Famlien arteko laguntasuna sustatzea du helburu Familia Laguna programak

Familia Laguna” kulturarteko familia laguntzako programa bat da, hezkuntzaren eta komunitatearen esparruan garatzen dena. Programa honek harremanetan jartzen ditu beste herrialde batzuetatik etorri berri diren familiak adin bereko seme-alabak dituzten euskal edo tokiko familiekin.

Programa 2014. urtean sortu zen, Donostiako Aitor Ikastolako familiek atzemandako behar batetik. Garazi Zarauzek, proiektua bultzatzen duen Elkarrekin Kooperatiba txikiko koordinatzaileak azaldu duenez, “umeak bertan matrikulatuak zituzten familiek ikastetxeko eta auzoko familien ezaugarriak aldatzen ari zirela ikusi zuten”. Migrazioaren ondorioz, jatorri gehiagoko familiak ikusten zituzten ikastetxean, eta horrela beraz, familia etorri berrien harrera lantzea erabaki zuten. “Familiak elkar ezagutzearen garrantziaz ohartu ziren, aurreiritziak apurtzeko”, gaineratu du Garazi Zarauzek.

Harrezkero, proiektua hazi baino ez da egin. Julen Urkia Irungo Dunboa HH eta LH eskolako zuzendaria ere proiektura batu zen 2023an. “Elkarrekin kooperatiba eta Parean elkartearen bidez proposamena iritsi zitzaigunean oso interesgarria iruditu zitzaigun”, adierazi du Dunboa eskolako zuzendariak. Julen Urkiak azaldu duenez, familiak eskolaren ardatz garrantzitsuenetako bat dira eta Dunboaren kasuan atzerritik etorritako familien kopurua handia da. “Proiektura batu eta denbora gutxira emaitza positiboak ikusten hasi ginen”, gaineratu du Dunboako zuzendariak.

Familiak protagonista

Proiektuaren izenak argi uzten duenez, familiak dira protagonistak. Andrea Torresek eta Xiomara Garachek Irunera iritsi eta egitasmoaren berri izan bezain laster, izena ematea erabaki zuten. Gotzone Aranagak berriz, eskolako guraso elkarteko kide izateagatik izan zuen proiektuaren berri. “Eskolan arrazakeriaren inguruan egindako hitzaldian izan nuen egitasmoaren berri eta interesgarria iruditu zitzaidanez, parte hartzera animatu nintzen”, azaldu du Gotzone Aranagak. Iaz Familia Laguna proiektuaren barnean bikote izan ziren Xiomara eta Gotzone eta beren semeak. Xiomara Garachek azaldu du Gotzoneri esker eskolaren dinamika, ikasgaiak eta bertako ohiturak ezagutzea errazagoa izan zaiola. Xiomarara Garache duela urte eta erdi iritsi zen Irunera eta proiektuari esker bertan kokatzea errazagoa izan dela azaldu du.

“Segituan bertan parte hartzeko interesa agertu nuen, bertako kultura ezagutzea garrantzitsua iruditu zitzaidalako”

Andrea Torres, Familia Laguna programako parte-hartzailea

Programari esker elkar ezagutu eta adiskidetasun harreman polita sortu dute. Xiomara Garacheren hitzetan, “familia Laguna proiektuari esker jatorri desberdineko jende asko ezagutzeko aukera izan dut”. Gotzone Aranagaz gain, duela urte bat Irunera iritsitako Andrea Torresek osatzen du hiru mosketarien taldea. “Hona iritsi nintzenean beste planeta batean nengoela sentitu nuen, dena erabat ezberdina zelako”, adierazi du Andrea Torresek. Dunboa eskolan bere alaba matrikulatu zuenean jakin zuen Familia Laguna programaren berri: “segituan bertan parte hartzeko interesa agertu nuen, bertako kultura ezagutzea garrantzitsua iruditu zitzaidalako”. Horri esker, pertsona berriak ezagutu eta bertan “familian” sentitu dela azaldu du Andrea Torresek.

Eskolatik kanpo

Dunboa ikastetxeko ikasleak izan arren, familien arteko harremana eskolatik kanpo ehuntzen da. Eskolaren barnean bilera edo jardueraren bat egin arren, gehienak eskolaz kanpokoak dira. Hala, Chillida Leku, Albaola itsas kultur faktoria edo Eureka Zientzia museoa elkarrekin bisitatzeko aukera izan dute, bertako kultura ezagutzen lagundu diena. Orokorrean, asteburuetan elkartzen dira ekintza horiek egiteko. Gainera, bertako kultura ikasteaz gain, parte-hartzaileek beren jatorriko janaria eta ohiturak ere elkarbanatzen dituzte, parte hartzaile guztiak esperientzia berriekin aberastuz. Adibidez, martxoko asteazken batean Irungo Erlaitz elkartean elkartu ziren hainbat herrialdetako janariak dastatzeko.

Egunerokotasunean, berriz, WhatsAppeko taldea erabiltzen dute etorri berrien zalantzak argitu edo laguntza emateko. Andrea Torresek aipatu duenez, “Hau gure jatorriko herrialdea ez den arren, harrera ona egin digutela sentitu dugu, eta batzuetan beste leku batetik zatozenean behar duzun maitasun hori jaso dugu”. Ideia horrekin bat dator Xiomara Garache: “Programa honek beste herrialde batean familia bat sortzeko aukera ematen digu, gure familia sorterrian utzi ostean”.

Familia girotik eskolara

Eskolatik kanpo elkartu arren, Dunboa ikastetxearen barnean proiektuaren emaitzak agerikoak dira. Xiomara Garachek nabarmendu duenez, “Unai, Gotzoneren semeak, Pedrori, nire semeari bere lagunak aurkeztu zizkion eta gaur egun lagun talde bera partekatzen dute”. Keinu txiki horiek haurrei zein gurasoei bertan integratuak sentitzen laguntzen diete. Julen Urkia zuzendariak azaldu du Familia Laguna programari esker familiek beren seme-alabek egunero eskolan bizi duten errealitatea gertutik ezagutzeko aukera dutela. Horregatik, proiektuan parte hartu duten familiek etengabe adierazten dute honi esker akonpainatuak sentitzeko aukera izan dutela.

“Jatorri ezberdinekoak izan arren, elkartzen garenean guztiak aberasten gara gure janaria, hizkuntza, ohiturak eta kultura partekatuz”

Xiomara Garache, Familia Laguna programako parte-hartzailea

Ekimena berria ez den arren, ikastetxeek zein familiek egun horren beharra sentitzen dute. Garazi Zarauzek adierazi duenez, “eskolek inklusioa lantzeko eta kulturartekotasuna sustatzeko proiektuak eskatzen jarraitzen dute”.  Ikastetxetako zuzendarientzat, Julen Urkiaren kasuan bezala, elkarrekin kooperatiba txikiaren babesa ezinbestekoa da. “Programa honek lanketa zerotik abiatu behar izatea ekiditen digu, gure kabuz horrelako ekimen guztietara iristea ezinezkoa zaigulako”, azaldu du Urkia zuzendariak. Horrela, Dunboa eskolan parte hartu nahi duten familien datuak hartzeaz arduratzen dira eta Elkarrekin kooperatiban proiektuan izena ematen duten familien artean bikoteak osatzeko ardura hartzen dute.

“Eskolan arrazkeriaren inguruan egindako hitzaldian izan nuen egitasmoaren berri eta interesgarria iruditu zitzaidanez, parte hartzera animatu nintzen”

Gotzone Aranaga, Familia Laguna programako parte hartzailea

Familia Laguna programan inplikatutako alde guztiei egitasmoaren arrakastaz galdetuz gero, erantzuna bat eta bakarra da: bai. Andrea Torresek esperientzia guztiz gomendagarria dela adierazi du: “Programa honi esker, ni eta nire alabak oso pozik gaude gaur hemen egoteko dugun aukerarengatik”. Xiomara Garachek ere esker hitzak baino ez ditu, “jatorri ezberdinekoak izan arren, elkartzen garenean guztiak aberasten gara gure janaria, hizkuntza, ohiturak eta kultura partekatuz”. Gotzone Aranagak familien artean gertatzen den elkartruke etengabea azpimarratu du. Beraz, Familia Laguna programa Euskal Autonomia Erkidego guztira zabaltzearekin batera, gero eta gehiago izango dira onura hauez gozatzeko aukera izango duten familiak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude