Hilabeteak ematen dituzte konpartsek desfileak prestatzen
“Non prestatuko dituzte karroza handi horiek?”, galdetu izango zion baten batek bere buruari, inauterietako desfilea ikusterakoan. Egia da elkarte gehienek ez dutela halako trasteak gordetzeko tamainako lokalik. Hori dela eta, Irungo Udalak bi pabiloi erabiltzeko aukera ematen die, hilabetez, desfilean parte hartzen duten konpartsei. Soroxarta industriagunekoan topatu ditugu Javier Rivero eta Xabier Berridi, Elatzetako Gurasoen Elkarteko konpartsaren karroza prestatzen.
Lauzpabost karroza daude guztira pabiloian. Batzuk besteak baino aurreratuagoak, denak prestaketa prozesuan. Rivero eta Berridi Batmobilearekin ari dira buru-belarri. Izan ere, super heroien gaia aukeratu dute aurten. “Ideien bilketa egiten dugu normalean. Ateratzen direnak pixkanaka baztertu egiten ditugu, eman ditzaketen arazoen arabera, egokiena hautatu arte. Dena den, 120 lagun inguru ados jartzea oso zaila da”, azaldu du Xabi Berridik. Aurrerapen handiarekin hasten dira inauteriak prestatzen. Udaberrian izaten da gaiaren aukeraketa, maiatzean, apirilean, batzuetan baita martxoan ere. Udaran, koreografian prestatzen hasten dira dantzen arduradunak. Jostunak, berriz, mozorroen diseinuak egiten. Dantzan entseatzen azaroa aldera hasten dira haurrak. Orduan heltzen da, baita ere, karroza prestatzeko arduradunen txanda.
“Hilabete batean dena egin beharra dago”
Xabier Berridi
Gauza txikiak aurreratzen dituzte Berridik eta Riverok. Lanaren zatirik handiena, berriz, azken hilabetean egin behar izaten dute, udalak pabiloia erabiltzeko baimena ematen dienean. “Orain arte piezak zatika muntatzen eta desmuntatzen ibili gara”, argitu du Javi Riverok. Azken hilabetean lan karga handia izaten dute, eta estu samar ibiltzen dira. Konpartsa guztien arazo nagusia denbora falta izaten dela baieztatu du Xabi Berridik: “Hilabete batean dena egin beharra dago. Eta astean zehar jendeak lan egiten du. Beraz, asteburuetan besterik ezin izaten dugu gelditu, eta asteburua motz gelditzen da”. Hala ere, bi lagun besterik ez dira aritzen karroza muntatzen. Momentu puntualetan bakarren bat joaten da laguntzera. Baina gehiena, bien artean egiten dute. “Jende gehiagok traba besterik ez luke egingo”, adierazi du Riverok.
Ahaleginaren emaitzak
Merezi al du urtero presaka ibiltzeak? Baiezko erantzuna eman dute, azkar, Riverok eta Berridik. Alde batetik, denbora gutxi eduki arren, karroza prestatzeko prozesuarekin gozatu egiten dutela baieztatu du Riverok: “Gauza barregarriak gertatzen zaizkigu. Egun batzuetan zeharo inspiratuta etortzen gara, eta beste batzuetan ez dugu aurrera egiteko modurik topatzen. Baina orokorrean, asko disfrutatzen dugu”. Denboraren kezkari nolabaiteko xarma ere antzematen diote, bestalde. “Batzuetan pentsatzen dugu ez garela buruan duguna garaiz amaitzeko gai izango. Baina nola edo hala denbora ateratzen dugu, eta helburua betetzea lortzen dugu azkenean”, aipatu du Berridik.
“Batzuetan zeharo inspiratuta etortzen gara, eta beste batzuetan ez dugu aurrera egiteko modurik topatzen”
Javier Rivero
Karroza atontzen amaituta, desfileen egunetan disfrutatzera irteten dira. “Niretzat, behintzat, oso-oso dibertigarriak dira. Alaba atera zen lehen urtean ikusle izan nintzen, baina hotza pasa nuen, aspertu nintzen, eta hurrengo urtean barruan joatea erabaki nuen. Pozik nago nire erabakiarekin”, onartu du Javi Riverok. Haurren ilusioa ikusteak ere asebetetzen dituela gaineratu du Xabi Berridik: “Dena ematen dute. Larunbatean Irunen ateratzen dira, igande goizean Hondarribian, eta arratsaldean berriro Irunen. Azkenerako, leher eginda egoten dira, zer dantzatzen ari diren ere ez dakitela”.
Urteren batean, inauterietako larunbat gauean pabiloian gelditzea egokitu izan zaie, apurtutako piezak edo bestelako matxurak konpontzen. Gehienetan, eguraldiaren ondorioz. “Denetarik izan dugu: euria, kazkabarra, elurra… Behin desfilea bertan behera gelditu zen, haizearen ondorioz”, gogoratu du Berridik. Denen kezka izaten da eguraldiarena. Baina otsailean, ezin da udarako girorik espero. “Badakigu loteria hutsa dela”, aitortu du Riverok. Hala ere, ziurtatu du euria eginez gero ere kalera irtengo dela. Eguraldiak ezin duela hilabetetako lana zapuztu.