Festa, sentipena, herria

Egutegi berria hartzerakoan, irundar askok bezala, nik ere begiratzen dut ekainaren 30a zein egunetan egokitu den. Egia esan, astelehena edo igandea izan, beti moldatu izan naiz San Martzial egunean Irunen egoteko. Erakarpen indar berezia dauka egunak irundarrekiko. Ahalegin berezia egiteko gai gara, San Martzial egunean ordu batzuz bada ere, herrian egoteko. Zalantzarik gabe, eta hi-tzaren esanahia aztertuta, San Martzial FESTA da.

Ander_Arzak_display

Hiztegiak dio poz handi eta dibertsioaren sinonimoa dela festa, gertakari bat gogoratzeko jendea biltzen denean ematen dela, eta horrelakoetan bulegoak eta erakunde publikoak itxita egoten direla. Gureak beraz baldintza guztiak betetzen ditu. Are gehiago, SENTIPENA ere bada. Danbor hotsek, kanpoan bizi diren lagunak ikusteak edo ekainaren 28ko afariak eragiten dizkiguten sentipenak. Uztailaren batean, buruko min pixka batekin, baina pozez gogoratzen ditugun sentipenak.

HERRIA hitzaren esanahia ere begiratu dut. Kultura edo ohitura bera duten gizaki taldeak osatzen du herria. Irungo ohitura eta kulturak aztertuko bagenitu leku berezia izango lukete San Martzialek eta Alardeak; beraz, esan genezake neurri batean herri egiten gaituena direla. Irundar egiten gaituena. Leku berean bizi diren biztanleek ere osatzen dute herria; beraz, ohiturari atxikita egotea ez da derrigorrezkoa irundar izateko. Irun bezain anitza da festa eta hitzen interpretazioa. Guztiak ere baliagarriak, errespetagarriak eta zentzu baikorrez beteak. Ospa ditzagun beraz jaiak, aniztasunez, errespetuz eta baikortasunez!

Ander Arzak. Kazetaria

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude