Ficobak Burger Fest jaialdia hartuko du urtarrilaren 30etik otsailaren 9ra

Urtarrilaren 30etik otsailaren 9ra arte, Burger Fest ibilbide gastronomikoko hurrengo geralekua izango da Irun. Ekitaldiak arrakasta handia lortu du beste hiri batzuetan bisitari eta kritika aldetik, eta, orain, gipuzkoarrek izango dute askotariko gourmet eta premium hanburgesak probatzeko aukera, girorik onenean.

Lurraldeko hamabi food truck baino gehiago bilduko dira Ficoban, eta arraza eta heldutasun maila desberdinetako haragiak ekarriko dituzte, baita estilo desberdinak ere (smash burgerrak zein medailoi erako hanburgesak). Horrela, chefek gurpil gaineko sukaldeetan baliatzen dituzten sormen eta irudimenaren araberako osagai konbinazioak aukeratu ahalko dituzte bertaratzen direnek, begetarianoak eta glutenik gabeak barne.

Hanburgesak baino gehiago

Musika ere izango da jaialdian, giroa berotzeko, eta sukaldaritza urbanoaz eroso gozatzeko mahai eta aulki ugari. Gainera, inongo oztoporik gabeko areto klimatizatu eta estali batean egingo da Burger Fest, eta sarrera eta parkinga doakoak izango dira, gazteei eta familiei kalitateko gastronomia dibertigarriaz gozatzeko erraztasunak emateko.

Jaialdiak irauten duen bitartean, askotariko sustapen, eskaintza eta zozketak egingo dira, bertaratzen direnen fideltasuna saritzeko. Edonola ere, hanburgesez gain, food truckek beste aukera batzuk eskainiko dituzte: kroketak, askotariko patata frijituak saltsekin, gazta tartarik onena eta kalitateko beste postre batzuk…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude