Irungo Euskara Sustatzeko Ekintza Planaren baitako ekimena da
Otsailaren 16an hasi da 2016ko Euskararen Hilabetea. Irungo Udaleko Euskara arloak 1988az geroztik antolatzen duen jardueren egitaraua da. Haur Hezkuntzatik Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzara arteko haurrei eta gazteei zuzenduta prestatzen dute. Aurten, 7.267 ikasle izango dira parte hartzaileak. “Programarekin, gazteen sentsibilizazioan eta motibazioan eragin nahi dugu, euskararen aldeko jarrera sustatuz”, adierazi du Josune Gomez Euskara arloko ordezkariak.
“Gazteen sentsibilizazioan eta motibazioan eragin nahi dugu, euskararen aldeko jarrera sustatuz”
Josune Gomez, Euskara arloko ordezkaria
Ikuskizun ezberdinak antolatu ditu Euskara arloak, ikasleen adinaren arabera. Amaia Kultur Zentroak hartuko ditu guztiak. Otsailaren 16an eta 17an, Futbolariak eta printzesak antzerkia ikusi dute Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailako ikasleek. Eidabe taldeak prestatzen duen ikuskizuna da, topiko sexistei aurre egiten diena, eta haurrak parekidetasunean eta berdintasunean hezteko helburua duena. “Ikastetxeetan kezka handia dute gaiaren inguruan, eta ahalegina egiten ari dira ikasleekin lantzeko”, azaldu du Arantza Zulet Euskara arloko teknikariak.
Otsailaren 18an, Zergatik Jamil antzezlana eskaini die Tartean Teatro taldeak DBHko 1.go eta 2.mailako ikasleei. Arantza Zuletek azaldu du argumentua: “Adineko pertsona bat zaintzen duen gaztearen istorioa da. Egun batean, kolpe baten ondorioz memoria galdu, eta esnatzerakoan, zaintzen zuen gizona hil egin duela jakingo du gazteak. Heriotzaren inguruko gogoeta egiten du obrak, misterio pixka batekin”. Emanaldiaren ondoren, ikusle izan diren ikasleek eta irakasleek solasaldia izan dute aktoreekin, Amaia KZn bertan.
Martxoaren 2an eta 3an, Martina eta paperezko basoa txotxongilo ikuskizunarekin gozatuko dute Haur Hezkuntzako txikiek. L’Horta Teatre konpainia valentziarraren lana da, Euskal Herrian eskaintzeko, euskarara egokitua. Egurrezko etxe batean bizi den paperezko neska baten gorabeherak kontatzen ditu. “Begiez gozatzeko proposamena da”, baieztatu du Josune Gomez Euskara arloko ordezkariak.
Helduenentzat, Gartxot filma eta mintzaldia
DBHko 3. eta 4. mailako ikasleek ez dute antzerkirik ikusiko, animaziozko filma baizik. Asisko Urmenetaren eta Juanjo Elordiren Gartxot, konkista aitzineko konkista, hain zuzen ere. 1917an Arturo Campionek idatzitako Gartxot, Itzaltzuko bardoa liburuan oinarritutako lana da. Asisko Urmeneta egileak azaldu du zer nolako gaiak lantzen dituen: “Euskararen galera nola eta zergatik hasi zen, XII.mendean boterea zeinen esku geratu zen eta zergatik, Donejakue bidea, bardoak, Iruñeko erregearen eginkizuna etab.”. Martxoaren 4an ikusiko dute gazteek filma, eta hurrengo astean zehar, Urmenetaren bisita jasoko dute. Gartxot, konkista aitzineko konkista nola egin zuten argituko die, eta filmak jorratzen dituen gaien inguruko solasaldia bideratuko du.
“Hitz egiteko emango zaizkien gaiak, gazteen interesekoak izango dira”
Arantza Zulet, Euskara arloko teknikaria
Martxoaren 7tik 11ra arteko aste horretan, Word Coffe saioa antolatuko dute, institutuetako ikasleei zuzenduta. Ez dute eguna zehaztu, baina Udaletxeko areto nagusian egiteko asmoa dutela adierazi dute. Euskararen Nazioarteko Egunean, institutuetako ikasleek ezin izan zuten Sareuskak Hondarribian antolatutako Mintzodromoan parte hartu. Konpentsazio gisa, Euskararen Hilabetearen harira prestatu die Euskara arloak mintzaldia. “Hitz egiteko emango zaizkien gaiak, gazteen interesekoak izango dira, seguruenik haiek proposatutakoak”, baieztatu du Arantza Zuletek: “Han ateratzen diren konklusioei erabilpena ematen saiatuko gara”. Euskararen Hilabetearekin bat eginez, Irunero aldizkariak bi ale berezi aterako ditu, ikastetxeetako ikasleen lanekin.