Ezohiko uda honetan 3.500 bisitari baino gehiago jaso ditu Oiasso museoak

3.500 bisitari baino gehiago jasi ditu Irungo Oiasso Erromatar Museoak 2020ko udako hilabeteetan zehar.  Zehazki, 3.563 bisitari hurbildu dira udan zehar Oiasso museora. Dies Oiassonis bezalako hitzordu klasikoen falta sumatu arren, hainbat izan dira musoa bisitatzera animatu diren bertako biztanleak. 

COVID-19ak eragindako osasun krisialdiaren ondorioz, ezin izan da ekitaldi jendetsurik egin, eta, ildo horretatik, ezin izan da antolatu Dies Oiassonis jaialdia. Horren ondorioz, Museoaren udako emaitzak % 50 baino gehiago apaldu dira. Nolanahi ere, beste uda batzuetan, erromatar jaialdiaren egunetako kopuru bereziak alde batera utzita, bisitari kopurua uda berezi honetakoaren ingurukoa izan da: 3.500.

“Kostaldeko euskal sukaldaritza: erromatar garaitik abangoardiara” eta “Meazuri: argiak eta koloreak” aldi baterako erakusketek 1.601 bisitari erakarri dituzte, % 14 gehiago –“Meazuri: argiak eta koloreak” abuztuaren 15era arte luzatu zen–. Irugurutzetara tren berdean egindako bisita gidatuetan, Ama Xantalengo nekropolira egindakoetan eta tailer didaktikoetan, berriz, erabiltzaile kopurua murriztu da, eta zegozkion prebentzio eta higiene neurri sanitarioak hartu dira, baina, edonola ere, 841 lagunek parte hartu dute; horrela, Irugurutzetako eskaintzak iazko erabiltzaile kopuruaren % 75i eutsi dio.

“Uda honetako berezitasunetako bat bertako bisitari eta erabiltzaileak izan dira. Albiste ona da, erakargarriak izan baikara, eta bertakoek turismoa egiteko eta aisia emateko aukera bat”, azaldu du Kulturako ordezkari Junkal Eizaguirrek; izan ere, ekainetik abuztura bitartean, bisitarien hiru laurden gipuzkoarrak izan dira, eta ia erdia, irundarrak. Beste jatorri batzuetako bisitarien kopurua, aldiz, % 3 jaitsi da batez beste.

Aurten ere, bisitariek bikain puntuatu dute Museoa (4,5 puntu 5etik); zehazki, 2020ko udan, erakusketa iraunkorraren kalitatea eta langileen arreta izan dira hobekien baloratutako itemak, hurrenez hurren.

Urteko azken lauhilekoan, Museoko jarduera programak (ikastaroek, tertuliek, erakusketek…) aurrera jarraituko du, osasun agintariek unean-unean ezartzen dituzten arauetara egokituta.

“Al Andalusen aztarnen atzetik: historia eta arkeologia”

Irailaren 2an, asteazkenarekin, “Al Andalusen aztarnen atzetik: historia eta arkeologia” ikastaroan izena emateko epea hasiko da. Oiasso Museoaren ikastaro berria Al Andalusen historian eta kulturan murgilduko da, islama Iberiar penintsulan zabaltzen hasi zenetik XI. mendera arte. Era berean, Penintsulako kristau erresumekiko harremanak aztertuko ditu, Iruñeko erresumarekikoak bereziki, baita emakumeen egoera andalustar kulturan eta orduko arkitektura monumentalaren adierazgarri nagusiak.

Eskolak irailetik abendura bitartean izango dira, bi txandatan: astearteetan, 18:00etatik 19:00etara bitartean, eta ostegunetan, 11:00etatik 12:00etara bitartean. Hamabi saio aurreikusi dira txanda bakoitzeko, eta Euskal Herriko Unibertsitateko Historiako doktore Jokin Lanzek emango ditu. Toki kopurua mugatua izango da. Maskara erabili beharko da nahitaez, 1,5 metroko distantzia utziko da pertsonen artean, eta gel hidroalkoholikoa banatuko da, eskuak garbitzeko. Izena emateko, Oiasso museoko harrera lekura joan behar da, edo 943639353 telefono zenbakira deitu eta toki bat erreserbatzeko eskatu. Ikastaroaren prezioa 65 eurokoa da.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude