Eusko Jaurlaritzak Txingudiko espazio naturalen konektagarritasuna hobetuko duela iragarri du

Eusko Jaurlaritzak San Lorentzo aintzira handituko duela iragarri du. Era beran, badiaren ingurunean dauden espazio naturalen konektagarritasuna hobetzeko konpromisoa iragarri du. Proiektuak 2,5 miloi euroko aurrekontua izango du. Lanek 9 hilabeteko egikaritze-epea izango dute eta obrak aurtengo bigarren seihilekoan hastea aurreikusten da.

Proiektua Txingudiko Erakundearteko Mahaian aurkeztu zen Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua buru duen mahaia osatzen duten Eusko Jaurlaritzako, Gipuzkoako Foru Aldundiko, Irun eta Hondarribiko udaletako eta Espainiako Gobernuko Kostaldeen lurralde- ordezkaritzako ordezkarien aurrean.

Proiektuaren oinarria da, batik bat, aintzira handitzea eta Mendelu eta Pierre Loti oinezkoen ibilbideak lotzea, Plaiaundiko atzealdetik. Hortaz, obraren zeregin nagusia lursaila egokitzeko aukera emango duen lur-mugimendua egitea da eta, bestetik, mareetara irekita dagoen aintzira konfiguratuko duen geometria osatzeko betelanak eta indusketa-lanak egitea. Lurzoruaren egokitzapena amaitu ondoren, bidegorri baten berezko urbanizazio-lanak egingo dira, zolatze-lanekin, fabrika-obrak egikaritzearekin, eta argiztapen- eta instalazio-sare berri batekin.

Jarduketa-esparruko zenbait puntutan pasabideak aurreikusten dira. Pasabide horietako lehenak Mendeluko ibilbidea eta esparrua bera konektatuko ditu, Mendelu erreka zeharkatuz. Pasabide horrez gain, esparruaren iparraldean beste bi pasabide egikarituko dira. Azkenik, landareztatzeko eta ingurumena lehengoratzeko lanak egingo dira. Lan horien bidez lortu nahi da lursailak baldintza egokiak izatea proiektu horren oinarri diren espezie migratzaileak erakartzeko. Horretarako, birsorkuntza ekologikoaren irizpideei jarraituko zaie, xedea baita Plaiaundiko marearen eragin-eremuaren jatorrizko ezaugarri botanikoak lehengoratzea.

Esparruaren zati bat itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoaren eta horren babes-zortasunaren barruan dago. Jarduketa-eremuaren ia %100a dago 10 urteko errepikatze-denboran urpean gera daitekeen zona batean. Plaiaundiko institutuaren atzealdea eraisteko 2019an egindako obraren emaitza da jarduketa-esparruaren egungo egoera. Obra horrek bidea eman zion proiektu honen mende dagoen obrari.

“Next Generation” proiektua
Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak zuzendu zuen  Jarraipen Batzordearen bilera. Bertan EAEk Next Generation Europako funtsak eskuratzeko aurkeztu duen “Txingudi lehengoratzeko” ekimena azaldu zuen.

Euskadi Next Planean, Eusko Jaurlaritzak 27,4 milioi euro eskatu ditu gune hori lehengoratzeari behin betiko bultzada eman dakion. Horretarako, Eusko Jaurlaritzak berak —bakarrik edo jarduketa-esparruan eskumenak dituzten administrazioekin lankidetzan— egikaritu ditzakeen proiektu zehatzak baliatuko ditu.

Txingudiko ingurunea erreferentziazko espazio natural gisa finka dadin lagunduko duten jarduketak dira. Esate baterako, Txingudiko estuarioetako ekosistemen konexioa hobetu nahi da, ibiltarientzako ibilbide funtzionalak eta seguruak, inguruari eta haren kudeaketari balioa ematen diotenak. Era beran, ibaiaren ertzak oinezkoen eta bizikleten ibilbideekin lotu nahi dira, trenbide- eta errepide-oztopoak gainditu eta hondartzatik hondartzarako mugikortasuna eta mugaz gaindiko beharrezko lotura ahalbidetzea.

Espaziorik sentikorrenetako bisita masiboak zaintzea beharrezkotzat jotzen da, bereziki, Bidasoko Uharteetan eta Plaiaundi inguruan, eta, horretarako, Osinbiribil ingurunean bisitak egin ahal izateko aukera eskaintzea planteatzen da, trantsizioko hiri-parke gisa duen bokazioarekin bat etorriz. Honekin batera, Txingudiko hezeguneak modu selektiboan handitzeko asmoa adierazi da: San Lorentzoko aintzira —Plaiaundiko institutuaren ondoko atzealdeko baratzeetarantz— eta Jaitzubiko ibarreko estuario-ekosistemak. Era berean, Plaiaundiko kirol-instalazioak beste kokaleku batera eraman ondoren, ur gezako aintzira handitzeko aukera aztertzen da.

Bestetik, lurreko fauna txikiarentzako konektagarritasuna hobetze aldera, Jaizkibel mendiaren eta Jaitzubiko paduraren arteko korridore-azpiegituren azpiko pasabideen bidez eta Bidasoko estuarioan barrena egitea aurreikusten da. Azkenik, Txingudiko padurak hobe- tzearen alde lan egiten duten eragileen arteko lankide- tza indartzea, administrazio-arloen arteko lankidetza bultzatuz, lankidetza publiko-pribatua sustatuz, mugaz gaindiko lankidetza bultzatuz eta Txingudiko ekosistemen zaintzaren kontzeptua garatu nahi da.

Paduren berezitasuna
Txingudiko paduren berezitasuna Bidasoko estuarioan dagoen 95.000 biztanleko konurbazio baten bihotzean egotean datza. Hendaia, Irun eta Hondarribiak osatzen dute konurbazio hori, eta padurak konurbazio horretako azpiegitura handien ondorioz zatikatuta daude. Gipuzkoan dagoen Hegaztientzako Babes Bereziko Eremu bakarra da, eta puntu berezia da hegaztien migrazio-prozesuetan. Txingudiko padurak enklabe naturalizatu gisa nabarmentzen dira, eta erreferente bihurtu dira, bai ingurumen-balioengatik, bai inguru horretan bizi diren eta zona hori bisitatzen duten pertsonen bizi-kalitatean duten inplikazioarengatik. Gainera, Txingudi nazioartean garrantzia duen hezegunea da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude