Euskara ikasteko gogoa eta aukerak Larreaundi auzora zabaldu dira

Larreaundi-Olaberria auzo elkarteak, AEKren lankidetzarekin, euskara ikasteko aukera hurbildu du auzora. Otsailaren erdialdetik auzo elkartearen egoitzan astean bitan, asteazkenetan eta ostiraletan, auzotarrek bi orduz euskara ikasteko aukera dute. AEK-ko irakasle batek gidatuak, Larreaundi-Olaberrian euskara ikasteko lehen taldea martxan dago auzoa euskalduntzeko.

Larreaundi-Olaberria auzo elkartea eta AEKren arteko lankidetza aurreko ikasturtean hasi zen. Izan ere, iaz Larreaundi-Olaberria auzo elkartean gazte talde berri bat sartu zen elkartea biziberritzeko gogoz. Azkenaldian auzo elkartearen jarduna auzoko jaiak eta urbanismoarekin loturiko gaiak antolatzera mugatzen zen. Pasa den urtetik aurrera ordea, lantalde berriak bizilagunen bizimodua hobetzeko eta auzo eredua lantzeko ahalegin berezia egin du.

Iker Eizagirre Larreaundi-Olaberria auzo elkarteko kide berri horietako bat da eta iaz auzoan euskarak duen presentzia eta euskararen erabilera maila aztertzen hasi ziren. Iker Eizagirrek azaldu duenez, “horretarako auzo plan bat egin genuen eta hobetu beharreko eremuak identifikatu genituen”. Euskararen gaia izan zen azterlana hasi eta auzo elkarteko hainbat kidek mahai gainean jarri zuten lehen gaietako bat.

“Jakina da, hainbat faktore direla medio, Larreaundi ez dela bereziki euskalduna den auzo bat”, adierazi du Eizagirrek. Auzo elkarteko kideak azaldu duenez, hainbat faktoreren ondorioa da auzoan egungo euskararen erabilera maila. Batetik, euskara ez dela auzoko bizilagun askoren ama hizkuntza. Bestetik, Iker Eizagirreren hitzetan: “beti esaten da hau langile auzo bat dela eta langile kondizioaren elementuetako bat izaten da denbora libre gehiegi ez izatea”. Beraz, proiektua martxan jartzea erabaki zuten, auzotar askok orain arte euskara ikasteko aukerarik izan ez dutela kontuan hartuta.

“Auzokideekiko gertutasuna genuen, baina euskara irakasteko gaitasunik ez genuenez, AEKrekin jarri ginen harremanetan”

Iker Eizagirre, Larreaundi-Olaberria auzo elkarteko kidea

Horregatik, auzoan bertan hizkuntza ikasteko aukera eskaintzea irtenbide aproposa iruditu zitzaien euskara auzora hurbiltzeko. “Auzokideekiko gertutasuna genuen, baina euskara irakasteko gaitasunik ez genuenez, AEKrekin jarri ginen harremanetan”, azaldu du Iker Eizagirrek. AEK-k euskalgintza herrigintzatik lantzen dutela jakinda, 2022ko uztailean euskaltegiarekin harremanetan jarri ziren elkarlanerako proposamena egiteko.

AEKn berriz, proposamena entzun eta segituan elkarlanerako prestutasuna agertu zuten. Beñat Altzaga AEK-ko kidea da eta Larreaundi-Olaberriako kideak beraiengana jo izana horrela azaldu du: “jakina da AEK-k jendeak euskara ikasteko dauzkan zailtasunak ulertzen dituela eta ahalegin hori samurtzeko laguntza eskaintzen dugula”. Hori dela medio, Beñat Altzagak adierazi du, “AEKn euskara ikasteko prozeduran bidelagun izan nahi dugu”. Hori lortzeko ikasleak erdigunean jartzearen garrantzia azpimarratu du Altzagak, ikasleari hizkuntza ikasteko erraztasunak ematea funtsezkoa baita.

Asmotik ekintzara

Behin elkarlana adostuta, taldea sortzeko unea iritsi zen. Horretarako, 2022ko urrian auzoko kaleetara atera ziren lehenengo aldiz proiektua auzokideei aurkezteko. Iker Eizagirrek aipatu duenez,” lehen saiakera egin genuenean ez genuen arrakasta handirik izan”. Are gehiago, jendeari arrotza egiten zitzaion auzoan bertan euskara eskolak modu profesionalean jasotzeko aukera eskaintzea. Dena den, amore eman ez, eta zabalpen lana indartu zuten, auzoan pare bat buelta gehiago emanez, egitasmoa behar bestetan azalduz eta auzoko ikastetxeen bitartez ere proiektua ezagutaraziz.

“AEKn euskara ikasteko prozeduran bidelagun izan nahi dugu”

Beñat Altzaga, AEK-ko kidea

Azkenean, hilabeteetako lanak fruituak eman zituen eta lana hasteko taldea sortzea lortu zuten. Beñat Altzagak adierazi duenez, “auzo elkarteko kideen laguntza funtsezkoa izan da proiektuaren zabalpenerako”. Zehazki, elkarlanean ari diren bi entitateek argi dute “gertutasuna” proiektuaren arrakastarako gakoetako bat izan dela. “AEK-k beti izan du euskara auzoetara hurbiltzeko asmoa, baina orain arte ez dugu hori egiteko biderik aurkitu”, gaineratu du euskaltegiko langileak. Izan ere, AEK-k lehenago hainbat enpresatan, CAFen adibidez, edo ikastetxetan, La Sallen esaterako, euskara eskolak eman dituen arren, hau izango da, gutxienez azken 7 urteetan, zuzenean bizilagunen elkarte baten bidez lan egingo duen lehen aldia.

Askotariko ikasle gogotsuz osatutako taldea

Otsailaren erdialdetik 8 lagunek osatutako taldea astean bitan hurbiltzen da Larreaundi-Olaberria auzo elkarteko egoitzara euskara ikasteko helburuarekin. Beñat Altzagak azaldu duenez, taldearen barnean bi motako profilak daude. Alde batetik, auzoan errotutako jende heldua, orain arte euskara ikasteko aukerarik izan edo topatu ez duena. Beste aldetik, euskara ez dakien jende gaztea, Irunera iritsi berriak direlako. “Adibidez, taldekide gazteetako batek duela bi aste zapaldu zuen Euskal Herria lehen aldiz eta egin zuen lehen gauzetako bat AEKren atea jotzea izan zen euskara ikasteko”, erantsi du Beñat Altzagak.

Alba Salicio auzoan euskara ikasteko taldera batu den ikasle horietako bat da. Ikasleak azaldu duenez, “ni Bartzelonakoa naiz eta irakaslea naizenez, euskara ezinbestekoa zait bertan lan egin ahal izateko”. Albak 5 hilabete daramatza Irunen bizitzen eta euskara horrela ikasteko aukeraz galdetuta adierazi du, “niretzat aukera bikaina izan da, oso euskara gutxi dakidalako eta lehen egunetan oinarrizko gauzak ikasteko jolasak egin ditugulako”.

Desberdintasunak alde batera utzita, ikasle talde osoak zerbait du amankomunean: euskara ikasteko gogoa. Iker Eizagirreren hitzetan, “nik esango nuke pozik egoteko eguna dela, oraintxe auzoan euskara ikasten ari den gela bat dagoelako”. Ikastaroaren helburu nagusietako bat auzotarrei euskara modu praktikoan irakasteko aukera eskaintzea da. Hau da, teoriaz haratago, euskara ikasleentzat erabilgarri izan dadila. Era berean, hizkuntza ikasteaz gain, antolatzaileek uste dute ikastaroa bizilagunen artean harreman berriak sortzeko eta indartzeko baliagarria izango dela.

Beste mugarri bat

Azkenean, Larreaundi eta Olaberria auzoak euskalduntzeko beste pausu bat ematea lortu du auzo elkarteak. “Uste dut auzo elkarte bezala guri dagokigula auzotik eta auzoarentzat horrelako gauzak lantzea”, adierazi du Iker Eizagirrek. Etorkizunak esango du ikastaroak auzoan euskararen erabileran nolako eragina izango dute. Beñat Altzagak gaineratu du, “Guk beti esan ohi dugu euskara lau paretetatik atera behar dela, beraz, horixe lortu dugu auzora ekarri dugunean”. Dena den, ez dago zalantzarik mugarri garrantzitsua dela, datozen urteetan auzo elkartean euskara ikastaroen eskaintza handitu edo egitasmoa Irungo beste auzoetara ere zabaldu daitekeelako.

Nolanahi ere, gogoa ez da nahikoa auzo elkartetik ekintza berriak sustatu ahal izateko. Alegia, Iker Eizagirrek salatu du Larreaundi-Olaberria auzo elkartean espazio falta izugarria dutela. “Auzo elkartea txiki geratu zaigu, gela erabilgarri bakarra dugulako eta euskara eskolak hasi ahal izateko libre zegoen azken ordutegia baliatu dugulako”, azaldu du auzo elkarteko kideak. Etorkizunera begira, euskara eskola gehiago eskaini edo auzo elkartearen jarduera zabaltzeko lokal handiago bat izatea beharrezkoa izango da. Euskara indartzeko saiakerak kale egin ez dezan, kaleaz gain, beharrezkoa da hizkuntza ikasteko eta indartzeko leku aproposa edukitzea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude