Felipe Cambón idazleak “Dos mares” eleberria argitaratu du Martin Gaite Narratiba Saria lortu ostean. Honakoa ez da idazle irundarraren lehen liburua, izan ere, 2017. urtearen amaieran “Viento norte” izeneko eleberria argitaratu baitzuen. Egun Esteponan bizi den idazleak onartu duenez, narratiba sariak bere liburuaren zabalpen lanean asko lagundu dio.
Nola murgildu zinen literaturaren munduan?
Nik ikasketa zientifikoak egin nituen, izan ere, ingenieritza ikasketak egin nituen. Ikasketa horiek aukeratu nituen, batez ere, Gipuzkoako industria-ehuna aztertu nahirik. Unibertsitateko joan-etorrietan denbora libre asko nuenez irakurtzeko ohitura hartu nuen. Heldua nintzela iritsi zitzaidan literaturarekiko grina eta harrezkero zerbait idazteko gogoa izan dut beti. Kontakizun laburrak idazten hasi nintzen, ondoren eleberriak idazten jarraitzeko eta horrelaxe hasi nintzen.
Bitxi samarra da zientzietako irakaslea izanda liburu bat publikatzea, ezta?
Bai, beti kontraesan horren inguruko azalpenak eman behar ditut, jendeari atentzioa ematen baitio. Jendeak ez du ulertzen zergatik idazten ditudan eleberriak ingeniaria izanda. Hala ere, betidanik izan ditut oso gustoko zientziarekin zein letrekin lotutako gauzak. Arlo profesionalean zientzien alde egitea erabaki nuen, baina letrekin ere zeozer egin behar nuela erabaki nuen eta horregatik hasi nintzen idazteko zaletasuna garatzen.
Nola bururatu zitzaizun zure azken eleberria idaztea?
Azken liburua idazteko nire bizitzako bizipenak eta denbora luzez ozeanoaren beste aldean egin nuen bidaia nahastu ditut. Historian nire bizipen pertsonalak agertu arren, fikziozko pertsonaia bat sortu dut istorioa kontatzeko. Izan ere, nire buruarekiko oso desberdina den pertsonaia sortu dut.
Carmen Martín Gaite Narratiba Sariak eleberria argitaratzen lagundu dizu?
Bai, izan ere, honelako lehiaketetan parte hartzea nahiko konplikatua da, parte hartzaile asko izan ohi direlako. Horretaz gain, irabazlea aukeratzeko orduan faktore asko hartzen dira kontuan. Hainbeste parte-hartzaileren artean irabazlea zu zarela esateko deitzen dizutenean oso sorpresa handia hartzen duzu. Egia da sariak asko errazten duela argitalpena, banaketa eta publikoaren zein kritikoen aintzatespena lortzen.
Zure bigarren liburua izanik, alde handia nabaritu duzu lehen argitalpenarekin alderatuta?
“Viento norte” izeneko lehen eleberria argitaletxe txiki batekin kaleratu nuen, beraz, lehen eleberriaren banaketa txikiagoa izan zen. Bigarren liburuarekin, berriz, estatu mailan zabalpena errazagoa izan da. Horretaz gain, bigarren argitalpen honekin komunikabideek jaramon gehiago egin didate eta jasotako arreta guztiz bestelakoa izan da.
Bigarren nobela idazteko unean lagungarria izan zaizu lehen eleberriaren esperientzia?
Bai, lehen liburua ia modu autodidaktan idatzi nuen. Horren ostean, literaturaren munduan gehiago murgildu nintzen, arte guztiak bezala oso konplexua da eta aldagai asko ditu. Bigarren liburuaren diseinua landuagoa dago, bigarren liburuaren diseinua askoz sakonagoa da.
Epaimahaiak zure liburua irabazlea izateko ahobatez aukeratzeak ba al du esanahirik zuretzat?
Hasieran harridura handiz jaso nuen balorazioa. Epaimahaikideekin bideokonferentziaz hitz egiteko aukera izan nuen, eta literaturan nolabaiteko pisua duten pertsona batzuek aho batez aukeratu izana pozgarria da, aintzatespena bezalako zerbait da eta. Oso hunkigarria izan zen.
Zein neurritan baldintzatzen du pandemiak liburuaren argitalpena?
Sariaren emaitza 2020ko udan jakinarazi zen, eta argitalpena atzeratzen saiatu dira, baldintzak zertxobait hobeak izan arte. Azkenean 2021eko udaberrian argitaratu da, jendeak aurkezpenetara bertaratzeko aukera izan dezan eta dena errazagoa izan dadin. Gaur egungo baldintzak zailak badira ere, badirudi irakurketaren munduak bizirik irautea lortu duela eta jendeak lehen bezala irakurtzen jarraitu duela. Gauza batzuk zaildu badira ere, orokorrean, aurreikusitako guztia gutxi gorabehera egitea posible izan da.
Zure irakurleekin harreman zuzena izatea eskertzen duzu?
Bai, noski. Malagan aurkezpen presentziala egin nuen eta etxera egindako bisitaz baliatuta Hondarribian beste aurkezpen bat egin nuen. Idazle guztioi asko gustatzen zaigu irakurleekin topo egitea, haien adierazpenak konta diezazkiguten. Oso une garrantzitsua da, irakurleen balorazioa jasotzen duzulako, eta oso interesgarria da guretzat.
Erraza al da idazketa irakaskuntzarekin uztartzea?
Ez da lan erraza. Antolaketa handia eskatzenr du, eta pixkanaka helburuak lortzeko lan egin behar da. Nobelak idaztea maratoi batean parte hartzea bezala da, oso ordu luzeak eman behar zaizkio eta konstantzia handia behar da. Nahiko pertsona antolatua naizela esango nuke, eta pausoz pauso joanez gero, gauzak lor daitezkeela uste dut.
Zertan inspiratzen zara idazterakoan?
Nik uste dut idazlearen lana dela bizitzea tokatu zaion garaia deskribatzea. Hori da niri interesatzen zaidan literatura mota. Ondo ezagutzen ditudan gauzez hitz egitea gustatzen zait, zehatz eta sakon hitz egin ahal izateko. Horregatik, esperientzian oinarritzen naiz, fikzioa sakontasun bihurtzeko. Nahasketa horretan kalitate handiagoko gauzak ateratzen dira.
Etorkizunean beste libururen bat kaleratzeko asmoa duzu?
Etxean giltzapetuta egon ginen hilabeteak istorio berri bat diseinatzen hasteko baliatu nituen. Idazten hasi aurretik denbora asko ematen dut prozesu horretan, ondo dokumentatzeko eta antolatzeko. Idazten hasi aurretik dena ondo eskematizatzea gustatzen zait. Oraintxe bertan badut nik deitzen diodan moduan sedimentazio fasean dagoen istorio bat, geruzak noiz igoko zain dagoena. Idazten hasteko zain dago, baina ez dakit noiz.