Ficoba Bioterraren 20. edizioaren prestaketa lanetan murgildua dago

  • Produktu ekologikoak
  • Bioeraikuntza
  • Energia berriztagarria
  • Kontsumo arduratsua

2023 urteurrenez beteriko urtea izango da Ficobarentzat. Izan ere, aurten erakustazokaren hogeigarren urteurrenak Bioterraren 20. urteurrenarekin bat egingo du. Ficobako hitzordu ekologikoak hazkunde nabaria izan du bere ibilbidean zehar, sektoreko azoka erreferenteetako bat izatera iritsi arte. Maialen Gaztañaga Bioterrako zuzendariak XX. edizioaren berri eman du. 

Aurten Bioterra azokaren 20. edizioa izango denaren atarian nola sentitzen zarete?

Hori da, aurtengoa azokaren 20. edizioa izango da eta Ficobarentzako ere berri ona da hori. Azken batean, Euskal Herri guztiarentzako data garrantzitsua izango da, Bioterra oso azoka maitea baita. Bioterrak orain arte oso bilakaera polita izan du eta uste dut etorkizunean ere emateko asko izango duela.

Azken 20 urteetan Bioterrak barnebiltzen dituen sektoreek bilakaera itzela izan dute, ezta?

Hala da. Sektore asko biltzen dituen azoka da. Bioterra 2004an hasi zenean Ficobako pabilioi bakarra hartzen zuen eta 4.000 eta 6.000 bisitari artean izan zituen lehen edizioetan. Gaur egun azokak 10.000 bisitari baino gehiago izan ohi ditu, urte onenean 15.000 bisitari baino gehiago izatera iritsi zelarik. Erakusketarien kopurua ere era nabarmenean hazi da, urte batzuetan 180 baino gehiago izan baitira.

Azoka ekologikoen artean azoka erreferenteetako bihurtzea ez du erraza izan behar?

Ez. Esandako moduan, oso tamaina txikiarekin hasi ginen eta pixkanaka hazten joan gara. Alde batetik, sektoreak horrela eskatzen zuelako eta, bestalde, urtez urte gurekin lan egiten duten erakusketari fidelak ditugulako. Fideltasun hori oso garrantzitsua da guretzako, bai erakusketari zein bisitarien artean. Urtero badira gure lana goraipatzen dutenak eta eskertzekoa da hori.

“Uste dut denok izan gaitezkeela Bioterrako bisitari, ez dago bisitarien profil zehatz bat”

Azoka ekainean egin arren, noiz hasten dira antolaketa lanak?

Gutxi gorabehera sei hilabete lehenago, hori bai edo bai. Hala ere, edizio bat bukatu bezain laster jada hurrengoa prestatzen hasten gara, gutxienez zer eskaini dezakegun pentsatzen. Komertzializazioarekin berriz, hau da, erakusketariekin harremanetan jartzea, azoka hasi baino sei hilabete lehenago hasten dugu.

Zeintzuk izango dira aurtengo edizioaren xehetasunak?

Bioterra, pandemiaren urtean izan ezik, beti data berdinean egin ohi da, ekaineko lehenengo astebukaeran. Ekainaren 5ean ingurumenaren eguna ospatzen da eta horren inguruan hasi ginen Bioterra antolatzen. Aurtengoa ekainaren 2an, 3an eta 4an izango da, ostiraletik igandera. Azoka ostiralean eta larunbatean goizeko 10:00etatik arratsaldeko 20:00ak arte egongo da zabalik eta igandean, aldiz, goizeko 10:00etatik 19:00etara.

Nolakoak izan ohi dira Bioterran parte hartzen duten erakusketariak?

Beti erakusketari berriak erakartzen saiatzen gara, baina baditugu oso leialak diren erakusketariak eta bisitariek zuzenean eskatzen dituztenak. Adibidez, elikaduraren kasuan esanguratsuak dira olioa eta gazta ekartzen dituztenak, beraz, beti dugu horietakoren bat. Guk, gure lanaren barnean, beste azoka batzuk ere bisitatzen ditugu eta sektorearekin harreman estua dugu, Bioterrara gauza berriak ekarri ahal izateko. Erakusketarien arteko gomendioek ere oso ondo funtzionatzen dute, esperientziak partekatuz beraien artean animatzen baitira azokara etortzeko. Guztira, 3 pabiloi betetzen ditugu, bakoitzean hainbat sektore kokatzen dugularik. Lehenengoan bioeraikuntza, energia berriztagarriak eta iraunkortasunarekin loturiko enpresak biltzen ditugu. Bigarrenean, terapia alternatiboak, kosmetika ekologikoa, eta ehungintzarekin loturikoak. Azkenik, hirugarren pabilioian, handienean, elikadura ekologikoarekin loturikoak erakusketariak biltzen ditugu. Bioterrazan bisitariek mokaduren bat jateko aukera eta tailerretan parte hartzeko aukera dute.

“Bioterraren bitartez jendeak ohitura jasangarriak ikastea nahi dugu, gero azokan ikasitako guztia praktikan jarri dezan”

Nolakoa izaten da Bioterrako bisitarien profila?

Bisitarien artean ere bilakaera bat izan da. Batetik, bisitari oso fidelak daude, hasierako edizioetatik hurbildu dena eta orduan militante bat zena. Gaur egun ordea, denok gaude planetaren iraunkortasunaren gaiarekin kontzientziaturik, beraz, orain bisitarien profila zabalagoa da. Uste dut denok izan gaitezkeela Bioterrako bisitari, ez dago bisitarien profil zehatz bat, guztiok dugu ikasteko zerbait. Hortaz, esperientziak partekatzeko elkargunea izan daiteke.

Zeintzuk dira Bioterraren barnean arrakasta gehien izan ohi duten ekintzak?

Urtero ekintza arrakastatsuenak osasunarekin eta elikadurarekin loturikoak izan ohi dira. Bioterrara beti lehen mailako profesionalak ekartzen saiatzen gara. Hitzaldietan mikrobiotika eta tartekako baraua bezalako gaiak lantzen ditugu, orain puri-purian dauden gaiak direnak, baina guk aspalditik lantzen ditugunak.

20. urteurrena ospatzeko nobedaderik izango duzue aurtengo edizioan?

Aurreko edizioetan beti gai jakin bat hartu dugu erreferentzia moduan. Iaz permakultura landu genuen. Aurtengoa 20. urtemuga denez, gai guztiak garrantzitsuak direla pentsatu dugu. Horregatik, hainbat gai jorratuko dituen programa prestatzen ahalegindu gara eta bertan zehaztuko dira ekintza guztiak.

Nola begiratzen duzue Bioterraren etorkizunera?

Guk beti esan ohi dugu arazo handi baten aurrean gaudela, hau da, larrialdi klimatikoa dena. Nahiz eta guk ez dugun arazo hori guztiz konpontzeko soluzioa, gure ekarpena egin nahi dugu. Bioterraren bitartez jendeak ohitura jasangarriak ikastea nahi dugu, gero azokan ikasitako guztia praktikan jarri dezan. Bioterraren barnean gai asko lantzen ditugunez, beti dago zerbait ikasteko aukera eta uste dut denon artean gauzak aldatu ditzakegula.

Elkarrizketaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude