Ez dadin errepikatu

Haien testigantzak eman dituzte indarkeriaren biktimek Memoriaren Plazan

Indarkeriaren biktimen testigantzak bildu ditu Memoriaren Plazak Irunen, urtarrilaren 22tik 28ra. Eusko Jaurlaritzaren Gogora institutuak antolatutako ekimena da, Euskal Herrian azken hamarkadetan gertatutakoaren testigantzak jasotzeko eta zabaltzeko helburua duena. Hamasei herri edo hiritan, 30.000 bisitari baino gehiago eduki ditu jada, 2016an martxan jarri zutenetik. Irunen, Urdanibia plazan kokatu duten karpan, elkarrizketen bideoak eta zenbait dokumental ikusteko aukera egon da. Gainera, testigantzak emateko grabazio eremua eta mezuak idazteko murala jarri dituzte.

Goizetan, hiriko ikastetxe ezberdinetako 200 gazte inguru egon dira bertan, 16 eta 18 urte artekoak. Urtarrilaren 24an, mahai-ingurua egin dute Memoriaren Plazan, biktima ezberdinekin: María Ángeles Martínez ETAk eraildako Julio Martinezen alaba, María Isabel Gonzalez guardia zibil batek eraildako Alberto Soliñoren alarguna, Maider García GALek eraildako Juan Carlos Garcíaren alaba, eta ETAren bonba batek larri zauritu zuen Alberto Muñagorri.

1977ko abenduaren 16an, Julio Martínez Ezquerro Irungo Udaletxeko zinegotzia erail zuen ETAk, tiroz, Larretxipi kalean, garajearen atarian. Rosario Sánchez emazteak, etxetik entzun zituen tiroak. Kalera irten zenean, hilda topatu zuen senarra. Marian Martínez alaba, aldiz, Madrilen zegoen orduan, ikas bidaian. “Prentsan izan nuen atentatuaren berri, hurrengo egunean, tren geltokian”, azaldu du. Irunera bueltan, gertatutakoari aurre egitea gogorra izan zela baieztatu du.

Bakardadea azpimarratu du Martínezek, batez ere, ingurukoen babesik ez zuelako sentitu: “Jende askok bizkarra ematen zigun. Batzuek justifikatu ere egiten zuten, iradokiz arrazoiren bat egongo zela”. ETAk, atentatua aitortu zuenean, poliziarekin kolaboratu izana leporatu zion. Plaza de Españako (Zabaltza, gaur egun) kioskoan lan egiten hasi zen Martínez, amari laguntzen. Gogoan du amnistiaren aldeko manifestazioetan nola geratzen zen jendea haren aurrean: “Presoen aldeko oihuak entzun behar izaten genituen”. Marian Martínezek onartu du ez duela aitaren erailketa inoiz barkatuko. “Justizia nahi dut”, adierazi du.

Martinezen erailketa baino urte bete lehenago, alargun geratu zen María Isabel González, 24 urte eta hiru haur txiki zituela. Alberto Soliño senarra erail zuen kale-jantzitako guardia zibil batek, Eibarren. Musikaria zen Soliño, bateria-jotzailea, eta kontzertu bat ematera joan zen, bere taldearekin, Jai Alai aretora. “Irteeran, aparkalekua zela eta eztabaida izan zuten. Guardia zibilak kulata-kolpea eman zion buruan, eta tiroa ondoren”, azaldu du Gonzálezek. Ez zen epaiketarik egon, eta Gonzálezek ez zuen inolako babes instituzionalik jaso. “Nik ezin dut krimen hori barkatu”, aitortu du, Gonzálezek ere: “Nire ardura handiena zen semeengan gorrotoa eta mendeku gosea piztuko ote zen. Zorionez ez da hala izan”.

Urterik latzenetan

1980ko hamarkada bortitza izan zen indarkeriari dagokionez. 1982an, ETAk Iberdueroren bulegoaren aurrean jarritako bonbak eztanda egin zion Alberto Muñagorriri, Errenterian. Hamar urte zituen. Bi hilabete eta erdi pasa zituen ospitalean. “Niri ez ezik, bonbaren uhin hedakorrak senide eta lagunei eragin zuen”, adierazi du Muñagorrik. Ondorio fisikoez gainera, inguruan sentitu zuen isiltasunaren mina gogoan du: “Zirkulu batzuetan, justifikatu ere egiten zuten”. Gaur egun, erakunde publikoentzako mezu zorrotza du: “Bazter ditzatela haien interes politikoak, eta utz diezagutela biktimoi hemen gertatu denaren historia kontatzen”.

“ETAk armak utzita ere, lan handia egin beharra dago oraindik”

Maider García, indarkeriaren biktima

1987an, GALen azken biktima izan zen Juan Carlos García Goena tolosarra. Bere autoan jarritako bonba batek hil zuen, Hendaian. Soldadutzatik ihesi alde egin zuen García Goenak Bidasoaren beste aldera. “Ez zuen ETArekin harremanik izan”, adierazi du Maider Garcíak. Bost urte zituen aita erail zutenean. “Amak gorrotoa sentitzen zuen hasieran, mendekua nahi zuen. Guri esker eman zion buelta espiral horri”, adierazi du Garcíak: “Ondoren justiziaren bila egin duen lana eredugarria da”. Gogorak gaztetxoekin antolatzen dituen tailerretan parte hartzen du, gaur egun, Maider Garcíak. Esperientzia “itzela” dela nabarmendu du: “Oso azaletik landu izan da gaia, orain arte. ETAk armak utzita ere, lan handia egin beharra dago oraindik”.

“Oso zaila da, ikusi ondoren ekintza puntual batek bizitza osorako eragiten duen kaltea, indarkeria justifikatzen duen diskurtso batekin ateratzea”

Aintzane Ezenarro, Gogora institutuko zuzendaria

Aintzane Ezenarro Gogora institutuko zuzendariak baieztatu du gazteek egia kontatzeko eskatzen dietela. Ados dago Ezenarro: “Ez dezagun errepikatu frankismoarekin egin genuen berdina: luzaroan isilik geratu”. Indarkeriaren erabilera errepika ez dadin, biktimen testigantzak entzutea funtsezkoa dela uste du Ezenarrok: “Oso zaila da, ikusi ondoren ekintza puntual batek bizitza osorako eragiten duen kaltea, indarkeria justifikatzen duen diskurtso batekin ateratzea”. Ideologia eta sentsibilitate ezberdinak gorabehera, sentipen berdin batek batzen ditu biktima guztiak: sufrimenduak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude