Aurreko asteetan zehar entzundako oharpen eta gomendio guztien ostean, G7aren ekaitza Bidasoako eskualdetik igaro da, atzetik bere arrastoa utziz. Istilu aipagarririk izan ez bada ere, eskualdeko biztanle eta dendarien mugimenduak, eguneroko bizimoduak zein ekonomiak kalteak jasan dituzte.
G7a igaro ostean, goi-bilkurak Biarritz zein inguruko eskualde, hiri eta herrietan utzitako ondorioen balorazioa egitea tokatzen da. Jose Antonio Santano Irungo alkateak irundarrek izandako portaera eta pazientzia eskertu zuen gailurra amaitu osteko egunean. Zentzu horretan, dena behar bezala ateratzeko elkarlanean aritu diren erakundeei eskerrak eman dizkie, alkatearen hitzeran, hirian goi-bileraren ondorioak erarik txikienean nabaritzea lortu baitute haien lanaren bitartez.
Trafikoaren normaltasuna jokoan
Abuztuaren 24tik 26era gailurra Biarritzen antolatu bada ere, segurtasun neurriek inguruko hirietan eragin nabarmena izan dute. Irungo hiriaren muga izaera dela eta, trafikoa bilerak sor zezakeen arazo larrienetako batean bihurtzea espero zen, mugaren itxiera eta auto-ilara kilometrikoak aurreikusiz. Izan ere, asteburu horretan, Itzulera Operazioak mugitzen dituen ibilgailu kopuru handiak mugan ezarritako kontrolekin errepideak kolapsatzea gerta zitekeen.
Aurreikuspenak aurreikuspen, azkenean, goi-bilera martxan izan den egunetan zehar ez da auto-pilaketa luzeegirik antzeman. Hala ere, egia da, G7 goi-bilera hasi aurreko egunetan, arazo gehiago izan zirela. Hain zuzen ere, abuztuaren 22an, ostegunean, 10 km-tako auto-ilarak sortu ziren eta abuztuaten 23an, berriz, muga 45 minutuz itxita egon zen. Hortaz, Bidasoa eskualdeko biztanleek muga gurutzatzeko zailtasunak izan zituzten. Beñat Larrukert irundarrak azaldu duenez, “egun horietan zehar senide eta lagunek muga gurutatzeko arazoak izan dituztela entzun dut”.
Arazoak murrizteko asmoz, Irungo Udala Eusko Jaurlaritzak martxan jarritako “Muga” planean elkarlanean aritu da. Gailurra amaitu ostean, ordea, trafiko arazoak sortu dira berriro kamioei ezarritako murrizketak bertan behera gelditu bezain pronto. Ibilgailu pisutsuak errepidera bueltatzerakoan ilarak saihesteko asmoz, Trafiko Zuzendaritzak abuztuaren 25tik 26rako gauean ordu batzuez kamioen zirkulazioa debekatzen zuen neurria ezeztatu arren, ez da lortu hurrengo astelehenko auto-pilaketak saihestea.
Prebentzioa neurriak edonon
Ezjakintasunari aurre egiteko prebentzioa izan da neurri nagusia. Errepideetan sor zitezkeen konplikazio posibleen aurrean adibidez, DYA eta Gurutze Gorriak zebitzu bereziak prestatu zituzten autobideetan harrapaturik gera zitezkeen pertsonen oinarrizko beharrak asetzeko. Honela, AP8 inguruan arreta-puntu moduan funtzionatuko zuten karpak ipintzeaz gainera, Hernaniko Kiroldegia edo bestelako espazioak egokitu dira, auto pilaketetatik ihes egin nahi zuten bidaiariei atseden hartzeko lekua eskaintzeko.
Bestelako arlo eta sektoreetan ere prebentzio neurriak hartu dituzte. Esaterako, Bidasoa Eskualdeko Ospitalean ohikoa baino langile gehiago kontratatu ziren errefortzu moduan, asteburuan zehar sor zitezkeen konplizazio posibleei aurre egin ahal izateko. Hortaz gain, oporretan zeuden langileekin harremanetan jarri dira, beharrezkoa izanez gero, ospitalera laguntzera hurbiltzeko haien prestutasuna ezagutzeko.
Merkataritzan ondorioak
Segurtasun kontrol etengabe eta auto-ilarek eskualdera bisitari gutxiago hurbiltzea eragin dute. Ondorioz, Irungo ekonomiak, zehazki, merkataritza, ostalaritza eta garraioen sektoreak galera garrantzitsuak izan ditu abuztuaren azken aurreko asteburuan. Izan ere, garai honetan, Frantziatik zein beste leku batzuetatik etorritako bisitariak igaro ohi dira eskualdetik haien erosketak bertan egiteko eta galera hauek udako denboraldiaren datuetan eragin nabarmena izan dezaketela uste dute hiriko dendariek.
Kontragailur biribila
Kontragailurra G7aren beste aurpegia erakutsi zuen Fiboban abuztuaren 21etik 23ra. Alternatives G7 eta G7 Ez plataformek elkarlanean antolatutako 98 tailer edo konferentzietan guztira 6.000 pertsonek parte hartu zuten. Kontragailurraren barnean antolatutako ekitaldi guztiak era baketsuan aurrera eraman dira, antolakuntzatik aurreikusi moduan. Ekitaldi guzti horiek antolatu ahal izateko lanean aritu diren 300 laguntzaile eta 200 hizlarien kolaborazioa ezinbestekoa izan da. Gainera, 300 kazetari akreditatu ziren munduari kontragailurraren barnean antoaltutako jardueren berri emateko.
Abuztuaren 24eko mobilizazioa
Abuztuaren 24tik Hendaiatik Irunerako bide zeharkatu zuen milaka pertsona bildu zituen mobilizazio erraldoi batek. Bertan, adin, jatorri eta pentsa ezberdinetako pertsona ugari bildu ziren G7aren kontrako iritzia adierazteko. Deigarria da, bertako biztanleez gain, Euskal Herriko bazter guztietatik etorritako pertsonak elkartu zirela bertan. Adibidez, Marisa Tortilla Bilbotik etorri da Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak mobilizazioaren arira antolatutako autobusen bitartez. Aupegian irribarrea nagusi zuela honako adierazi du Marisak: “Oso hunkigarria egin zait 10 urte inguruko haur talde bat, pankarta bat eskuetan zutela, G7aren kontra ohiuka ikustea”.
“Oso hunkigarria egin zait 10 urte inguruko haur talde bat,
pankarta bat eskuetan zutela, G7aren kontra ohiuka ikustea”
Marisa Tortilla, Bilbotik etorritako manifestaria
Kanpotik etorritako bisitariez gainera, Bidasoaldeko biztanleek haien sumindura adierazteko aukera aprobetxatu dute ere. Beñat Larrukert irundar gaztearen iritziz, “batzartu direnen aurren guk ere gure iritzia dugula aldarrikatu nahi izan dugu”. Horrela, erabakiak hartzeko herritarren eskubidea nabarmendu du Beñatek politikariek bilatutako ikusgarritasunaren aurrean.
Ideia ezberdinen elkargune
Milaka pertsona elkartzea lortu zuen mobilizazio honetan kutsu guztietako ideiak elkartzea lortu zuen. Adibiez, Jose Antonio Ejido bere lagun taldearekin Donostiatik hurbildu zen mobilizaziora Venezuelako herriari babesa erakusteko asmoz. Ejidok Donald Trump seinalatu zuen munduko herrien eta bakearen etsai nagusi bezala. “Europa zein Espainiako konstituzioetan aurreikusten diren manifestazio eta zirkulazio eskubideak etengabe urratzen diren arren, gaur milaka pertsona biltzea espero dut”, adierazi zuen Ejidok mobilizazioa abiatu aurretik.
“Biarritzen agintariek boterea banatzen duten bitartean,
Mediterraneoan jendea etengabe hiltzen ari da”
Olga Liebar, Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako kidea
Bestetik, Olga Leibar Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformarekin batera hurbildu zen mobilizazioa, migratzaileek Mediterraneoan pairatzen duten sufrimendua eta arriskua autoritateen aurrean ikustarazteko. Olgaren esanetan, “Biarritzen agintariek boterea banatzen duten bitartean, Mediterraneoan jendea etengabe hiltzen ari da”. Leibarrek gaineratu zuen premiazkoa dela arazo honen aurrean neurriak hartzea, izan ere, etorkizunean Europa orain haiek jasaten duten egoera berdinean egotea gerta daitekeelako.
Aurpegi ezkutua
Mobilizazioaren antolaketan zein bestelako zereginetan lanean dabiltzan profesionalak gelditzen dira manifestazioaren aurpegi ezkutuan. Mobilizazioa era egokian gauzatu zedin, besoan lazo berde batekin identifikatutako boluntarioak lanean aritu dira ibilbide osoan zehar bakea eta lasaitasuna bermatzeko. Miren Etxebeste bolondres horietako bat izan da eta horrela laburbildu zuen haien zeregina, “dena krontrolpean edukitzen saiatu behar gara, poliziak bere lana egiteko beharrik izan ez dezan”.
“Batzartu direnen aurren guk ere gure iritzia dugula aldarrikatu nahi izan dugu”
Beñat Larrukert, gazte irundarra
Era beran, gertatutako ahotsa emateko, muduko leku ezberdinetatik etorritako milaka kazetari eta komunikabide hurbildu ziren eskualdera. Nafarroako Ahotsa.info hendabideko kazetariak azaldu zuenez, “G7 gailurraren kontra antolatutako hitzaldi eta mobilizazioei ere ahotsa eman nahi izan diegu”. Lan egun gogorrak izan dira ekitaldi eta gertakari guztiei buruzko informazioa bildu ahal izateko, baina, zeinek daki etorkizunean antzeko neurriak eta mobilizazioak eragingo dituen gertakaririk izango ote de Irunen.