Hala dio Erdi Aroko Irun eta Hondarribiaren arteko auziei buruzko historia-ikerlan batek: XV. mendean euskaldun ba-tzuek, Gipuzkoako merino edo errege-epailearen aurrean deklaratzeko beharrizana saihestu nahian, erdaraz ez zekitela-eta, euskaraz egiten zutela. Deklaratu, igual-igual deklaratzen zuten, merinoak hartarako propio bereganatua baitzuen euskaldun baten laguntza, halako deklarazioetan erabiltzeko. Kontua da euskaldunak (euskaldun hutsek, hobeki esanda) ez zitzaizkiela itzurtzen merinoaren galdeketei. Dokumentazioak dioenez, “por quanto heran vascongados y no entendian la lengua castellana”, erdaraz jakin bai baina erabili nahi ez edo halakorik iradoki lezakeen deus aipatu gabe. Haatik, historialariak justizia saihesteko asmoa jotzen du euskaldun hu-tsek euskaraz egiteko arrazoi bakartzat; areago, ohiko “trikimailu juridikoa” zela dio. Bestela, ezin omen du ulertu XV. mendeko Gipuzkoan euskaldunak Gaztelatik etorritako epailearen aurrean euskaraz mintzatzea, lege-iruzurra egiteko ez bazen.
Iruni dagokionez, euskara baserri girora zokoratua omen zen –“se reservaba el eúskera (sic) para el mundo agropastoril”–; kalean, berriz, erdaraz… gazteleraz, jakina, ez gaskoiez, nahiz eta hasieran aipatzen zuen, eta dokumentazioan toponimo eta patronimiko bat edo beste agertu. Horren frogagarri, argi eta garbi, toponimia dela dio. Adibidez, Irunen bi kale baizik ez omen ziren: batak Yrun (berak Yrún idazten du, nahiz eta tileta XX. mende hasiera arte zabaldu ez) zuen izena, eta besteak, Yrunberri. Biak ala biak, erdal toponimo garbiak… ote?
Salamancako Unibertsitateko irakaslea da, donostiarra, 60ko hamarkadan jaioa, eta erdalduna, jakina. Beldur naiz, bada, ez ote duen proiektatu berak ezagutu duen egoera soziolinguistikoa bostehun urte atzerago. Historiaren profesional batek inoiz egin behar ez lukeen akatsa egin du. Baina okerrena da aurreiritzi ideologikoa: nola ulertu, bestela, euskararen erabilerari ez deritzola legea ez betetzeko amarrua baizik?
Xabier Kerexeta