2018 urteko Ribera Beken 2. proiektua aurkeztu zen urtarrilaren 22an, asteartea, Irungo CBA Udal Liburutegia. Honela, Iraitz Agirrek eta Ivan Gomezek garatutako “Faisaien Uhartea: historia kontatzeko moduak” proiektuaren nondik norako nagusiak azaldu zizkieten liburutegira hurbildu ziren irundarrei.
Irungo Udaleko Kultura arloak martxan jarritako Beka deialdi honen bitartez, arte garaikidea era berritzailean bultzatzea bilatzen da. Honela, memoria historikoa, herrialdeen arteko muga eta Bidasoa ibaiaren kontzeptuen inguruan gogoeta egitea bilatzen da.
Iraitz Agirrek eta Ivan Gomezek Irungo historian berebiziko garrantzia izan duen Faisaien Uhartea aukeratu zuten haien proiektua garatzeko. Era honetan, antzerki-formako entsegu baten bitartez eta izebergaren metafora erabiliz, Faisaien Uhartearen historia epaitu nahi izan dute. Horretarako, uhartearen historiaren inguruan liburuetan bildu izan diren bertsio ofizialak, elkarrizketen bitartez bildutako eta ahoz aho transmititutako istorioekin alderatu dituzte.
Proiektua garatzeko beharrezkoa zen informazioa biltzeko, 8 elkarrizketatuen testigantzak jaso dituzte. Elkarrizketetan bildutako informazioa transkribatuz, garatuz eta zati ezberdinak lotuz lortu dute proiektu honen emaitza. Iraitz Agirrek adierazi duenez, “proiektuaren emaitza collage erraldoi bat da”.
Proiektuaren emaitza biltzen duen artxiboa 3 zati nagusiz osatzen da. Lehen zatian, hausnarketa artistiko bat burutu du Ivan Gomezek ideia kokatzeko. Bigarrena, berriz, zatirik luzeena da eta bertan, antzerki izaerako entsegu moduan epaiketa sinbolikoaren argudiatzeak bildu dira, elkarrizketatuen hitzei ukitu literalagoa emanez.
Bikote honek garatutako proiektuan uhartearen historia, bakea eta gerra, mugako identitatea, genero aldaketak eta boterea, ahoz ahoko kontakizunak, hizkuntzen arteko harremanak eta estatuen sorrera bezalako gaiak landu dira. “Proiektua gehiago zabaltzea ezinezkoa izan zaigun arren, gaian asko sakontzeko aukera izan dugu”, azaldu du Ivan Gomezek.
Proiektuaren aplikazioa hezkuntzan
Proiektuan lortutako emaitzekin egileek benetako antzerki izaerako entsegu bat antzezteko asmorik ez duten arren, lanaren emaitza aberatsa ikusita, etorkizunean liburu formatuan argitaratzea gustatuko litzaiekeela onartu dute.
Bitarte horretan, Irungo Eguzkitza Institutuan proiektu honekin loturiko jarduerak aurrera eramango dituzte dibertsifikazio taldean. Izan ere, institutuko irakasleek ikasleei irakasten zaien historia nola jaso, ikasi eta barneratzen duten ikertzeko aukera topatu dute proiektu honetan, Irungo historiako pasarte esanguratsuak ikasleei hurbiltzeko aukeraz gain.
Horrela, Historia, Euskara, Geografia, Balioak eta Gaztelania bezalako ikasgaietako edukiak era berezian lantzeko aukera izango dute ikasleek. Ikasketa prozesua osatzeko Iraitz eta Ivanen hitzaldia izango dute behin proiektuko edukien lanketari ekiten diotenean, egileek ikasleen feedbacka jaso