Euskararen lekukoa Euskal Herrian barrena korrika

Apirilaren 4tik 14era ospatu zen Korrikaren 21. Edizioa

21. Korrikak Euskal Herriko hiri, herri eta bazter ezberdinak zeharkatu ditu apirilaren 4tik 14era. Nafarroa garaiko Gares herrian abiatu eta Gasteizen amaitu zen lasterketa. Ibilbidean horren barnean, Irungo elkarte eta eragile ezberdinek lekukoa hiriko kaleetan zehar txandakatu zuten. Korrika ofizialaz gain, bestelako ekitaldiak antolatu ziren euskararen alde antolatzen den ekimen jendetsu eta erraldoi honen harira.

Apirilaren 8ko gauerdian, iluntasunaren artean bidea irekiz, 00:40ak aldera iritsi zen 21. Korrikaren lekukoa Irunera. Santiago zubitik Lapurdi atzean utzi, muga igaro eta Gipuzkoako probintzian murgildu zen Korrika. Iparraldeko etorbide igo, Kolon pasealekua zeharkatu eta Hondarribiko kalean behera murgildu ziren korrika zaleak, lekukoa Hondarribiko bizilagunei pasatzeko. Bueltako bidean, San Juan plazaraino itzuli eta Behobiako auzotik igaro zen Korrika, Nafarroako lurretara itzuli aurretik.

11 egunez eta geldialdirik gabe euskararen aldeko lekukoa eskuz esku ibili da. “Klika” izan da 21. Korrikaren leloa, hitz honen bitartez euskararen aukera hartzea edo hautua egitea irudikatzeko. Korrikaren 21. edizioan Txillardegi goitizenez ezaguna zen Jose Luis Alvarez Enparantza hizkuntzalari, idazle eta politikari donostiarrak euskararen alde egindako lana omendu da. Horretarako, Mad Muasel, Fermin Muguruza eta La Furiako artisten lankidetzatik sortu da 2019ko korrikaren abestia, euskal doinu tradizonalak eta musika joera berriak nahasten dituena.

Guztira 2.562 kilometro egin ditu Korrikak Euskal Herria osatzen duten 7 probintzietan zehar. Lehenengo korrika 1980 urtean antolatu zen Oñatitik Bilbora euskal lurraldean euskararen aldeko kontzientzia suspertu eta euskaltegien eguneroko lana indartzeko dirua biltzeko helburuekin. Ordutik AEKak 21 edizio antolatu ditu, bi urtean behin euskaldunek euskal hizkuntzarekiko konpromisoa lurralde osoan zehar berresteko aukera izan dezaten.

Katea auzoko korrika berezia
Korrika ofiziala hirira gauez iritsi zenez, Katea auzoko bizilagunek Korrika berezi bat antolatu zuten auzotik euskarari babesa erakusteko. Apirilaren 6ean, larunbatean, auzoko eskola zaharrean etxeko kamiseta zaharrak berrerabiliz petoak margotzeko tailerra antolatu zuten. Apirilaren 7an, igandean, berriz, auzoko frontoian Korrikaren Festa ospatu zuten. Auzoan antolaturiko ekitaldiez gain, auzo-elkarteak Korrikaren ibilbide ofizialaren barnean erositako kilometroan parte hartzeko aukera izan zuten auzotarrek.

Korrika txikia
Apirilaren 9an, 21. Korrika Irundik igaro ostean, Korrika Txikiaren txanda izan zen. Hiriko ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 4. mailako ikasleek hiriko kaleetan barrena lasterka ibili ziren euskararen alde. Alberto Angera plazatik abiatu, Kolon pasealekua zeharkatu eta Zabaltza plazaraino iritsi ziren. Lasterketa amaitu ostean, txalapartarien eta Go!azen telesaileko aktoreen emanaldiak izan ziren.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude