Folk musika Bidasoa eskualdeko eszenatokietara itzuliko da abuztuaren 20tik 22ra

Irun, Hondarribia eta Hendaiako udalek, Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoaren bidez, Bidasoa Folk jaialdiaren XX. edizioa antolatu dute, Gipuzkoako Foru Aldundiaren lankidetzarekin. Iazko udan ekitaldia bertan behera utzi ondoren, jaialdiaren antolatzaileek aurten ekitaldia modu seguruan egin dadin lan egin dute, betiere osasun arloko jarraibideak eta neurriak errespetatuz.

Horrela, abuztuaren 20an, 21ean eta 22an, Hondarribian, Irunen eta Hendaian, hurrenez hurren, sei kontzertu egingo dira Folk eta musika garaikidearen munduan erreferentzia diren taldeekin. Bidasoa Folk jaialdiaren XX. edizioan Murtzia, Gaztela-Leon, Bartzelona, Andaluzia, Okzitania, Portugal eta, nola ez, Euskal Herritik etorritako musikariek parte hartuko dute.

Irungo Udalaren izenean, Miguel Ángel Páezek nabarmendu duenez, “2020an ekitaldia bertan behera utzi ondoren, aurten inoiz baino gogo handiagoz gabiltza. Segurtasun neurri guztiak errespetatuz, jaialdi hau berriro antolatzea kalitatezko musikaren eta kultur aberastasunaren aldeko apustu sendoa da, betiere ekitaldiaren mugaz gaindiko izaera ardatz hartuta”.

Kalitatezko programa
Bidasoa Folk Jaialdiak kalitatezko programa izan du beti, ospe handiko musikariekin. Besteak beste, guren izan dira Paco Ibañez, Kepa Junquera, Carlos Nuñez, Ruper Ordorika, Manuel Luna, Mikel Urdangarin, Mª Mar Bonet, Macka B & The Roots Ragga Band, Mayra Andrade, Joao Alfonso, Katia Guerreiro, Quimi Portet, Kalakan, Pedro Guerra, Carla Pires edo Sharon Shannon.

XX. edizioa Hondarribian hasiko da abuztuaren 20an, Irunera jauzi egingo du abuztuaren 21ean eta azken kontzertuak Hendaian egingo dira abuztuaren 22an. Irunen egingo diren emanaldiei dagokienez, abuztuaren 21ean Juan José Roblesek emango dio Bidasoa Folk jaialdiaren bigarren jardunaldiari hasiera. Kontzertua Junkal plazan izango da arratsaldeko 20:00etan. Robles Malvariche eta Mujeres taldeen sortzaileetako bat da, eta, bere ibilbidean zehar, beste talde batzuetan ere parte hartu du. Besteak beste, Paco Muñozen agur-biran (2017-2018) eta SIMFÒNIC Pep Botifarra & Pau Chaferren (2018) ere parte hartu du, baita 30 disko baino gehiagotan ere. Mandolina, lautea, bandurria edo gitarroa dira izen propioa duen proiektu bat sortu duen musikari murtziar honen nortasun bereizgarrietako batzuk.

21:00etan, berriz, Alba Carmonak abestuko du. Musika herrikoiaren eta musika modernoaren artean urteetan zehar mugitu den sustraiko musikaren aztertzailea da. Hainbat artistarekin aritu da, hala nola Perico Sambeat, Carlos Saura, Chano Dominguez, Las Migas edo Mauricio Sotelo. Musikan 18 urtean zehar izandako esperientziek, denboraren joanak eta ama izan berriaren emozioek eragin dute lehen aldiz bere ahotsarekin adierazteko beharra eta ia erabat berak konposatutako lehen diskoa osatzen duten bederatzi abestiri forma ematea.

Irungo kontzertuek aurreko egunean Hondarribiko Kasino Zaharreko lorategian egindako kontzertuei hartuko diete lekukoa. Izan ere, Euskal Barrokensemble taldeak eta La Musgaña & Vanela Muela taldeen emanaldiekin hasiko da jaialdia hirira iritsi aurretik. Abuztuaren 22an, berriz, Bidasoa Folken XX. edizioari Hendaiako Gaztelu Zahar frontoian merezi duen itxiera emateko ardura izango dute Lambrusquera eta Cocanha taldeek.

Segurtasun neurriak eta sarrerak
Kontzertu guztiak segurtasun neurriak errespetatuz eginen dira beti. Hala, Hondarribian gehieneko edukiera 200 pertsonakoa izango da, Irunen 300ekoa eta Hendaian 400ekoa. Sarrerak kontzertu bakoitza hasi baino ordu erdi lehenago hartu ahalko dira gune bakoitzaren sarreran. Tiket zenbakituak emango dira eta jendea banan-banan eseriko da segurtasun tarteak errespetatzeko.

Bidasoa Folk-en espiritua
2001ean sortua, proiektu honen jatorrizko asmoa folk musikako mugaz gaindiko jaialdia antolatzea zen, Hondarribia, Irun eta Hendaiako udalekin lankidetzan, Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoaren bidez.

Udal-lankidetza horri esker, kalitatezko folk musikaren jaialdia aurkezteko ahalegin guztiak bateratu ahal izan dira, doako kontzertuen bidez, askotariko ikusleak erakartzeko: Bidasoako herritarrak eta bisitariak, gazteak eta ez hain gazteak, zaleak…

Jaialdi honi esker, Bidasoa Txingudi eskualdeak kulturaren eta turismoaren arloan interes berezia sortzen du, eta, aldi berean, hainbat herrialdetako musika eta tradizioak balioesten dira. Gainera, jaialdi honen kultura- eta musika-aniztasunak Bidasoa-Txingudiko kultura-aniztasuna nabarmentzeko aukera ematen du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude