Erretiroa hartu duen arren, San Martzial egunean argazkiak ateratzen jarraituko du Martin Goikoetxea “Goiko” argazkilariak
Berrogei urte baino gehiago eman ditu Martin Goikoetxea “Goiko”k sanmartzialetan argazkiak ateratzen. Beratarra sortzez, Irungo Sindikalean egin zituen ikasketak, eta harreman estua izan du, aurrerantzean, hiriarekin. Erretiroa hartu berritan, 876 argazki eman dizkie Alarde Tradizionalaren arduradunei. Goikoren 40 argazkirekin, “Beratar bat sanmartzialetan” erakusketa antolatu dute Irun Factoryn. Ekainaren 19ra arte ikus daiteke. Argazkilaritza profesionaletik erretiratuta ere, San Martzial egunean argazkiak ateratzen jarraituko du Goikoetxeak.
Nola hasi zen Irunekiko eta Alardearekiko zure harremana?
Sindikalera etorri nintzen 1963an. Serapio Mujikan egon nintzen bizitzen, bederatzi urtez. Orduan, oporrak ematen zizkigutenean, ziztu bizian Berara joaten nintzen, eta ez nituen sanmartzialak Irunen pasatzen. 1970eko hamarkadan argazkilaritza estudioa eta denda jarri nituenean, orduan hasi nintzen Alardearen munduan murgiltzen. Hasieran dozena erdi argazkilari besterik ez ginen ibiltzen.
40 urte baino gehiago pasa dira argazkilaritzan hasi zinenetik.
41 egin ditut kotizatuta. Noiz jubila nintekeen begiratzera joan nintzenean, muga gainditua nuela esan zidaten, eta nahi nuenean jubilatzeko. Estudioarekin eta dendarekin ez dut jarraituko, baina badaude ekimen batzuk ez ditudanak alde batera utziko. Alardean eta estropadetan, adibidez, argazkiak ateratzen jarraituko dut.
Alardearekin lotutako bitxikeriaren bat konta dezakezu?
Urte batean ezkontza bateko argazkiak atera behar izan nituen San Martzial egunean, Donostian. Beraz, goizean, Alardeko argazkiak atera ondoren, kotxera joan nintzen, arropa aldatzera. Nafarroa ibilbidean zegoen kotxea, eta etxe bateko balkoitik ikusi ninduten. Donostiatik bueltan, leku berean aparkatu nuen, eta berriro sanmartzialetako arropa janzten ikusi ninduten. Ea zertan ari nintzen galdetu zidaten, eta azalpenak eman nizkien. Bazkaldu gabe nengoenez, haien etxera gonbidatu ninduten kafea eta tarta hartzera. Aurrerantzean, harremana mantendu izan dut familia harekin.
“20-30 karrete erabiltzen nituen San Martzial egunean”
Teknologiari dagokionez, ikaragarri aldatu da argazkilaritza.
Karreteen garaian, ez nahasteko, eskuineko patrikan erabili gabekoak eramaten nituen, eta ezkerrekoan erabilitakoak. Karretea aldatzen nuenean, etiketa jartzen nion, zenbakiarekin. 20-30 karrete erabiltzen nituen San Martzial egunean. Gero laborategira bidali beharra zegoen, eta zer etorriko zen itxaron.
Nola egin zenuen kamera digitaletarako trantsizioa?
Egun batetik bestera erabaki nuen tren hura hartu beharra zegoela. Lehenengo argazkia atera eta pantailan ikusi nuenean, ikaragarria izan zen. Hasieran biak eramaten nituen, digitala eta analogikoa. Orain ere bi kamera eramaten ditut normalean, baina digitalak biak. Angelu handiarekin bat, eta teleobjektiboarekin bestea, objektiboa aldatu behar ez izateko. Askoz erosoagoa da.
“Niretzat San Martzial eguna 4:30etan hasten da, Beran”
Beratik etortzen zara San Martzial eguneko goizean?
Niretzat San Martzial eguna 4:30etan hasten da, Beran, Irunera etorri eta kotxea aparkatu behar izaten dudalako. Urteren batean Alundan gelditu izan naiz, kafea hartzeko eta Bidasoa konpainiako lagunak agurtzeko. Baina kasu horretan, ez naiz Diana entzutera iristen. Beraz, ahal dudan lekuan aparkatzen dut Irunen, eta San Juan plazara igotzen naiz. Dianan argazkilari gutxi egoten gara, eta Bandakoek ezagutzen gaituzte. Gero Santiagora jaisten naiz, kuadrillakoekin gosaltzera. Handik San Martzial aldapara joaten naiz, eta Alardea hasi aurreko argazkiak ateratzen ditut.