Ez da enpresa arrunta

Eginkizun soziala du Hazlanek

Gizarte bazterketa arriskuan daudenei lan egiteko aukera eskaintzen die

Urte eta erdiko epean, bilakaera itzela izan du Irungo Hazlan enpresak. Bi langilerekin hasi zen, eta hamasei ditu dagoeneko. Baina ez da lortutakoarekin konformatzen. Beste edozein enpresak bezala, lan taldea handitzea eta bezero gehiago eskuratzea ditu helburu. Aitzitik, ez da enpresa konbentzionala. Enpresa soziala da, irabazi asmorik gabekoa. Eta intserzio enpresa ere bai, langileen multzo handi bat, gizarte bazterketa arriskuan dagoen jendeak osatzen baitu. Bi lan ildo ditu Hazlanek: etxeko garbiketena edo zaintzena, eta joste tailerrarena. SONY DSC

Mendibil Elkarte Pedagogikoaren ekimenez sortu zen Hazlan enpresa. 1992 urteaz geroztik dabil lanean Mendibil, formazioa eskaintzen. DBH amaitu ez duten gaztetxoekin, hasieratik, eta epe luzeko langabeekin ere bai, 2006tik aurrera. Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuarekin elkarlanean aritzen da bigarren eginkizun horretan. Langabeentzako tailerrak ematen esperientzia hartu ahala, Mendibileko arduradunak konturatu ziren kolektibo jakin batzuetako jendeak zailtasun handiak zituela lan merkatuan murgiltzeko. Ikastaroa bukatu eta denbora gutxira, Mendibilen izena ematera bueltatzen ziren berriro. 2010ean hasi ziren intserzio enpresaren ideia garatzen, eta lau urte beranduago jarri zuten martxan.

Hasieratik hautatu zituzten etxeetako langileen eta jantzigintzaren jarduerak. Maite Ocerin zuzendaritza taldeko kideak azaldu du arrazoia: “Ekonomia ezkutua barra-barra izaten da sektore horietan. Guk halako lanpostuak erregulatu nahi genituen”. Lanbideren babesa jaso zuten, eta Irungo Udalarena ondoren, Irun Ekintzan garapen ekonomikoaren eta enpleguaren aldeko itunaren bidez. “Atez-ate joan ginen gure proiektuaren berri ematen, eta postontzietan eskuorriak utzi genituen”, adierazi du Ocerinek. Horrela lortu zituzten lehen bezeroak, eta lan taldea handitu ahal izan zuten laster. Denbora tarte labur batean asko handitu badira ere, urrats sendoak eman dituztela baieztatu du Maite Ocerinek.

Hobekuntza prozesua behar du langileak

Hazlaneko enplegatu guztiek lan kontratua dute, lanaldi erdikoa, gutxienez. Gizarte bazterketa arriskuan daudenei zuzendutako intserzio programaren bidez kontratatu dituztenak, gutxienez urte betez egoten dira enpresan, eta hiru urtez, gehienez. Langilearen prozesua gainbegiratu eta babestu behar du enpresak, denbora horretan: “Intserzio arduradunak diagnostikoa egiten du, eta enplegatuaren hobekuntza ibilbidea diseinatzen du. Konpetentzia teknikoen eta pertsonalen hobekuntzan laguntza ematen diogu”. Prozesu hori amaitzen duenean, lan merkatu arruntean lehiakor izateko prest egon behar du langileak. Hazlanek berak ere kontrata dezake ondoren, baina lan kontratu arruntarekin.

“Intserzio arduradunak diagnostikoa egiten du, eta enplegatuaren hobekuntza ibilbidea diseinatzen du”
Maite Ocerin, zuzendaritza taldeko kidea

Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen duten pertsonak dira programa berezi horren baitan kontratatzen dituzten langileak. “Horrek ez du esan nahi langile onak ez direnik, edo formazioa eta esperientzia ez dutenik”, azpimarratu du Maite Ocerinek: “Baina bizitzan izan dituzten gorabeherak direla medio, edo egoera ekonomikoaren eraginez, laguntza horren beharra izan dute. Kasuistika zabala da”. Mendibileko ikastaroetatik pasa ondoren kontratatzen dituzten langileak ere badira. Etxeko garbiketen eta zaintzaren lan ildoan, langileen %50 da Mendibiletik pasatakoa. Horietako askorentzat, lehen esperientzia izaten da lan munduan. “Kontratu bat edukitzea, nomina edo hitzarmena zer diren jakitea, langileen eskubideak eta betebeharrak ezagutzea… Guzti hori irakaspen handia da lehen aldiz lan egiten duenarentzat”, adierazi du Ocerinek.

Kalitatea eskaini nahi dute

Etxeetako langileen jarduerak hasieratik hartu zuen martxa. Baditu bere zailtasunak, langileak bezeroen beharren arabera antolatzearena, esaterako. “Langile bakoitzak bere egutegia dauka. Egun bakoitzean bizpahiru etxetara joan behar izaten du”, argitu du Ocerinek. Jantzigintza tailerrari, ordea, gehiago kosta zitzaion bezeroen kopurua eta lan karga handitzea. Konponketak eta norbanakoek luzatutako eskaera txikiak besterik ez zituzten egiten, hasieran. Baina aurten bultzada handia jaso du tailerrak. Marian Irastorza diseinatzailea Hazlanen lan egiten hasi da. Esperientzia handia du modaren munduan, eta Irungo tailer txikiaren esku jarri du orain: “Ilusio handia dut. Mundu konplikatua da modarena, pasioa behar da”.

Jantzigintza enpresa handiagoekin lan egiten ari dira orain. Prototipoak eta patroiak egiten dizkiete, momentuz. Tamaina handiko produkzioa, aldiz, beste herrialdeetara bidaltzen dute oraindik. Joera hori aldatzen ari dela baieztatu du, edonola ere, Irastorzak: “Txinatik edo beste herrialdeetatik datozen produktu asko akatsekin iristen dira. Horiek konpondu behar izaten dira, eta azkenean, hemen egin izan balira baino garestiago ateratzen dira”. Bestalde, goi mailako jatetxeetarako jantzien prototipo batzuk diseinatu dituzte, Euskal Herriko sukaldari onenetako batzuekin lan egiten duen komertzial batentzat.

Bezeroak pozik daude jantzien kalitatearekin”
Marian Irastorza, diseinatzailea

Eskualdeko kirol elkarteekin lanean ere hasi dira, Txingudi Rugby Taldearekin, Bidasoa Judo Elkartearekin edo Real Unionekin, adibidez. “Bezeroak pozik daude jantzien kalitatearekin. Hori da garrantzitsuena guretzat”, aipatu du Irastorzak. Maite Ocerinek ere horixe azpimarratu du. Bezeroek Hazlanen zerbitzuak “kalitateagatik” aukera ditzaten nahi duela. Onartu du, hala ere, Hazlan enpresak beste balio erantsi batzuk ere eskaintzen dituela: “Erantzukizun sozial korporatiboa, adibidez. Krisi momentuetan garrantzi handiagoa du horrek. Ez gara krisi ekonomikoa bakarrik bizitzen ari. Baloreen krisia ere bai”. Hurbiltasuna, eta tokian tokikoaren bermea ere eskain ditzake Hazlanek.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude