Bertako elikagaien saltokia zabaldu du Labore Txingudi kontsumo kooperatibak
Gaztetxe hitza labur geratu da Lakaxita gune autogestionatuarentzat. Ekonomia sozialaren bilgune nagusia da, gaur egun, Irunen. Hiritik At! arkitektura sozialeko elkarteak bertan du egoitza, eta Aldatsa eta Bare Alaia baratze kooperatiben banaketa gunea ere bada. Maiatzaren 13tik aurrera, gainera, elikagaien saltoki bat dago bigarren solairuan. Labore Txingudi elikadura kontsumo elkarte berriak jarri du martxan.
Elikagaiak ditu apaletan txukun kokatuta, haien jatorriaren eta salneurriaren berri ematen duten etiketez lagunduta. Ohiko baskula eta kutxa ere baditu. Ez da denda arrunta, hala ere. Eskualdean elikagaien ekoizpena eta kontsumoa eraldatzea da Labore Txingudiren helburua. “Elikadura burujabetzaren bidean, beste urrats bat ematea, azken finean”, adierazi du Andoni Egia bazkideak. Langile bat liberatu du elkarteak, denbora erdiz, eguneroko lan karga aurrera eramateko. Baina bazkideek erabakiko dute zer eta nola salduko den dendan. Bertako ekoizleekin eta banatzaileekin eraiki duten lankidetzari esker, gertuko produktuak eskainiko dituzte dendan.
“Irizpide nagusia izan da ekoizlea ahalik eta gertukoena izatea”
Dornaku Lantz, elkarteko langilea
Labore Txingudirena ez da bio denda bat izango. Gertuko produktuak eskaintzea izango da lehentasuna: Urruñako gazta, Anizko esnekiak, Hernaniko kontserbak etab. aurki daitezke, momentuz, dendan. “Irizpide nagusia izan da ekoizlea ahalik eta gertukoena izatea”, aipatu du Dornaku Lantz Labore Txingudiko langileak. Berak izango du egunerokoan denda kudeatzeko ardura. Azaldu du, aurrera begira, ekoizleek produktu ekologikoaren alde egin dezaten bultzada ematea dela haien asmoa. Oraingoz, gertutasuna lehenetsi dute.
Freskoak ez diren produktuak eskainiko dituzte
Lantzek azaldu du ekoizleen ezagutza eta haiekiko harremanak estutzea dela Labore Txingudiren beste helburu nagusietako bat: “Asko urrundu gara ekoizleengandik. Gure gurasoek eta aiton amonek ezagutza handiagoa zuten”, aipatu du Lantzek. Adibidez, Irunen eztia egiten da, baina orain ez da garaia, abuztura arte itxaron beharra dago. Nik orain arte ez nekien hori”. Produktu batzuen kasuan, Euskal Herritik urrun bilatu behar izan dituzte, ez baitira hemen ekoizten. Kafea Nikaraguakoa da, adibidez, eta azukrea, Kubakoa. “Bitxia da, hain urrutiko gauzak nola kontsumitzen ditugun egunerokoan. Haiek lortzeko, ekonomia sozial eta eraldatzaileko sare batetara jo dugu”, argitu du Dornaku Lantzek.
Momentuz, freskoa ez den produktua eskainiko dute dendan, Lakaxita guneak ez duelako produktu freskoa modu egokian mantentzeko aukera ematen. Hortaz, zerealak, lekaleak, irinak, eztia, azukrea, kafea, tea, kontserbak, esnekiak eta arraultzak topatu ahal izango dira, besteak beste, Labore Txingudiren dendan. Barazkiei dagokienez, kontuan hartu beharra dago Aldatsa eta Bare Alaia baratze kooperatibek ere Lakaxitan dutela topagunea, eta horietan parte hartzeko aukera izango dutela Labore Txingudiko bazkideek ere. “Erabat bateragarriak dira proiektuak”, azpimarratu du Lantzek.
Sukaldeko lan handia egin behar izan dute
Duela urte bete eman zituen lehen urratsak Labore Txingudiko lehen talde eragileak. Berako Bidaziren eta Labore Oarsoren erreferentziak kontuan hartuta, Bidasoan antzeko zerbait martxan jartzeko aukera ikusi zuten. Azaroaren 19an egin zuten aurkezpen batzarra, eta babarrunada ondoren, Irungo EKT elkartean. Lan komunikatibo handia egin behar izan dute, bazkideak erakartzeko. 50 bazkide inguru dira momentu honetan, baina denda irekita, jende gehiago erakarriko dutela uste du Dornaku Lantzek: “Jendea nahasi egiten da, eta ez du ongi ulertzen zer den. Dendara etortzera gonbidatuko nituzke, produktuak ikus ditzaten. Ez daitezela lotsatu, etor daitezela eta galde dezatela nahi duten guztia”.
Bazkideen inplikazioa funtsezkoa izan da Labore Txingudiren sorreran. Lakaxita guneko denda eraikitzeko, 10.000 euroko inbertsioa egin behar izan dute. Hasieratik parte hartu nahi izan duten bazkideei, urteko kuota aurreratzeko eskatu diete, Labore Txingudi martxan jarri ahal izateko. Proiektua bideragarri izan dadin, 100 bazkide behar dituztela aurreikusi dute. Gehienez, 200 lagunen beharrei erantzuteko ahalmena dutela uste dute. Hortik gora, beste planteamendu bat beharko luke proiektuak.
“Gure eguneroko beharrak modu kolektibo eta horizontalean eraikitzeko aukeran sakondu behar dugula iruditzen zait”
Andoni Egia, elkarteko bazkidea
Hemendik aurrera, bazkide bakoitzak 60 euro ordaindu beharko ditu urtean, 5 euro hilabetean. Inplikazio maila, bazkideek beraiek erabakiko dutela baieztatu dute. Andoni Egiak bere parte-hartzea argudiatu du: “Gure eguneroko beharrak modu kolektibo eta horizontalean eraikitzeko aukeran sakondu behar dugula iruditzen zait. Gure diskurtsoetako planteamenduak materializatzeko modu egokia dira Labore Txingudiren moduko proiektuak”. Bazkide egiteko eta proiektuaren gaineko informazioa jasotzeko, ondorengo bideak daude eskura: laboretxingudi.org, laboretxingudi@gmail.com, eta Facebook eta Twitter kontuak. Momentuz ez dute erakundeen babesik eskatu, baina eskualdeko udaletara eta Bidasoa bizirik garapen agentziara joko dutela aurreikusi dute.