Ezteien sektorea osasun krisialdiaren ondorioak pairatzen ari da

Argazkia: Estudio Gover

Covid-19a Irunera iritsi zenetik, pandemiak osasungintzan merkataritza, ostalaritza, hezkuntza, … bezalako sektoreetan eragindako kalte eta ondorioez luze hitz egin da. Gainontzeko sektoreetan gertatu den bezalaxe, ezkontzen inguruan lan egiten duten profesional anitzek osasun krisialdiren eta pandemiak eragindako murriztapen neurrien ondorioak pairatzen ari dira.

Ezkontzak bikote baten elkarketa ospatzeko une seinalatuak dira, mugarik gabeko ospakizun eta ezkonberrien zein gonbidatuen gozamenerako antolatu ohi dena. Covid-19a iritsi zenetik araurik gabeko egun horri mugak jarri zaizkio. Murriztapenek, batez ere, gonbidatuen kopurua murriztu edo ezkontza egunean zehar dantzaldiak bezalako zenbait ekintza antolatzeko debekua eragin dute.

Murrizketak noraino iristen diren ikusita, ezkongai askok egun seinalatua atzeratzeko erabakia hartu dute, datorren urtean egoera lasaiagoa eta normalagoa izango delakoan. Fernando Vergara Estudio Goverreko argazkilaria eta Married dendako Nagore Camisón dendaria bat datoz aurtengo ezkontzen %90 gutxi gorabehera datorren urterako atzeratu direla baieztatzerakoan. Fernando Vergara argazkilariak azaldu duenez, “aurten guztira 6 ezkontza egingo ditut, egoera normal batean 25 ezkontzetarako kontratatu ohi nauten bitartean”. Ezkontza dataren atzerapenak, urteko lan karga eta eskaria murrizteaz harago, aparteko gastuak eragiten ditu Nagore Camisónek azaldu duenez, “ezkongai askok soinekoak dendan denbora luzeagoz uzten dituzte edo eskariak atzeratzen dituzte”. Dendariak azaldu duenez, “zorionez” oraindik ez zaio eskaera bertan behera utzi nahi duen bezerorik hurbildu.

Hortaz gain, ezkontzen antolaketan lan egiten duten profesional gehienentzat telelana irtenbide ezinezkoa da. Izan ere, Fernando argazkilariak bezala askok ezkontzaren egunen aurrez aurre lan egiten dute. Nagore dendariaren kasuan, ezkontza aurreko prestaketetan zerbitzua eskaintzen duten profesionalentzat ere ezinezkoa da ezkongaiekin aurrez aurreko harremana izan gabe lan egitea. Gainera, konfinamenduan zehar denda Letxunborro hiribidearen 100. zenbakira lekualdatzeko erabakia hartu zuen. Gauzak horrela, profesionalek segurtasun neurri guztiak errespetatzen dituzte haien zerbitzua eskaintzerakoan. “Ezkongaiek probatutako soinekoak baztertu eta tenperatu altuko lurrunarekin desinfektatzen ditut, soinekoak ondatu gabe”, azaldu du Nagore Camisón dendariak.

“Maskara eta pertsonen arteko distantziaren ondorioz argazkietan

zenbait gauza ezkutuan gelditzen dira, baina, ez guztiz”
Fernando Vergara, Estudio Goverreko argazkilaria

Osasun krisialdiaren harira, osagarri berriak erabiltzen dira eztei egunean. Maskarak edo gel hidroalkoholikoa pandemia garaiko ezkontza batean ezinbesteko elementu bihurtu direnez, profesionalek haien zerbitzua egoera berrira egokitu behar izan dute. Estudio Goverreko Fernando Vergarak adierazi duenez, argazkietan maskarek keinuak edo sentimenduak ezkutatu ditzakete: “Maskara eta pertsonen arteko distantziaren ondorioz argazkietan zenbait gauza ezkutuan gelditzen dira, baina, ez guztiz”, . Fernandok ezkonberri zein gonbidatuen espresioa argazkietan islatzeko modu berriak bilatzen dituen bitartean, Nagorek, bezeroen eskariak erantzuteko, soinekoen ohial soberakinak aprobetxatzen ditu ezkontza egunerako maskarak sortzeko.

Egoerara moldatutako ezkontzak
Normaltasun berrian ezkontzak orain arte ospatu izan diren bezala ospatzea ezinezkoa dela ikusita, berrasmatzea da ezkongaien aukera bakarra. Estudio Goverreko argazkilariak azaldu duenez, bere azken ezkontzetako bat Nuria eta Josurena izan da. Ezkongaiek, momentuko neurriak direla eta lunch-a eta dantzaldia bezalako ekintzak antolatzea ezinezkoa izango zela ikusita, umorezko ikuskizun eta karaoke batekin gonbidatuak aho zabalik utzi zituzten. “Neurri guztiak errespetatuz jendeak asko disfrutatu zuen ezkontza hartan”, argazkilariak azaldu duenez.

Argazkia: Estudio Gover

Maitasuna beldurraren gainetik
Momentuko osasun egoeraren bilakaera oso aldakorra bada ere, ezkongai askok haien ezkontza aurreikusita zuten eguna ospatzeko erabakia hartu dute. Nagore Camisón dendariaren hitzetan, “ezkontzeko benetako gogoak dauzkanak lehenago edo beranduago ezkonduko da”. Gaixotasuna ezkontzako parte-hartzaileen artean kutsatzeko beldurra baino gehiago, ezkongai askorentzat ezkontza eguna imajinatu zuten bezala izango ez dela ulertzea da erabakiarekin aurrera jarraitzeko oztopo nagusia. Fernando Vergara argazkilariak azpimarratu duenez, ostalaritzaren sektoreko profesionalak bereziki kezkatuta daude, haien kasuan murriztapenak oso zorrotzak direlako. Hortaz, arau guztiak zorroztasunez errespetatzeko ahalegin berezia egiten ari dira, ezusteko lan-ikuskapen batek arazorik eragin ez dezan.

“Ezkontzeko benetako gogoak dauzkanak lehenago edo beranduago ezkonduko da”
Nagore Camisón, Married-eko dendaria

Denboraldi korapilatsu eta ezohikoa amaitu aurretik, ezjakintasunez begiratzen diote ezkontzen sektoreko profesionalek datorren urteko denboraldiari. Profesional zein ezkongaiek ordurako egoera normalagoa izatea espero dute, aurten atzeratuak izan diren ezkontzak eta datorren urtean egitekoak zirenak ospatuko direlakoan. Arrazoi horregatik, Fernando Vergara urtero Ficoban antolatzen den “Los muñecos de la tarta” izeneko ezkontza azoka abendurako prestatzeko lanetan murgildurik dabil. Hortaz, ekaitzaren ostean eztialdia datorrelakoan, maitasunak ezbehar guztiak gaindituko dituela prentsatuz, aurrera egiteko modua topatu beharko du ezkontzen sektoreak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude