

Zabalik daude Irungo euskaltegietan izena emateko epeak. Udal Euskaltegian irailaren 5ean hasi zen, eta irailaren 21ean amaituko da. Ohiko ikastaroak eskaintzeaz gainera, ikastaro talde bereziak antolatuko ditu Udal Euskaltegiak: HABE azterketa ofizialak prestatzekoak, gurasoei zuzenduak, IVAP administrazio publikoko euskal erakundeari begirakoak, mintza taldeak eta beste herrialde edo erkidegoetatik datozenentzat antolatzen diren AISA ikastaroak. Talde berezi horietako saioak arratsaldetan izango dira.

“Hizkuntza bat ahalik eta azkarren ikasteko, ahalik eta ordu gehien eskaini behar zaizkio”
Jaione Campo, Irungo Udal Euskaltegiko zuzendaria

Iazko tasa berari eutsiko dio Udalak. Hortaz, zenbat eta euskara eskola gehiago hartu, orduan eta merkeagoa izango da euskaltegiko matrikularen prezioa, ordu bakoitzeko. Euskara ikasleak saritzeko modua dela azpimarratu du Jaione Campo Udal Euskaltegiko zuzendariak: “Hizkuntza bat ahalik eta azkarren ikasteko, ahalik eta ordu gehien eskaini behar zaizkio”. Udal Euskaltegiaren eskaintzan interesa duenak Urdanibia plazako egoitzan egin dezake matrikula. Bestela, informazio gehiago eskuratzeko, 943 505 273 telefono zenbakira dei dezake, edo euskaltegi@irun.org helbide elektronikora idatzi.

Beste bi euskaltegi homologatu daude Irunen

Irungo AEK eta Herri Jakintza euskaltegietan ere, maila guztietako taldeak osatuko dituzte. Gainera, ondorengo ikastaro bereziak eskaintzen dituzte: HABE agiri ofizialak eskuratzekoak, hizkuntz eskakizunak prestatzekoak (IVAP, Osakidetza), irakasleei zuzendutakoak (IRALE), gurasoentzakoak, on-line ikastaroak, autoikaskuntzakoak, mintza taldeak, merkatarien taldeak eta erabilerari begirako saio bereziak.

Irungo AEK euskaltegian izena emateko epea irailaren 12tik 29ra izango da. Legia kaleko 6.ean dagoen egoitzara hurbil daiteke matrikula egiteko, 10:00etatik 14:00etara eta 17:00eatik 19:30etara. Zalantzak argitzeko, 943 628 834 telefonoa dago edonoren esku. Herri Jakintzan, epea irailaren 7tik 27ra izango da. Interesa duen edonor Nafarroa hiribideko 13. zenbakian dagoen euskaltegira hurbil daiteke, 11:00etatik 13:00era eta 17:00etatik 19:00etara. 943 635 266 telefonora deitu edo herrijakintza@gmail.com posta elektronikora ere idatzi daiteke.

Udalaren laguntzak, euskara ikasteko

2015-2016 ikasturtean euskara ikasten aritu zirenek, euskara ikasteagatik udalak ematen dituen bekak eskatzeko epea zabalik dute. Urriaren 6ra arte egin dezakete eskaera, irun.org web gunean, edo nahi izanez gero, HAZeko autozerbitzu terminaletan (San Martzial kalea, 2). Irun Txartela edo beste ziurtagiri elektronikoren bat erabili beharko dute horretarako. Udalak 58.569 euroko diru poltsa bideratzen du beketarako, eta ikasle bakoitzaren beka matrikularen %100era ere heldu daiteke. “Euskara ikasteko ahalegina egin duenari lagundu behar diogu”, baieztatu du Josune Gomez Euskara arloko ordezkariak.

Bekez gainera, euskara doan ikasteko aukera eskaini die Irungo Udalak langabeei. Lannahi programaren bost txanda eskainiko ditu udalak 2016-2017 sasoian, hiru ikasturtean zehar, eta beste bi udaran. Ikasturtean zehar, lau orduz ariko dira ikasleak goizeko txandan, eta hiru orduz arratsaldekoan. Udaran, lau ordu eta laurdeneko txanda izango da, goizez bakarrik. Izen-ematea txanda bakoitzerako egin beharko da, internet bidez. Lehen txandarako irailaren 5etik 21era eman daiteke izena, irun.org web gunean edo HAZ bulegoko autozerbitzu terminaletan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude